Senerrek eta Petronorrek elektrolizagailuen lantegi bat jarriko dute Bizkaian

Bazkide teknologiko bat dute, eta begi onez hartuko lukete Jaurlaritza ere sartzea. Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektuak hornituko ditu lehenik

Jorge Sendagorta Senerreko kontseilari ordezkaria eta Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko lehendakaria, atzo, Muskizen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen zutabeetako bat abian jarri dute Petronorrek eta Senerrek. Bizkaian elektrolizagailu alkalinoen lantegi bat egiteko akordioa sinatu zuten atzo, findegiaren Muskizko egoitzan. Uretik hidrogenoa bereizteko aparailuak dira elektrolizagailuak, eta, modu berriztagarrian sortutako argindarra erabiliko dutenez, hidrogeno berde edo garbia sortuko dutela diote bultzatzaileek. 120 milioi euroko inbertsio bat izango da; aurten hasiko dira eraikitzen, eta 2022rako hasiko da lanean, erabat bukatuta ez egon arren. Hasieran 50 edo 60 langile inguru izango dituela kalkulatu dute, baina aurrerago ehunera ere iritsiko dira, eta «kalifikazio handikoak» izango dira, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko lehendakariak zehaztu zuenez.

Lantegia zehazki non jarriko duten ez dute esan, baina aukera handia dago Portugaleten izateko, hori baita, Jorge Sendagorta Senerreko kontseilari ordezkariaren arabera, gaur egun aztertzen ari diren bi kokaguneen artean «gustukoena».

Hautatua Portugalete izango balitz, lehen elektrolizagailuak joango diren lekuetatik oso hurbil egongo litzateke, denak baitaude Bizkaiko Ezkerraldearen bueltan. Izan ere, 2022. urtearen amaierarako espero dute lehen makina izatea, bi megawattekoa, eta Abanton eraikitzen ari diren parke teknologia energiaz hornitzeko baliatu nahiko lukete. Urtebete aurrerago, 2023 bukaeran, hamar MWekoa izatea nahiko lukete, eta Bilboko portuan Petronorrek, Enagasek eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak jarriko duten erregai sintetikoen lantegirako izango litzateke.

Denbora gehiago beharko lukete 100 MWeko elektrolizagailua prest izateko, 2025erako edo 2026rako. Azken hori Petronorren findegiaren hidrogeno berdearen beharrak betetzeko erabili nahi dute, baina baita BH2Cko beste proiektuetarako ere.

Petronor proiektuaren bultzatzaileetako bat den arren eta lehen makinak harentzat diren arren, hidrogenoa behar duten beste bezero «nazionalentzat eta internazionalentzat» egingo dituela argitu zuen Sendagortak. «Espainiak elektrolizagailu lehiakor bat izatea da helburu», gaineratu zuen Lopez Atxurrak. Horretarako, badute bazkide teknologiko bat: Belgikako John Cockerill ingeniaritza enpresa. Itxi gabe dute proiektuaren jabetza nola banatuko duten, eta Eusko Jaurlaritza tartean izatea begi onez ikusiko luke Lopez Atxurrak. Gogorarazi duenez, Jaurlaritzak, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, «betidanik hartu du parte proiektu berritzaileetan», eta eite horretakoa da atzo aurkeztutakoa.

Kontua da agian Jaurlaritzak badituela beste plan batzuk, Petronor-Senerrena ez delako zertan izan Euskal Herrian jarriko den lantegi bakarra. Iberdrolak eta Ingeteamek Iberlyzer enpresa sortu dute, bien artean elektrolizagailuak egiteko. Hirugarren bazkide baten bila ari dira,eta Eusko Jaurlaritza izan daiteke hura. Fabrika «Euskadin jartzeko ahaleginak» egingo dituela agindu du Jose Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, baina azken erabakia Jaurlaritzaren esku zegoela iradoki du.

EBren funtsekin, edo gabe

Lopez Atxurrak ukatu egin zuen elektrolizagailuen lantegia EBren diruak xurgatzeko proiektu bat dela. Azaldu zuen 2019an ekin ziotela proiektuari, ikusi zutelako Europako Batzordeak leku berezia eman nahi ziola hidrogenoari energia sektorearen deskarbonizazio prozesuan. «Deskarbonizaziorako estrategia beharrezkoa da; ez dago suspertze funtsei lotuta: ez da marketin operazio bat». EBren laguntzarik gabe, «proiektuak aurrera jarraituko luke», ziurtatu zuen. Hori bai, gaineratu zuen «arduragabekeria» izango litzatekeela halako proiektu bat Next Generation funtsetatik kanpo geratzea, bete-betean datorrelako bat EBren estrategiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.