Ekarpen lege berria indarrean nahi dute 2022ko aurrekontuetarako

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek testu berria adosteko egindako ahalegina azpimarratu dute. Arabak eta Gipuzkoak ontzat jo dituzte aldaketak, eta hamar urteko eztabaida itxitzat jo dute horrela

Finantzen Euskal Kontseiluaren ezohiko bilera egin zuten atzo, Gasteizen. Irudian, erakundeetako ordezkariak bilera hasi aurretik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Ekarpen legearen auziak tentsioa sortzen zuen lurraldeen artean, herriak merezi ez zuena eta behar ez genuena. Horregatik nago gaur bereziki pozik. Barruan nuen arantza bat atera dut». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzek ongi islatzen dute ekarpen lege berriak irudikatu nahi duen inflexio puntua. Ia hamar urtez foru aldundien desadostasunen iturri izan den eztabaida itxiko du. Orain arte, bereziki kexu ziren Arabako eta Gipuzkoako ordezkariak, eta konforme agertu dira sistema berriarekin, eta eztabaida guztiak lurperatzeko prest.

Finantzen Euskal Kontseiluaren ezohiko bilera izan zuten atzo Gasteizen, eta gai bakarra zuten mahai gainean: ekarpen lege berriaren akordioa. Hiru aldundiek eta Jaurlaritzak berretsi egin zuten iragan astean iragarritako akordioa. Ordu erdiko tramite bilera nahikoa izan zuten ia hamar urteko eztabaidari amaiera emateko.

Pozik azaldu zen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua, uste baitulege berriak «sendotasuna eta ziurtasuna» emango diela kontu publikoei, «ekonomia suspertzera eta enplegua sortzera bideratuta dagoen agertoki ekonomikoaren une erabakigarri honetan». Ituna lortzeko erakundeek erakutsitako konpromisoa nabarmendu zuen, eta ziurtatu zuen testu berriak guztien aldarrikapenak jasotzen dituela.

Nolanahi ere, akordioa bera baino gehiago, adostasuna lortu izana goraipatu zuten diputatu nagusiek. «Gaurko eguna akordioaren eguna da», esan zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Pozik azaldu zen, eta ez da gutxiagorako, bai baitaki sistema berriak ez duela aldaketa handirik ekarriko diru banaketan, eta horri esker ez diola askorik eragingo Bizkaiaren orain arteko jardunari. Talaia horretatik hitz egin zuen: «Denok irabazi eta galdu dugu zerbait; horrela lortzen dira akordioak».

Olanok gogorarazi zuen, halere, ituna egitea ez dela erraza izan, baina ados jartzeko erakundeek izandako «malgutasuna» nabarmendu zuen: «Bazeuden arazo teknikoak eta arazo politikoak, baina ardura bat geneukan, eta iritsi gara helburu horretara». Era berean, ontzat jo zuen egokitzapenerako funtsa handitu izana. Hain zuzen ere, hori bera proposatu zuen 2019an, ekarpen legea berritu ezean hori zelakoan Jaurlaritzak eta Bizkaiak diru gehiago jartzeko bidea. Baina, horren ordez, ezohiko funtsa eratu zuten. Orain, berriz, zorroa %50 handitzea onartu dute, eta ontzat jo du hori. «Azken urteetan kaltetuenak izan direnek irabaziko dute, segurtasun handiagoa ematen duelako. Tresna egokia da guztiontzat», azpimarratu zuen.

Ramiro Gonzalezek ere kolpean uxatu zituen zalantza guztiak: «Araba pozik dago lortutako akordioarekin». Eta ahaldun nagusiak ere goraipatu egin zuen orain bi urteko aldaketa hari «lege izaera» eman izana, haren hitzetan, «mugarria» delako Arabarentzat. Adierazi zuen adostutako testuak egungo ereduari eusten badio ere «hobekuntzak» jasotzen dituela, eta uste du aldaketa horiek baliagarriak izango zaizkiela ekonomiaren susperraldiari aurre egiteko: «Akordioak egonkortasuna ematen du, eta agerian uzten du euskal erakundeek hitz egiteko eta elkar ulertzeko duten gaitasuna».

Gorka Urtaranek testu berria goraipatu zuen. Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak gogorarazi zuen aurrerantzean udalek partaidetza handiagoa izango dutela ogasunek itunduak dituzten zergetan. «Udal legearen ondoren, gaurko akordio hau euskal udalgintzaren mugarririk garrantzitsuenetako bat da», esan zuen.

EH Bildu, kritiko

Lege berriak ez du oposizioa asebete, ordea. EH Bildu kritiko azaldu zen proposamen berriarekin; izan ere, koalizioaren ustetan udalei ez die «modu nahiko eta egonkorrean» bermatzen beren eskumenak gauzatzeko behar duten finantzaketa. Eta salatu zuen Eudel testu berriaren negoziaziotik kanpo utzi dutela.

Iñigo Urkullu lehendakaria, berriz, pozik azaldu zen. «Mugarri bat da. Euskal erakunde guztioi utziko digu 2022ko urtarrilean ziurtasunean oinarritutako aurrekontuekin abiarazten». Jaurlaritzak aurreikusi du uztailaren 27ko gobernu kontseiluan onartzea legea. Handik Legebiltzarrera bidaliko dute, onartua izateko. Urrirako indarrean nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.