Nuklearra eta gas naturala inbertsio berdetzat hartzea nahi du Bruselak

Europako Batzordeak hobetsi du energia iturri bakoitzean Frantziaren eta Alemaniaren eskakizunak aintzat hartzea. Sei hilabete inguruko epea dago inbertsio iraunkorren zerrenda aurrera ateratzeko

Alemania iparraldeko Emmerthal herrian den zentral nuklearra itzaltzeari ekin dio Preussen Elektrak. FOCKE STRANGMANN/ EFE.
joxerra senar
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Aldez aurretik hainbat ahotsek aurreratutakoa egin du Europako Batzordeak. Ingurumenari zer inbertsiok egiten dioten mesede zerrendatzeko eztabaida prozesuan dihardu azken hilabeteetan, eta ezagutarazi den azken zirriborroan energia nuklearra eta gas naturala berdetzat jotzea proposatu du. Etiketa berdea jasoko lukete 2045erako eraikitzeko baimena lortzen duten energia nuklearreko instalazio berriek, eta 2035erako eraikiko diren gas natural bidezko eta «CO2 emisio apaleko» ziklo konbinatuko plantek. «Batzordeak uste du gas naturalak eta nuklearrak rol bat jokatzen dutela berriztagarrien etorkizun bateranzko trantsizioa errazteko bitarteko gisa», arrazoitu du Bruselak.

Taxonomia horren osaerari begira, eztabaida gori-gori dago herrialdeen artean. Izan ere, herrialde talde batek, Frantziak nagusiki, adierazi du nuklearrak zerrenda horretan egon behar lukeela; aitzitik, Alemania eta beste lau herrialde nuklearraren kontra irmo azaldu badira ere, gas naturalak zerrendan egon behar lukeela adierazi dute. Espainiaren edo Portugalen modura, badira bata zein bestea zerrendatik at egon behar luketela uste dutenak ere, baina Bruselak funtsean Frantziaren eta Alemaniaren eskakizunak aintzat hartzea hobetsi du. Aipatu du estatu kideen artean alde handiak daudela erabilitako energia iturrien artean. «Hain posizio desberdinetatik neutraltasun klimatikorantz joateko modua egingo du taxonomiak».

Oraindik ere sei hilabete geratzen zaizkio proposamen horri. Lehenik eta behin, aurretik, taxonomiaren osaeran parte hartu duen finantza iraunkortasunerako aditu teknikoen taldeak ekarpenak egingo ditu, urtarrilaren 12a baino lehen. Ekarpen horiek aztertu ostean, Bruselak EBko Parlamentura eta Kontseilura igorriko du. Bi erakundeek proposamena egiteko agindua eman zioten Europako Batzordeari, eta sei hilabete inguruko epea izango dute, egoki ikusiz gero, atzera botatzeko. Horretarako, baina, indar korrelazio berezia eskatuko zaie: kontseiluaren kasuan, biztanleen %65 eta gutxienez herrialdeen %72 ordezkatuko duten estatuak batu beharko dira —hots, 20 estaturen botoa beharko da gutxienez—; Legebiltzarrean, berriz, parlamentarien gehiengoa beharko da.

Horrek ez du esan nahi proposamena bere horretan onartuko dela, nuklearra berde izendatzeak hautsak harrotu baititu herrialdeen artean. «Erabateko hutsa deritzot Europako Batzordeak energia nuklearra jarduera ekonomiko iraunkorren taxonomian sartu izanari. Erreaktore baten istripu batek ingurumen hondamendi larriak eragin ditzake, eta erradioaktibitate handiko hondakin kopuru handiak eragiten ditu. Energia mota horri ezin zaio iraunkor deitu», adierazi du Steffi Lemke Alemaniako Ingurumen ministroak. Iragan astean, urte amaierarekin batera, hiru instalazio nuklear itzaltzeko prozesuari ekin zion, eta 2022an urrats bera egingo du beste hiru plantekin.

Alemania ez bezala, gas naturala ere berde izendatzearen aurka azaldu dira Espainiako eta Austriako gobernuak. Leonore Gesweller Austriako Ingurumen ministroak Bruselari egotzi dio bi energia iturri horiei «aurpegia garbitzea»: «Biak dira ingurumenarentzat kaltegarri; biek suntsitzen dute gure seme-alaben etorkizuna». Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak ez du kritikatzen bietan inbertsioak egitea, baina bai horiek berdetzat hartzea. «Ez du zentzurik».

Greenpeaceren kritika

Greenpeaceren arabera, energia mota horiek «toxikoak eta garestiak» dira, eta, horregatik, proposamena aurrera ateraz gero, «benetako mehatxua» izango da trantsizio energetikoarentzat. «Enpresa kutsakorrak pozarren egongo dira EBren zigilua lortuta dirua erakarriko dutelako planeta suntsitzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.