DSBEak baldintza malguagoak eta zenbateko handiagoak izango ditu

Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentaren lege proiektua onartu du. Babes sistema «eskuragarriagoa» eta «eraginkorragoa» egin nahi dute. Urte berriarekin martxan nahi du Mendiak

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua, atzo, lege proposamena aurkezten. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) «eskuragarriagoa» eta «eraginkorragoa» egin nahi dute, kaltebera diren kolektiboei laguntzeko: adingabeak dituzten familiei, guraso bakarreko familiei, adingabeak dituztenei eta pentsiodunei bereziki. Horretarako, babes sistemaren kudeaketa arindu, baldintzak malgutu eta prestazioaren kopuruak handitu egingo dira. Hala jasotzen du Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak atzo aurkeztu zuen DSBE berriaren lege proiektuak.

Testuak bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa ere jasotzen du lehen aldiz, gainera. Sailburuaren ustez, egungo babes sistema «indartu» egiten du horrek. «Euskal babes sistema gure inbertsiorik onena izan da azken 30 urteetan, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu, eredu arinago, modernoago eta argiago batekin», esan du Mendiak.

BALDINTZAK

Jaurlaritzak nahi du diru laguntza behar gehien duten ahalik eta herritar gehienengana heltzea, eta, horretarako, prestazioa jaso dezaketenen baldintzak malgutu egin ditu. Baldintza nagusiari eutsi egingo zaio aurrerantzean ere, hau da, 23 urte izatea gutxienez eta hiru urtez erroldatuta egotea. Bi urtera jaitsiko da adingabeak dituzten familien kasuan, halere.

Aldiz, nahikoa izango dute erroldatuta egotea «terrorismoaren biktima» izendatutakoek, errefuxiatuek eta genero indarkeriaren edota sexu esplotazioaren biktima diren emakumeek. Erraztasunak emango zaizkie %33rainoko desgaitasun fisikoa dutenei ere.

Etxebizitza berean bizi diren bizikidetza unitate batek baino gehiagok jaso ahalko du laguntza; hau da, elkarrekin bizi baina familia harremanik ez dutenak ere onuradun izan daitezke aurrerantzean. Hala ere, «koefiziente murriztaile» bat aplikatuko da kasu horietan, «gastu batzuk partekatzen dituztelako». Bananduta dauden bikoteek ere adingabe bat izateagatik dagokien prestazioaren osagarria osorik jasoko dute; erdi bana dagokie orain. Hala, guraso bakarreko familiaren ideia «birdefinitu» da.

KOPURUAK

Zenbatekoa da beste berritasunetako bat: handituko egingo baitira prestazioak. Kopurua urtero eguneratuko da aurrekontuen eta KPIaren arabera (nahiz eta soilik erreferentzia gisa hartuko duten), eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera hartuko da oinarri gisara: 491,63 euro da aurten oinarria, eta familia bakoitzak osagarriak jasoko ditu gero bere ezaugarri eta baldintzen arabera. Hala ere, orain baino zertxobait gehiago jasoko dute denek: adingabeak dituzten familien kasuan %40 gehiago ere jaso dezakete, eta %12-%15 gehiago pentsiodunek.

Gaur egun, gehienez 727 euro jasotzen dituzte norbanakoek, eta 934 euro bikoteek; orain, berriz, 737,45 euro eta 983,26 euro jasoko dituzte. Familien kasuan, 1.033 eurotik gehienez 1.425,72 eurora igaroko dira. Ezabatu egingo da familia bakoitzeko gehienezko pertsona kopuruaren muga, halaber.

Pentsiodunei ere handituko zaizkie sariak: bakarrik dauden pentsiodunek 934,1 euro jasoko dute (835 euro lehen), eta bikotekideetako bat pentsioduna den kasuetan, 1.179 euro (1.043 euro lehen).

KONTROLAK ETA ZIGORRAK

Laguntza mugarik gabe aitortuko zaie onuradunei, eta ez dute bi urtetik behin eskaera berritu beharrik izango, orain arte bezala. Hori bai, kontrolak zorroztu egingo dira: Lanbideko ikuskatzaile talde batek hiru hilabetean behin gainbegiratuko du baldintzak betetzen direla. Arau hauste larrien kasuan, laguntza berriz ez jasotzeko ezintasuna ere aurreikusten du legeak.

Hala ere, adingabeak dituzten familien kasuetan, saria ez da osorik kenduko. Eta kontziliazioa lan eskaintza bati uko egiteko arrazoi gisa ere onartuko da.

LEGEBILTZARREKO BIDEA

Mendiak adierazi du proposamena legebiltzarrera bidali duela dagoeneko. Aitortu du, hala ere, prozesu «luzea» izan dela; hori dela eta, tramitazioa «azkar» egiteko eskatu du. Horretarako, uztaila gaitzeko ere galdegin du sailburuak. Jaurlaritzak lege berria Gabonetarako onartuta egotea nahi du, urte berriarekin martxan jartzeko. Mendiak adierazi du Lanbide prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.