Petrolioa Kongoren bihotzean

Kinshasak 30 petrolio eta gas hobi enkantean jarriko ditu aste honetan. Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute gobernuak ez duela neurri nahikorik hartu ingurumena babesteko

Deforestazioaren bilakaerari buruzko azken txostenaren arabera, Kongok bere basoen %35 galdu zituen 2001etik 2021era. OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Aste honetan, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak enkantean jarriko ditu 27 petrolio hobi eta hiru gas hobi, eta, hala, martxan jarriko du petrolio ekoizpenaren esplorazioa. Hemen inork ez du zalantzan jartzen Kongoko baso eta lurren aberastasunek kongoarren bizi baldintzak hobetzeko baliatu behar direla, baina gobernuaren bat-bateko ekinaldi horrek kezka piztu du ingurumenaz arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeen artean.«Ez dituzte aurretiazko baldintzak bete!», salatu du Floribert Masanik, Reseau CREF erakundeko zuzendariak: «Ezin da bermatu komunitateak, nazioak edota ingurumenak berak petrolio ustiaketatik onurarik aterako dutenik».

Kongoko Gobernuak klima larrialdiaren aurkako konponbide gisa aurkeztu zuen bere burua COP26an. Baina gauza bat esan eta beste bat egitea egozten dio Masanik. Kinshasak 2.154 milioi euro lortu zituen Glasgown, bere baso eta zohikaztegiei esker planeta guztiari ematen dizkion ekosistema zerbitzuen ordainetan. Era berean, agindu zuen ekonomia iraunkorra sustatuko zuela, eta herritarren artean banatuko zituela, basoen eta biodibertsitatearen onuretatik lortutako irabaziak.

Beldurrak eta susmoak

Masaniren esanetan, aberastasunak ustiatzen hasi baino lehen, nola egin behar den birplanteatu beharra dago. Moandan, 1974az geroztik ateratzen dute urre beltza, baina etekinak gutxi batzuentzat dira, eta nekazariek mandiokarik ere ezin dute ekoitzi, lurrak oso hondatuta daudelako.

Energia ministroak dio bestelaustiatuko direla petrolio hobiak. Haren esanetan, hobiak ez daude eremu babestuetan, eta, hala ere, ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eragite aldera, agindu du erauzketa teknologia berriak erabiliko dituztela, baina xehetasun gehiagorik eman gabe.

Eragile askok ez dute sinesten gobernuak esandakoa. Irene Wabiwak, Greenpeacek Kongon duen ordezkariak, zera dio: «Gaur egun, inozoa da pentsatzea Kongok modu zentzuzko edo iraunkor batean ustia ditzakeela basoak. Kudeaketa hori bermatzeko tresna eta bitartekoak eskuratzetik urrun dago. Izan ere, arau bihurtu ditu legez kanpoko baso ustiaketa eta zigorgabetasuna».

Ogasun Ikuskaritza Nagusiaren txosten bat aipatu du Wabiwak adibide gisa. Dokumentuak berresten du 2016tik ingurumen ministroek basoak ustiatzeko baimenak eman zituztela, legedia urratuz. Ekintzaileak azaldu du gobernuz kanpoko hainbat erakundek eskatu zutela baimen horiek bertan behera uzteko, eta errudunak zigortzeko. Baina legez kanpoko baimen batzuk etetera mugatu zen Ingurumen ministroa.

Salaketa hartan parte hartu zuen CODELT erakundeak ere. Bertako kide Augustin Mpoyiren esanetan, baliabideen legezko kudeaketa bultzatu behar da, basoei dagokienez bereziki. Alde horretatik, baikor dago Mpoyi: «Egungo gobernuak ikuspegi berri bat dakarrela dirudi. Iraganeko arduragabekeria eta akatsetatik ikasiz, ingurumenaren eta garapen sozioekonomikoaren arteko oreka lantzeko agintzen du legeak, eta bide hori jorratzen lagundu behar diogu».

Hala ere, gobernantza, edo horren defizita, politikari eta adituek adierazitako asmoen arabera bainoago, euren errealitatean oinarrituta epaitzen dute eragile gehienek.

Tshopo eskualdeko Basoko barrutian Txinako dragek egiten duten urre ustiaketa dakar gogora Masanik: «Teknika ekozida bat erabiltzen dute; arrainak, intsektuak eta biodibertsitatea suntsitzen dituzte; komunitatea are txiroago uzten dute, eta ingurumena, kutsatuago».

Cyrille Adebu Kinsanganiko ingurumen arloko eragileak salatu du ez direla errespetatzen legeak eta ingurumena, eta ez dagoela kontrolik. Gobernuak ez du kaleratu ingurumen inpaktuaren azterketarik. Meatzaritza eta Ingurumen ministroek urte hasieran agindu zuten ustiaketa jarduera hori geldiarazteko, baina, ordutik, dragak ugaritu egin dira, eta gau eta egun egiten dute lan.

Deforestazioaren bilakaerari buruzko azken txostenaren arabera, Kongok bere basoen %35 galdu zituen 2001etik 2021era, eta lehen basoen %5,6 suntsitu.

Kontsulta

Kongoko ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko Alerta erakundeko Olivier Ndoole abokatuaren esanetan, herritarren edo estatuaren izenean baliabide naturalak ustiatzeko prozesu bat modu arduratsuan, gardenean eta demokratikoan egin behar da. «Herritarrei galdetzea ezinbesteko baldintza da, batez ere petrolioaren eta gasaren ustiaketari dagokienez, bizitzan eragin negatibo handia dutelako».

Hobien enkanteak eremu babestuak ere hondatuko dituela uste dute Ndoole eta Masanik. Cuvette-Centralen bederatzi hobi daude, hango baso tropikalek biodibertsitate izugarria badute ere. Munduaren tenperatura zaintzen duten zohikaztegiak ere hantxe daude, nahiz eta oraindik ez duten estatus juridikorik.

Ndoolerek uste du Graben Albertineko bi hobiek kalte egingo diotela Virungako parke nazionalari. «Biztanleriaren ikuspegitik, petrolio ustiapenak ez du ezer bermatzen, ez ekonomian, ez arlo sozialean. Biztanleriaren %90 nekazaritzatik eta arrantzatik bizi dira. Nork onartuko du bere lurrak galtzea ministro batek enpresa bati petrolio hobia saldu diolako?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.