2021. urteko suspertzea erdibidean geratuko dela iragarri du BBVAk

'Zertan den Euskadi' txostenaren arabera, BPGa %10,5 hondoratuko da aurten, eta %5,8 handituko da datorren urtean. Krisia dela eta, 22.000 enplegu galduko dira

Harreman sozialak murrizteko azken neurriek beste kolpe bat emango diote ekonomiari. Irudian, Durangoko kale bat , iragan asteburuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ohe ondoan gaixoaren diagnostikoa errepasatuz doan medikua bezala aritu zen atzo BBVA Researcheko ekonomista burua, Rafael Domenech, Zertan den Euskadi txostena aurkezten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren analitikaren emaitzak ez dira onak. 2020. urtean, barne produktu gordina %10,5 murriztuko da, eta 2021erako errebote murritza espero dute, %5,8ko hazkundea. Baikorragoa da, esaterako, Jaurlaritza, antzeko uzkurtze bati (-%10,1) errebote handi batek (+%8,9) jarraituko ziola iragarri baitzuen iraileko azken berrikuspenean. Edonola ere, Domenechen analitikan enpleguak ditu izartxo gehien: 2020-2021 biurtekoan 22.000 lanpostu inguru galduko dira, eta langabezia tasa %10,8ra igoko da 2021ean.

Krisiaren sintoma batzuk agerikoak dira. Kontsumoa asko uzkurtu zen lehen seihilekoan, osasun egoeraren, konfinamendu neurrien eta urruntze sozialaren eraginez. Horren erakusle, kreditu zein zordunketa txartelekin egindako gastua; hurrenez hurren, haiekin egindako gastua %67 eta %49 murriztu zen pandemiaren garairik gogorrenetan.

Kutsatzeak gutxitu eta murrizketak malgutzearekin batera, susperraldi handia iritsi da, besteak beste, kreditu politiken eta neurri fiskalen bultzadak lagunduta. Hala ere, ez da berdina izan guztientzat. Izan ere, gaixoaldiaren lehen fasearen ondoren, pazientearen organo guztiak ez daude egoera berean. Hots, sektore batzuk beste batzuk baino okerrago daude; adin, genero eta jatorri desberdinek ez dute kalte bera jasan. Eskualdeka ere desberdina izan da jarduera ekonomikoaren portaera. «Krisiaren eragin heterogeneoa» behin eta berriz aipatu du Domenechek.

Sektoreei begira, ostalaritza da kaltetuena, baita telelanik gutxieneko sektoreak ere, eta industriak igarri dio horri, okerrerako. Genero aldetik, nahiz eta kalte gehien jasandako sektoreetan emakumezkoek eta atzerritarrek presentzia handiagoa izan, aurtengo krisia 2008koa baino parekideagoa izan da, emakumeei eta gizonei antzera eragin baitie.

Adinari erreparatuta, enpleguaren beherakada handiagoa da gazteen artean, baina ez da ahaztu behar aldaketa demografikoen eragina ere: Espainian, lana galdu duten pertsonen erdiek baino gehiagok 35 urtetik gora zituzten.

Lurralde ikuspegitik datu interesgarriak eskaintzen ditu beti BBVA Researchen txostenak. Haren arabera, «nabari da hiriburuek eta hiri eremuetan dauden udalerriek, bereziki Bilbo Handiak, gainerakoek baino eragin txikiagoa pairatu zutela hirugarren hiruhilekoaren amaierarako. Aldiz, enpleguaren beherakada handiagoa izan zen eskualde industrialagoetan, hala nola Debagoienean, Debabarrenean eta Durangaldean».

Aurrera begira

Pandemiaren bilakaerak markatuko du erabat euskal ekonomiaren datozen hilabeteetako patua. Eta jada aurreikus daiteke susperraldiaren moteltzea, bigarren olatuak eta harekin datozen neurri murriztaileek Espainiako eta Europako ekonomiak geldotuko dituztelako, eta, ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako ondasunen eskaria murriztu.

V formako suspertze bat jada baztertuta dago zenbait sektorerentzat, turismoarentzat eta hari lotutako alorrentzat, adibidez. Gero, autogintzak eta energiak esportazioetan izandako beherakada ikusgarriak behin-behinekoak diren ala ez ikusi beharko da.

Beste arrisku bat lan merkatuko behin-behinekotasun tasa handia da. Ikerketak argi erakusten du behin-behinekotasunarekin guztiz lotua doala enpleguen galera. Alde horretatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasa txikiagoa da Espainiakoa baino, funtsezko jarduerek eta industriak duten pisuarengatik; baina, Europako beste herrialdeekin alderatuta, behin-behinekotasuna handiegia da oraindik.

Sare produktiboaren ezaugarri batzuk ere ahulezia ekar dezakete egoera honetan. Hala, mikroenpresak eta autonomoak zaurgarriagoak dira. Horiek zaintzeko neurriak beharko direla uste dute ikerlariek. Enpresen kaudimen arazoak ugaltzea ere espero du BBVA Researchen txostenak.

Neurri publikoak

Udako susperraldian, txostenaren ustez, funtsezkoa izan da kreditu politiken eta neurri fiskalen garrantzia. Ildo horretan, erkidegoak aldeko izan du zorpetze txikia, eta mesedegarria izan da aldi baterako erregulazioen zabalkundea. Hala ere, lehen bultzada hori indarra galtzen ariko litzateke, eta, txostenaren egileen ustez, berrikusi egin behar dira EBZren politika, ICO kredituena eta aldi baterako erregulazioen araudia.

Urrunago begira, Domenechen aburuz, Europako Next Generation EU programako laguntzak ondo erabiltzea funtsezkoa izan daiteke erreformak egin eta ekonomiaren beharrezko transformazioa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.