Bozak Euskal Herrian

Baiona, abertzalerik gabe

Henri Etxetoren eta Mathieu Bergeren zerrendek bat eginda, Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrenda abertzale ekologista ez da bigarren itzulira aurkeztuko. Hendaian, abertzale eta sozialistak elkartuta

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza joan den martxoaren 15ean, boza ematen. Bigarren itzuliko hautagaia izanen da. GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Gaur bukatuko da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako herriko etxeetako bozetarako hautagaitzak aurkezteko epea, baina atzorako jada zerrenda gehienek iragarria zuten zer zerrenda hautatuko duten bigarren itzulirako. Martxoaren 15ean egin zuten Ipar Euskal Herrian bozen lehen itzulia, konfinamenduaren hastapenetan, eta orduan lorturiko emaitzen arabera egin dituzte akordioak auzapeza oraindik erabaki gabe duten herrietan. Ipar Euskal Herriko 140 herritan hautatua dute jada auzapeza, eta ez da bigarren itzulirik eginen herri horietan. Ebatzi gabe dauden hemezortzi udaletako herritarrek ekainaren 28an joan beharko dute bozkalekuetara.

Baionan zegoen jarrita begia, eta atzo iragarri zuten zein izan zen akordioen emaitza: Henri Etxeto sozialista eta Mathieu Berge sozialista ohia elkartu egin dira azkenean, eta elkarrekin eginen diote aurre Jean Rene Etxegarai egungo auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari. Jean-Claude Iriarten Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrenda bakarrik gelditu da, hala, eta ez da aurkeztuko bigarren itzulirako, nahiz eta horretarako aski boz izan (%13,12 lortu zuen lehen itzulian, eta %10ekoa da berriz aurkezteko behar den gutienekoa). Etxegaraik bozen %40,33 lortu zituen, baina abstentzioa ere handia izan zen, koronabirusaren ondorioz: %62koa.

Akordioa Hendaian

Baionan ez bezala, Hendaian elkarrekin aurkeztea adostu dute sozialistek, abertzaleek eta komunistek. Hendaia Biltzen zerrenda abertzaleak bilera bat egin zuen larunbatean, eta, 2014an egin bezala, Kotte Ezenarro egungo auzapezaren zerrenda sozialistarekin batzeko akordio bat egitea onartu zuen. Laurent Tariolen zerrenda ere batuko zaie, eta Pascal Destruhaulten taldea izanen dute parez pare.

Senperen, François Bederede buru duen zerrenda abertzalea Dominique Idiarten zerrendarekin aurkeztuko da, eta elkarrekin ariko dira gaur egungo auzapeza den Pierre-Marie Nousbaumen aurka.

Itsasun, azkenean hiru zerrenda izanen dira: hasierako berak. Hasiera batean Mixel Hiribarren abertzalearekin elkartzekoak ziren Luis Ustarrozen taldekoak, baina azkenean norbera bere aldetik aurkeztuko da, baita auzapezaren taldeko Jean Paul Iturburua ere.

Maulen ere lehen itzuliko berak aurkeztuko dira bigarren itzulian. Beñat Elkegarai abertzalearen zerrendak elkartzeko proposamena egin zion Louis Labadot komunistari, baina Labadotek uko egin dio batzeari. Mixel Etxebest auzapezarena da aurkeztuko den hirugarren zerrenda.

Ziburun, Ziburu Bizi 2020 zerrenda abertzalea bere kasa aurkeztuko da (%44,66 boto lortu zituen lehen itzulian). Parean zenbat izanen dituen gaur ikusiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.