ERCk adierazi du haiek gabe ez dela lortuko independentzia

Esquerra Republicanako agintariek ez dute parte hartu Diadako mobilizazioan, eta haiei mintzatu zaie Dolors Feliu, ANCko burua: «Egin ezazue independentziaren aldeko apustua, edo deitu bozetara»

Gobernuaren dimisioa eskatzen zuten kartelak ikus zitezkeen atzo Bartzelonako kaleetan. EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko tirabirak nabarmendu ziren Diadan herenegun. ERC Esquerra Republicanari «independentziaren aldeko apustua» egiteko eskatu zion Dolors Feliu ANCko presidenteak, eta hori egiten ez badu hauteskundeak antolatzeko. Atzo, ERCren idazkari nagusi Marta Rovirak adierazi zuen independentzia ezin dela lortu Esquerra Republicanaren parte hartzerik gabe. Are, Roviraren arabera, Kataluniak ez du independentzia eskuratuko «barne eztabaida umiliagarri batekin».

Marta Vilalta ERCko eledunak ere erantzun dio Feliuk herenegun egindako ultimatumari. «Ez dugu uste hauteskundeak izan beharko liratekeenik», azaldu du. Gainera, ANC arerioz nahastu dela uste du Vilaltak: «bidaideak» kritikatu beharrean, jopuntuan Espainiako Estatua eduki beharko lukete, haren esanetan.

Milaka lagun

Manifestazioaren amaierako hitzartzean hau gehitu zuen Feliuk: «Eta, hala egiten ez badute, argi dugu geuk egingo dugula, hauteskundeak eragile berriekin erabiliz beharrezkoa bada». Herri zerrenda bat egiteko indar nahikoa badagoela nabarmendu du ANCko presidenteak.

Eztabaidak eztabaida, milaka lagun elkartu ziren igandean Kataluniako egun nazionalean, iaz baino gehiago. ANCren arabera, 700.000 lagun elkartu ziren Kataluniako hiriburuan, eta, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 150.000. Independentismoak indarra erakutsi du, baina alderdi politikoen arteko liskarrak ere agerian geratu dira. Laura Borras parlamentuko presidentetzatik kendu izanak giroa gaiztotu zuen, eta ERCren eta JxC Junts Per Catalunyaren arteko harremanak are gehiago okertu ditu. Gobernuaren dimisioa eskatzen zuten kartelak ikus zitezkeen atzo Bartzelonako kaleetan.

JxC alderdiko kideak ere kritiko azaldu ziren ERCrekin. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak manifestazioa «boikotatu» nahi izana egotzi die errepublikanoei, eta, Jordi Turull idazkari nagusiaren ustez, Generalitatearen jarduna «independentziatik urrundu da».

Laura Borras parlamentuko presidente kargugabetua urrunago joan da, eta azpimarratu du «guztiz posible» dela JxC gobernutik irtetea, «hitzemandakoa ez direlako betetzen ari». Izan ere, abuztu amaieran hilabete bateko epea eman zion JxCko buruzagitzak ERCri «gobernu akordioan adostutakoa betetzeko». Hil honen amaieran erabakiko du JxCko zuzendaritzak gobernuko kide izaten jarraitu edo ez, eta militantziak berretsi beharko du.

Inflexio puntua ortzi mugan

Gainera, Kataluniako Parlamentuan laster dira politika orokorraren eztabaida egitekoak. «Inflexio puntu bat» izango da legegintzaldian, Albert Batet JxCren talde parlamentarioko bozeramailearen arabera. Ziurrenik orduan emango du JxCko zuzendaritzak erabakiaren berri, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurrenaren atarian.

Turullen ustez, independentzia lortzeko, alderdi independentistak, ANC, Omnium Cultural eta Consell per la Republica bilduko dituen espazio bat da bidea. Xavier Antich Omnium Culturaleko presidentearen arabera, bide horrek «porrot egin du», eta ziklo berri bati ekin behar diote, «aktore berriekin». Gehitu du «errudunen» bila ibili beharrean independentziaren aldeko «konplizeak» behar dituztela.

CUPek, berriz, kalean mobilizatzeari eman dio garrantzia, «eskubideen konkista erdigunean izango duen ziklo berria abiatzeko». Basha Changuerra diputatuak esan du ez diela balio ERC eta JxCren egungo gobernuak, eta «sektore estrategikoak nazionalizatzearen, prezioak kontrolatzearen eta etxebizitzak desjabetzearen alde» egin du. «Krisi ekonomiko eta ekologikoa» gainditzeari eman dio garrantzia CUPeko diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.