Erbesteratu katalanak Espainiaratzea baztertzeko irizpideak, zehaztuta

EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Belgikak Espainiako justiziaren «gabezia sistemiko bat» frogatu behar duela haren euroagindu bat baztertzeko. Ez da guztiz lerratu, ez independentistekin, ez Llarenarekin

Ponsati Generalitateko kontseilari ohia, Puigdemont presidente ohia, Puig kontseilari ohia eta Boye abokatua, atzo, Bruselan. LEO RODRIGUEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentista erbesteratuek bide berriak erabili beharko dituzte Espainiaratuak ez izateko. Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak atzo eman zuen epaiak ezartzen duenez, ezin izango dira babestu Belgikako justiziak orain arte eman dituen argudioetan. Sententziak irizpide argiagoak ezarri ditu euroagindu bat atzera noiz bota daitekeen zehazteko, eta, beraz, defentsarako zein esparru duten jakinarazi die erbesteratuei, Espainiaratzetik libratzeko aukerari bidea itxi gabe.

Luxenburgoko auzitegia ez zen erabat lerratu, ez Kataluniako erbesteratuen tesiekin, ezta Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrerarekin ere. Batetik, ez zituen ontzat eman Belgikak Auzitegi Gorenaren euroagindu bat atzera botatzeko erabili dituen argudioak. Pablo Llarena Goreneko epaileak Lluis Puig Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia Espainiaratzeko eskatu zion Belgikari, eta Bruselako Apelazio Auzitegiak ezezkoa eman zion, arrazoituta Llarena ez dela euroagindu hori igortzeko epaile eskuduna, eta Puigek Espainian epaiketa bidegabe bat izateko arriskua izango lukeela.

Baina, bestetik, Luxenburgoko auzitegiak ez zuen galarazi Belgikak Espainiaren euroagindu bat atzera botatzea. Horretarako, frogatu beharko luke Espainiako justiziak «gabezia sistemikoak» dituela, herritarren osotasunari eragiten diotenak edo «objektiboki identifikagarria den» gizatalde jakin baten kontrakoak.

Auzitegiak gaineratu zuenez, Nazio Batuen Erakundeko Atxilotze Arbitrarioen Lantaldeak Kataluniako buruzagi independentista auzipetuei buruz egin zuen txostena ez da nahikoa bere horretan eskubide urraketa sistematikoa frogatzeko, nahiz eta kontuan hartu beharreko elementutzat daukan berme judizialen gabezia aztertzeko orduan.

Bestalde, Luxenburgoko auzitegiko epaimahaiak ebatzi zuen estatu batek ezin duela euroagindu bat baztertu epaile igorlearen eskuduntza falta argudiatuta, printzipioz. Hala ere, aukera hori ez zuen erabat alboratu. Euroagindu bati uko egiteko arrazoia izan daiteke, «ageriko inkonpetentzia bat» frogatzen bada. Halako baieztapen baterako ezinbesteko baldintza da euroaginduari uko egiten dion estatuak informazio gehigarria aurrez eskatzea estatu igorleari, epaileen eskuduntzak zehazten dituzten araudiei buruz.

Epaiaren eragina

Epaiak zuzeneko eragina du Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente ohiaren eta Toni Comin, Clara Ponsati eta Puig kontseilari ohien egoera judizialean. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik immunitatearen babesa dute oraingoz, europarlamentariak dira eta. Baina behin-behinean dute bermea: EBko Justizia Auzitegiak haien kontrako suplikatorioari buruz ebatzi arte, hain zuzen. Martxorako espero da epai hori. Luxenburgoko auzitegiak ebatziko balu Europako Parlamentuak ondo bete duela Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri europarlamentari akta kentzeko prozesua, immunitatea galduko lukete, eta Auzitegi Gorenak haien kontrako euroaginduak igortzeko aukera izango luke berriro.

Bestelakoa da Puigen egoera. Europarlamentariei dagokien babesik gabe, Llarenak ez du oztoporik haren aurkako beste euroagindu bat igortzeko Belgikari. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiari ohartarazi zion euroagindu gehiago igorriz gero «proportzionatuak» izan behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.