Oposizioa bat eginda, merkataritza gune handiei mugak ezartzeko

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk babestu dute lege proposamena tramiterako onartzea. Jaurlaritzak ohartarazi du ez duela «berme juridikorik», eta isun handiak ekar ditzakeela udalentzat

Donostiako Garbera merkataritza gunea, artxiboko irudi batean. Handitzeko eskaera aurkeztu dutenetako bat da. Udalak onartu egin du. ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Oposizioa bat eginda eta Eusko Jaurlaritzaren gutxiengoa agerian: argazki hori utzi du Eusko Legebiltzarrak, beste behin. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk gehiengo alternatiboa baliatu dute Iñigo Urkulluren gobernuari beste buruko min bat gehitzeko. Merkataritza guneei buruzko eztabaidaren harira izan da oraingoan: hiru alderdiek ekinaldi bateratu bat aurkeztu dute saltoki handiei mugak jartzeko. Ekimena sustatu du merkatari txikien ordezkari batek, Euskaldendak elkarteak; tramiterako onartu dute lege proposamena.

Aurrez aurre izan dira oposizioa eta gobernua. Eztabaida beroa izan dute bi aldeek legebiltzarrean, hauteskunde kanpaina hasi aurreko orduetan. Eta ez soilik eztabaidagai zutenaz, baita nor-norekin bozkatzen ari zenaz ere. Oposizioak Merkataritza Legea aldatu nahi du; zehazki, legearen 13. artikulua: saltoki handiak ezarri eta balizko hedatze batean bete behar diren gehieneko eremuaren mugak zehazten dituena. Iritzi diote gobernuaren «utzikeria» baten ondorioz arautu gabe dagoena arautu nahi dutela. Gobernuak, aldiz, «kontsentsua» nahi du erabaki bat hartu baino lehen.

Lurraldeko plan sektorialak arautzen ditu baldintzok egun, baina, saltoki txikien elkartearen iritziz, legeak berak adierazi beharko lituzke betebehar horiek aurrena. Oposizioko alderdiak bat datoz horretan. Aurkeztutako proposamenaren arabera, saltoki gune handiek ezingo dute 15.000 metro koadro baino gehiago izan hirigune handietan, 10.000 metro koadro erdi mailako hiriguneetan, eta 2.000 gainerakoetan.

2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen orduko plan sektoriala, argudiatuz ezin zaizkiela mugarik jarri saltoki handiei txikien mesedetan. Donostiako Garbera eta Basauriko (Bizkaia) Bilbondo merkataritza guneek jarri zuten salaketa orduan. Eusko Jaurlaritzak erretiratu egin behar izan zituen gehieneko eremuari zegozkien mugak, eta, beraz, arautu gabe egon dira ordutik.

Bada, zenbait saltokik legearen «hutsune» hori baliatu dute «azalera bikoiztuko» luketen proiektuak aurkezteko, Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez. «Jarrera proaktiboa» izatea egotzi die EAJ eta PSE-EEri: «Batzuek ez dute denbora alferrik galdu; batez ere, Gipuzkoan. Egoera onartezina da».

PPk ere iritzi bera du Gipuzkoako egoeraz. Mari Carmen Lopez de Okarizek uste du baldintzak arautu gabe egoteak «kaosa» eragin duela, eta ekimena onartu beharraz ohartarazi du: «Lurralde oreka bat beharrezkoa da».

Elkarrekin Podemosek, bestalde, gobernuaren «kontrolik eza» gaitzetsi du. Saltoki handiek babesten duten lan ereduaz ohartarazi du Edurne Garcia bozeramaileak: «Lan prekarioa sustatzen dute, eta herrien jasangarritasuna zalantzan jarri. Egungo kontsumo ereduak ziklo itxietara eboluzionatu behar du, eta neurriak hartu behar dira horretarako. Paradigma aldaketa bat behar da».

Berme juridikorik ez

Jaurlaritza ez dago ados proposamenarekin. Ez du kontrakorik bozkatu; abstentziora jo dute bai EAJk eta bai PSE-EEk, bide parlamentarioan «kontsentsua» bilatzeko intentzioz. Baina gobernuko kideek argi dute oposizioak aurkeztutakoa ez dela nahikoa.Bi alderdiek ohartarazi dute ez duela «berme juridikorik», eta udalek isun handiak ordain ditzaketela ondorioz. «Saltoki handien eta txikien arteko oreka defendatu dugu beti, eta beharrezkoa iruditzen zaigu hori arautzea. Baina testu honek juridikoki hutsune nabarmenak ditu, eta, bermerik gabe, udalek ordainduko dituzte gabezia horiek», azpimarratu du Luke Uribe-Etxeberriak.Jeltzaleek EH Bilduri egotzi diote Jaurlaritzaren lana oztopatzeko PPrekin bozkatu izana.

Susana Corcuera sozialistak, halaber, «ardura» eskatu die oposizioko legebiltzarkideei. Haren hitzetan, testuak ez ditu betetzen Gorenak eskatzen dituen gutxiengoak mugak legezkotzat jotzeko. «Ingurumen edo lurralde antolamenduari lotutako argudioak behar dira, eta ez daude. Edozein legek ez digu balio».

Dendari txikien ordezkariak legebiltzarrean izan dira eztabaida jarraitzen. Pozik atera dira, baina arauen beharraz ohartarazi du Bitor Lizarribar elkarteko kideak: «Merkatu honetan lehiatu behar badugu, horretarako bidea emango duten legeak behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.