Itxitzat jo dute Suediako lehen ministroaren hilketaren auzia

Stig Engstrom diseinatzaile grafikoa egin dute erasoaren erantzule, baina hura 2000. urtean hil zen. 1986ko otsailaren 28an hil zuten Olof Palme, zinematik etxera zihoala emaztearekin batera

Loreak Olof Palme Suediako lehen ministroa hil zuten tokian, Stockholmen. FREDRIK SANDBERG / EFE.
Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Olof Palme hil zutenetik 34 urtera, itxitzat eman dute ikerketa. Krister Petersson fiskalak aurkeztu zituen atzo ondorioak —2017an hartu zuen ikerketaren ardura—. Peterssonen arabera, Stig Engstrom diseinatzaile grafikoa izan zen lehen ministroaren hiltzailea. Hura, ordea, 2000. urtean hil zen —zenbait iturriren arabera, bere buruaz beste egin zuen—, eta, beraz, ezinezkoa da haren aurkako kargurik aurkeztea. Ondorioz, fiskaltzak amaitutzat eman du auzia: «Ahal genuen urrunen heldu gara».

Poliziak frogatutzat zeukan lehendik Engstrom krimena izandako tokian egon zela, nahiz eta gero ezin izan zuen argitu hura izan zenik hiltzailea. Skaniako gizona ezizenez ezagun egin zen Engstrom. Palme hil zuten tokitik gertu lan egiten zuen hark, eta lehen ministroarekiko desadostasunak erakutsiak zituen lehendik ere.

Ikerketa osatu duen polizia taldeak azaldu zuenez, oinarrizkoak izan dira lekukoen testigantzak. Horien arabera, beroki luzea eta kapela zeramatzan gizon bat ikusi zuten hilketa izan zen tokitik ihes egiten. Inguruko kamerek grabatutako bideoetan, Engstrom ageri zen, bulegotik irteten, jantzi horiek berak soinean.

Duela bi urte, Thomas Pettersson kazetariak hari hori berriz harrarazi zion fiskalari, kasuaz publikatu zuen erreportaje batengatik —hamabi urte iraun zuen haren ikerketak—: Petterssonen arabera, Engstrom giro eskuindarretan ibiltzen zen, prestakuntza militarra zuen, tiro klub bateko kide izan zen, eta armak eskura zituen, lagun baten bidez. «Lagunak bazuen Palme hiltzeko erabili zen pistola baten antzeko arma bat, eta uste dugu Engstromek hura erabili zuela lehen ministroa hiltzeko», azaldu zuen fiskalak.

Palme 1986ko otsailaren 28an hil zuten, gauerdia baino pixka bat lehenago, zinematik etxera zihoala emaztearekin —bizkartzainik gabe joan zen—; atzetik egin zioten tiro, Stockholm hiriburuko kale ezagun eta jendetsuenean.

Palmek etsai asko zituen, batez ere alderdi kontserbadorearen barruan, non askok traidoretzat baitzuten, klase altuko familia batean jaioa izan arren ezkertiarra zelako. Gobernuan zela, Vietnamgo gerraren aurka egin zuen behin baino gehiagotan, baita Kubako eta Nikaraguako gobernu komunistak babestu ere. Etxean, berriz, berdintasunaren aldeko hainbat proiektu jarri zituen martxan; besteak beste, abortatzeko eskubidea defendatu zuen.

Zurrumurruak

Urteotako beste hipotesi nagusia Hegoafrikako zerbitzu sekretuen inplikazioa izan da, Palmek apartheidaren aurkako jarrera zuelako eta Afrikako Kongresu Nazionala babesten zuelako. Izan zen esan zuenik ere PKK-ko kideak izan zirela erantzuleak.

Teoria eta konspirazio askoren iturri izan da hilketa. Horregatik, Suedian espero dute ikerketa itxita zurrumurruak isilduko direla. Stefan Lofven egungo ministroak —Palme bezala, Sozial Demokratak alderdikoa da— honako hau adierazi zuen kasuaz: «Zer gertatu zen ez jakitea zauri ireki bat da Suediarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.