Arabako Errioxa da eskualderik aberatsena eta aldi berean txiroena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualdeen artean, biztanleko BPGrik handiena du, baina biztanleko errentarik txikiena. Industrialde handia duten herri txikiek dute biztanleko BPG handiena

Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Beste behin ere, Arabako Errioxa da eskualderik aberatsena, bere biztanleko BPGak ia-ia bikoiztu egiten baitu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoa: 65.601 euroko BPGa du biztanleko, batezbestekoaren %194. Baina, berriro ere, Arabako Errioxa da hiru lurraldeetako eskualderik pobreena, biztanleko errenta 17.064 eurokoa baita, EAEkoaren %78. Hau da, eskualdean sortutako aberastasunaren zati handi bat ez dela banatzen hango langileen artean. Arabako Errioxaren kasuan, upeltegi askoren jabetza kanpokoa izateak azaltzen du aberastasunaren paradoxa.

Eustatek atzo eman zituen biztanleko BPGaren 2017ko datu xehatuak, eskualdeen eta udalen araberakoak. Estatistika erakundeak nabarmendu duenez, industria nagusi den herriek dute BPGrik handie na. Guztien artean handiena, azken urteetan bezala, Zamudiok (Bizkaia) dauka (446.429 euroko BPG biztanleko), hango parke teknologikoan enpresa asko eta oso garrantzitsuak daudelako (Siemens Gamesa, Euskaltel, ITP...).

Haren atzetik Olaberria dago (Gipuzkoa), 241.383 eurorekin. Arcelor Mittalen altzairutegiak eta beste enpresa handi batzuek (Hine, Carrefour...) sortutako aberastasuna herritar gutxiren artean zatitu behar da Goierriko herri horretan —953 biztanle besterik ez ditu—.

Hori da hirugarrenaren ezaugarria ere: Ajangizek (Bizkaia) 477 biztanle ditu, baina han du egoitza Maier kooperatibak. 215.759 euroko BPGa du biztanleko, batezbestekoaren %638.

Enkarterri, ahulena

Arabako udalerririk aberatsenak, Berantevillak, 169.674 euroko BPGa du biztanleko. Herri txiki horretan (453 biztanle) du egoitza Aernnovak. Arabako Ibarretan dago Berantevilla, eta biztanle gutxi ditu, baina lantegi handi batzuk biltzen ditu —Erriberabeitiko Talgo, esaterako—, eta, horregatik, hark du biztanleko BPGrik handienetan bigarrena, EAEkoaren %156. Baina Arabako Errioxari bezala gertatzen zaio, eta per capita errenta soilik %87 da han. Aberatsetan hirugarrenean, Gorbeia Inguruetan (Araba), orekatuagoa da egoera: biztanleko BPGaren %137 du, baina per capita errentaren %113.

Nahiko orekatua da egoera Gipuzkoan, 28 punturen aldea baitago eskualde pobreenaren —Bidasoa Beherea, %84— eta aberatsenaren artean —Debagoiena, %112—. Errentan, berriz, sei eskualdeetatik lau batezbestekotik gora daude.

Bizkaia, berriz, hiru lurraldeen arteko pobreena da: BPG per capita-ren %97 du, eta errentaren %95. Lurralde horretan dago bi parametroetan oso behera geratzen den eskualdea: Enkarterrik biztanleko BPGaren %54 soilik du, eta errentaren %80.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.