D ereduko aisialdia eta lantokia

Euskararen arloan «jauzia» emateko aukera aztertu du Topalabe taldeak, eta bi eremu lehenetsi ditu: eremu ez-formala eta sozioekonomikoa. 2040rako Unescoren zerrendan hobetzea jarri du helburu

Lehentasunen artean eremu sozioekonomikoa jarri du Topalabe taldeak: enpresen jarduna euskalduntzea nahi dute. JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Helburu bat: hogei urte barru euskara ez egotea hizkuntza zaurgarrien multzoan. Eragiteko bi eremu nagusi: esparru ez-formala eta arlo sozioekonomikoa. Eta lan molde bat: lankidetza areagotzea. Euskararen indarberritzeari buruzko dokumentu bat kaleratu du Topalabe taldeak —Euskaltzaleen Topagunearen altzoan sortutako gogoeta taldea da—: Berrindartu eta jauzi. Hamarkada hauetan euskararen ezagutzan egindako bideari begiratuta, uste dute iritsi dela garaia beste pauso bat emateko, hezkuntzatik harago jotzeko, eta lehentasunezkotzat jo dituzte arlo ez-formala eta lanarena.

Talde horrek berak beste dokumentu bat argitaratu zuen orain sei urte: Berrikusi eta berrikasi. 1960ko hamarkadatik egindako bidearen azterketa kritikoa plazaratu zuten agiri hartan. Aurrera begira jarri dira oraingoan. Zortzi kide dauzka taldeak: Karmelo Aiesta, Kike Amonarriz, Xabier Erize, Mikel Irizar, Iker Martinez de Lagos, Iñaki Martinez de Luna, Jasone Mendizabal, eta Jon Sarasua.

Unescoren hizkuntzen atlasari heldu diote datozen hamarkadetako helburuak jartzeko. Euskara «zaurgarrien» multzoan dago atlas horretan, iraupena ziurtatua ez dutenen sailean, eta hogei urte baino lehen hortik ateratzea nahi dute, egoera ziurra dutenen listan egotea —multzo horretan daude, esaterako, katalana eta galegoa—.

LANKIDETZA GIROAN

Aurreko dokumentua 2014an kaleratu zuten, eta pausoak sumatu dituzte harrezkero. Elkarlan ildoak areagotu izana goraipatu dute: «Konfiantza esparru berriak hasi dira eraikitzen edonon, eta lankidetzaren indarraz jabetu gara behingoz». Sumatzen dute urrats gehiago egiteko modua, hala ere. Batetik, erakundeetan: udalen esparruan sinergia handiagoa lortu nahiko lukete, Euskal Herri osoko udal elkarteen bidez, eta Euskaltzaindiak zeresana hartzea erakundeen arteko erlazioetan. Bestetik, euskalgintzako eragileetan:«eraginkortasun maximoa» lortzeko, egiturez gogoeta egitea.

Euskalgintzaren eta erakundeen arteko harremanean izan dira pausoak —hedabideen babes sistema adostea jarri dute adibide—, eta horiek bermatzea dute helburu. Batetik, dirutan: «Ezinbestekoa da gizarte ekimenaren finantzatze publikoa juridikoki babestea». Bestetik, erabakiguneetan: «Bereziki landu beharrekoa da egitura juridiko bat non erakunde publikoak eta sozialak parez pareko lankidetzan jardungo diren eta baliabideak partekatuko dituzten».

EGOERAREN ANALISIA

Pauso horiek gorabehera, hutsuneak oso handiak dira: erabileran ageri da nabarmenen. Sistemazko arazoak direla ohartarazi dute dokumentuan: euskararen aldeko jardunaren alboan, badirela erdararen alde jokatzen duten elementuak. «Adibidez, bistakoa da nola ETB2k neutralizatzen duen ETB1ek euskararen alde daukan eragina». Uste dute nahitaezkoa dela «gizarte sistema astintzea» euskara indarberritzeko.

Urteotako aurrerabidearekin, erronka nagusi bat ikusten du Topalabek: eskolan euskaldundutako herritarrak «euskal komunitatearen partaide aktibo» egitea. Alegia, euskararen aldeko jarrera izatea, gaitasuna haztea, eta euskara erabiltzea eta kontsumitzea.

ESPARRU EZ-FORMALA

Helburu horiei begira, estrategikotzat jo dute eremu ez-formala, eskolaz kanpokoa. Uste dute hezkuntzan badagoela zertan eragin oraindik, baina beste arlo batzuei ere begiratu behar zaiela: «Jauzirik handiena ez da eskola barrutik etorriko, kanpotik baizik». Egiturazko aldaketak planteatu dituzte, betiere egoeraren araberakoak: haur eta gazteentzako eskaintza «defektuz» euskarazkoa izatea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean—haur eta gaztetxo gehienek badakite euskaraz—; gainerakoetan, «nabarmen biderkatzea». Uste dute badagoela egokiera jauzia emateko —gizarteak onartuko lukeela, eskolaren segida gisa, eta azpiegitura badagoela—, eta erabilerari on egingo liokeela, gazteen adierazkortasuna hobeturik.

EREMU SOZIOEKONOMIKOA

Jarraipen horren bigarren zatia litzateke eremu sozioekonomikoa, lan munduarekin lotua. Hiru motibo eman dituzte horretarako: euskaraz ikasitako belaunaldiak ari direla laneratzen; hamarkada hauetan «jakintza eta eskarmentua» pilatu direla lan arloan euskara sustatzeko egitasmoetan: eta hizkuntzen kudeaketa txertatzen ari dela enpresen zereginetan. Gainera, ohartarazi dute arlo sozioekonomikoko entitateek eragin handia daukatela eguneroko bizimoduan, lan eremutik harago.

ARDURAK ETA BALIABIDEAK

Asmo horietan arrakasta lortzeko hiru rol uztartu behar direla uste dute sinatzaileek. Batetik, administrazioarena: «eredu eta gidari» izan beharko luke, eta hartutako erabakiak «betearazi». Bestetik, euskaltzaleena: bultzagile rola, euskaraz egitea. Eta, hirugarrenik, esparru ez-formaleko eta arlo sozioekonomikoko entitateena: ardura hartzea. «Ekimen pribatuari ikusarazi behar zaio ez dela jarrera neutroa euskara ukatzea D ereduko gazteei edo euskaraz lan egin nahi duten langileei».

Aldaketa handia da, eta «beso teknikoa» indartzea eskatuko du, taldearen ustez. Horrekin lotuta, badute kezka bat: zer desberdintasun dauden euskalgintzan, «funtzionario direnen eta ez direnen artean», lan baldintzetan. «Arrakala hori leunduko duen ibilbide bat aztertu eta adostu behar da».

PANDEMIAREN ERAGINA

Agiria urtarrilean itxi zuten, eta pandemiari buruzko eranskin bat egin diote. Aitortu dute garai zailak datozela, bidean geratuko direla hainbat egitasmo —«lehentasunak aukeratu beharko dira»—, baina inertziak hausteko aukera ere sumatu dute: «Berrikuntzarako sasoian murgilduko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.