Nazioarteko ehun eragilek ohartarazi dute «bake prozesua osatu gabe» dagoela

Euskal presorik zaurgarrienak askatzeko eta batzuk baldintzapean libre uzteko eskatu diete Madrili eta Parisi. «Neurri ausart eta eskuzabalak» nahi dituzte

Orain presoak manifestazioa, iazko urtarrilean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Nazioarteko komunitateko 98 eragilek eta bost elkartek Espainiako eta Frantziako gobernuei idatzi baten bidez eskatu diete COVID-19aren pandemiagatik eta Euskal Herriko «bake prozesuagatik» «berehala» aska ditzatela euskal presorik zaurgarrienak, eta batzuk baldintzapean aske utz ditzatela. Eskutitzean gogoratu dute ETAk 2011n bukatu zuela «indarkeria», eta duela bi urte desegin zela, «baina prozesua osatu gabe dago oraindik, motibazio politikoko 230 preso baino gehiago baitaude espetxean». Auziari heltzea galdegin dute: «Nazioarteko esperientziagatik badakigu edozein bake prozesuk ez duela aurrera egiten presoen auzia kudeatu gabe. Aieteko Nazioarteko Konferentziak gai horri irtenbide bat bilatzeko deia egin zien Espainiako eta Frantziako gobernuei. Hori ez da gertatu oraindik. Ondorioz, burutu gabeko prozesu bat dugu. Gatazka ez dago konponduta. Harremanak hautsita daude, eta ez da akordio politiko iraunkor eta egonkorrik aurkitu». Gutuna osorik irakur liteke BERRIAn.

Gatazken konponbide prozesuetako eta giza eskubideetako adituak, akademikoak eta Suediako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Kolonbiako, El Salvadorko, Guatemalako, Belgikako, Ekuadorko, Uruguaiko, Irlandako, Finlandiako eta Danimarkako parlamentarioak daude gutunaren izenpetzaileen artean: Andy Carl, Brian Currin, Veronique Dudouet, Gayatri Spivak, Adolfo Perez Esquivel, Cuauhtemoc Cardenas, Piedad Cordoba, Kenny MacAskill, Harold Good, Nora Cortiñas, Jonathan Cohen, Gerry Kelly, Oliver Wils, Ronnie Kasrils, Manuel Zelaya, Berghof Foundation... Haietako batzuk Euskal Herriko prozesuan lanean ibiliak dira azkeneko bi hamarkadatan.

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurri «humanitarioak» hartzeko deia egin dute, «irmoki», nazioarteko eragileek. «Preso dauden herritarrak babestu nahi baditugu eta Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egin nahi badugu, neurri sendoagoak beharrezkoak dira». Hori dela eta, «premiaz» bi «neurri ausart eta eskuzabal» hartzeko eskatu diete Parisko eta Madrilgo gobernuei: batetik, «bereziki zaurgarriak diren euskal presoak berehala askatzea, 60 urtetik gorakoak eta aurretik patologiaren bat edo gaixotasun larriren bat dutenak barne»; eta, bestetik, «zigorren hiru laurdenak bete edo baldintzapeko askapenaren baldintzak betetzen dituzten eta duela bi urte ETA desegin zenetik inolako erreintzidentzia arriskurik ez duten presoak askatzea».

Idatzian esan dute onartzen dutela «garrantzi handiko erabakia» dela epaia bete aurretik preso dagoen pertsona bat libre uztea. «Erabakia konplexua da edozein sistema judizialentzat, eta biktimak eta haien senideak atsekabetu ditzake. Edonola ere, pandemiaren testuinguruan eta bakearen mesedetan, urrats egokia eta zentzuzkoa da». Izan ere, haien hitzetan, garrantzitsua da pertsona guztien oinarrizko duintasuna eta gizatasuna aitortzea.

Sare, esker onez

Sare Herritarrak begi onez hartu du nazioarteko ehun pertsona ezagunek igorritako oharra. Azpimarratu du askatzeko korapiloak daudela gatazkaren konponbidean. «Ezinbestekoa da gobernuek presoen egoerari atzerapen gehiagorik gabe erantzuna ematea», dio oharrak. Pandemiak espetxeetan eragin duen egoera gogorarazteaz gain, honetan egin du azpimarra: «ETA desegiteko erabakiak ez du arazo guztien konpontzea ekarri, oraindik ere kartzelak beteak baitaude. Gutxi gorabehera, 230 preso oraindik. Beren esperientzia azpimarratzen dute —nazioarteko sinatzaileek, adierazteko ezein bake prozesuk ezin duela aurrera egin presoen auziari irtenbidea bilatzen ez bazaio». Horregatik, Sarek bat egin du analisi horrekin, eta gogorarazi du sakoneko gatazka konpondu gabe ez dagoela modurik bake iraunkorrik lortzeko.

Horrenbestez, neurri «ausartak eta eskuzabalak» ezar ditzatela eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei, preso horiek askatzea ahalbidetzeko.

Eskaeren soka

Berriki antzeko eskaera gehiago izan da. Kasurako, lehengo astean Espainiako Kongresuko Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya, EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis taldeek Espainiako Gobernuari eskatu zioten COVID-19aren krisian 65 urtetik gorako presoak, gaixorik daudenak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzeko. Sare, Etxerat, Salhaketa eta Espainiako Estatuko hamarren bat elkarte sozialek Barne Ministerioari eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari ere eskatu diete libre utz ditzatela larri gaixorik dauden presoak, 70 urtetik gorakoak eta haurdun daudenak. Halaber, Europako Parlamentuko Sozialistak eta Demokratak taldeek ere duela gutxi deitu dute presorik zaurgarrienak askatzera. BERRIAren datuen arabera, 241 euskal preso daude espetxeetan: Euskal Herrikoetan, bost; Espainiako Estatuko besteetan, 201; eta Frantziakoetan, 35.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.