Arrazakeriak Alemanian gora egin duela ohartarazi du ikerketa batek

Arrazakeriarekin lotutako salaketak %10 hazi dira, Alemaniako Diskriminazioaren Kontrako Agentzia Federalaren esanetan. Luzera begira «gizarte kohesioa arriskuan» jar dezakeela nabarmendu dute

Polizia indarkeriaren eta arrazismoaren kontrako manifestazioa, joan den larunbatean, Berlingo Alexanderplatzen. OMER MESSINGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
AEBetako polizia batek George Floyd gizonezko afro-amerikarra hil eta bi astera, Black lives matter [Beltzen biziak axola du] leloa mundu osora zabaldu da. Beste hainbat herrialdetan bezala, Alemanian ere manifestazio jendetsuak egin dituzte polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren kontra. Giro horretan, 2019ko diskriminazio salaketei buruzko txostena argitaratu du Alemaniako Diskriminazioaren Kontrako Agentzia Federalak (ADS). Txostenaren arabera, arrazakeriarekin lotutako kasuen salaketak nabarmen hazi dira Alemanian azken urteetan.

Bernard Franke agentziako buruak ohartarazi du Alemaniak «arazo bat» duela arrazakeriarekin, eta estatuak ez diela «lege babes nahikoa sendoa» ematen biktimei. Bidegabekeriaren aurrean babesgabe egotearen sentipenak luzera begira «ondorio sakonak» eragin ditzakeela ohartarazi du. «Arriskuan jar dezake gizarte kohesioa». Hori dela eta, azken txostenak arreta handiz erreparatu dio arrazakeriari.

ADSren ikerketak jasotzen duenez, azken urtean %10 hazi da arraza diskriminazioagatik jarritako salaketen kopura. 1.176 kasu izan ziren 2019an. Joera gorakoa da azken urteetako datuak hartuta ere. 2015 urteaz geroztik, bikoiztu egin da salaketen zenbatekoa. 545 izan ziren orduan.

Txostenaren hitzaurrean, Frankek gogorarazi du arrazakeriak gertakari bortitzak eragin zituela iaz Alemanian: eskuin muturreko ideologia zuen gizonezko batek Walter Lubke CDU alderdiko politikaria hil zuen —Lubke errefuxiatuei laguntzearen alde agertu zen—, eta beste gizonezko batek sinagoga bati eraso zion Halle hirian. Bi pertsona hil zituen eraso horretan.

Muturreko eraso horietatik harago, baina, egunerokoan arrazakeriarekin lotutako jokabide baztertzaile ugari izaten direla nabarmendu du, eta horiei aipamen berezia egin diete txostenean, testigantza anonimoak bilduta. Azterketaren arabera, arrazakeria jasaten dutenen pertzepzioa da, eraso eta hilketa jakin batzuek gizartea astintzen duten arren, «atzerriko jatorria duten herritarren kezkei, beldurrei eta bazterketa esperientziei» ez zaiela behar besteko garrantzia aitortzen.

Eguneroko bazterketa

Arrazakerian oinarritutako indarkeria eta gorrotoa agertu aurretik, diskriminazio jokabideak eguneroko bizitzan azaleratzen direla azaltzen du ADS agentziaren ikerketak. Adibidez, txostenaren esanetan, atzerriko jatorria duten herritarren herenak bazterketa jasan du azken hamar urteetan etxebizitza bat bilatzerakoan. Alemaniako legediak debekatu egiten ditu gisa horretako jokabideak, baina ADSk salatu du gobernuak ez dituela behar beste garatu diskriminazio jarrerak zigortzeko eta kaltetuak babesteko araudiak.

Berlinek aurrerapauso bat eman du norabide horretan, eta diskriminazioaren kontrako lege bat onartu berri du. Haren bidez, diskriminazioa jasan duten herritarrek kalte-ordainak eskatzeko aukera izango dute. Legeak hiriko erakunde guztiei eragiten die, Polizia barne.

Herritar Beltzen Ekinaldia Alemanian elkarteko bozeramaile Tahir Dellaren iritziz, ezinbestekoa da «egitura independenteak» sortzea diskriminaziozko jokabideak salatzeko. «Gaur-gaurkoz, Poliziari buruzko kexa bat aurkezteko Poliziarengana jotzea beste aukerarik ez dugu». Dellaren esanetan, Berlingo legea lehen urratsa da gabezia horri irtenbidea emateko.

Gobernu federalari dagokionez, berriz, ez da mugimendurik izan norabide horretan. Steve Alter Barne Ministerioko bozeramaileak ziurtatu du arrazakeria ez dela arazo bat Polizian, eta diskriminazio jokabideak «kasu indibidualak» direla haren barruan.

Arrazakeriaren atzetik —salaketen %33—, emakumeen bazterketa da diskriminaziorik handiena Alemanian —salaketen %26—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.