Turkiak baieztatu du lurreko eraso bat egingo duela kurduen kontra

Ankarak adierazi duenez, 184 lagun «neutralizatu» ditu bi egunean, Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen. Errusiarentzat, «legitimoa» da erasoaldia, baina hura «arintzeko» eskatu dio Ankarari

Turkiako armadak hildako lagun batzuen omenezko hileta, herenegun, Siriaren menpeko Kurdistanen. AHMED MARDNLI / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gogortzen ari da Turkiako Gobernua Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen aurka egiten ari den erasoaldia. Oraingoz hegazkinekin ari dira oldartzen, baina Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo baieztatu zuenlurretik ere eraso egingo dietela Siriaren menpeko Kurdistani eta Iraken menpekoari, «soldaduekin eta tankeekin». Nabarmendu zuen «ahal bezain laster» egingo dutela. Turkiako armada airez egiten ari den oldarraldia ere indartzeko asmoa duela esan zuen Erdoganek.

Igandean eta herenegun, 184 lagun «neutralizatu» zituen Turkiako armadak Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen, Hulusi Akar Turkiako Gobernuko Defentsa ministroak atzo ohar baten bidez iragarri zuenez. Kasu horretan, «neutralizatu» aditzarekin zera esan nahi du Ankarak: borrokatu ezinik geratu direla; hau da, hil, zauritu edo atzeman egin dituztela. Turkiako armadaren hegazkinek egindako bonbardaketen bidez «neutralizatu» dituzte 184 kurdu horiek. Iraken menpeko Kurdistango Kandil, Asos eta Hakurk eskualdeetan eraso egin du Ankarak, eta SDF Siriako Indar Demokratikoen menpeko Manbij, Tell Rifaat, Cizire eta Derik eskualdeetan —Siriaren menpeko Kurdistanen—, besteak beste.

Atzo, Turkiako hegazkinek eraso egin zioten YPG milizia kurduek (Herriaren Babes Unitateak) eta AEB Ameriketako Estatu Batuek Siriaren menpeko Kurdistanen EI Estatu Islamikoari aurre egiteko daukaten base militar bati, eta YPG milizia kurduetako bi kide hil zituzten gutxienez, miliziek jakinarazi zutenez.

Hilaren 13an Istanbulen izandako atentatuaren ondoren ari da Turkia Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistani eraso egiten. Sei lagun hil ziren leherketa batean, eta 81 zauritu. Turkiako Gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPGri leporatu zien erantzukizuna. PKK-k etaYPGk, ordea, ukatu egin dute erasoarekin loturarik eduki izana. Gainera, herenegun Turkiaren hegoaldean eroritako bost suzirik bi pertsona hil zituzten, eta sei zauritu. Ankarak PKKri eta YPG milizia kurduei leporatzen die erantzukizuna. Eraso horren harira, Erdoganek atzo esan zuen «isuritako odol tanta bat ere» ez dela «alferrik galduko».

Turkiako presidenteak gaineratu zuen «hemendik aurrera» neurri bakarra duela haren gobernuak: «Gure herrialdearen segurtasuna bermatzea, eta gure herritarrena».

Turkiako Defentsa ministroak atzo ohartarazi zuen ez dutela oldarraldia gelditzeko asmorik: «Gure borrokak aurrera jarraituko du, azken terrorista neutralizatu arte». Ankarak nabarmendu du Kobane (Siriaren menpeko Kurdistan) hiria dutela helburu, argudiatuta hura dela YPGren indarguneetako bat. Turkiaren «defentsa legitimo» moduan justifikatu dute erasoaldia.

«Ulertzen dugu Turkiak bere segurtasuna bermatzeko daukan ardura. Uste dugu Turkiaren eskubide legitimoa dela», adierazi zuen atzo Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek, Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen aurkako erasoaldiaren harira.

Hala ere, Turkiako Gobernuari «moderazioa» eskatu zion Aleksander Lavrentievek, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Sirian duen ordezkari bereziak, «tentsioa ez dadin areagotu, ez Siriaren iparraldean, ez Siria osoan». Lavrentievek esan zuen Errusiak «ahal zuen guztia» egin duela erasoaldia eragozteko, eta «kurduen auzia konpontzeko irtenbide bat» bilatzeko eskatu zion Ankarari. Gainera, Sirian soldadu estatubatuarrak egotea salatu zuen Errusiako presidentearen ordezkariak.

AEBek ere indarkeria arintzeko eskatu diote Erdogani. «Sirian erasoak arinduz joateko eskatzen dugu, zibilen bizitza eta EI garaitzeko helburu komuna babesteko», eskatu zuen atzo Ned Price AEBetako Estatu Idazkaritzako bozeramaileak.

AEBei mezua

PKK «terroristatzat» jotzen dute AEBek, baina, aldi berean,YPGrekin elkarlanean aritzen dira EIren aurka borrokatzeko. Erdoganek atzo ohartarazi zuen Turkiako Gobernuak badakiela «nork babesten dituen terrorista horiek», AEBei erreferentzia eginez.

Irakeko Gobernuak «irmoki» gaitzetsi ditu Turkiaren bonbardaketak. Atzo zabaldu zuen ohar baten bidez, nabarmendu zuen Iraken menpeko Kurdistanen aurkako erasoaldia «Iraken subiranotasuna bortxatzea» dela gobernuarentzat.

Gauza bera helarazi dio Irakeko Gobernuak Irangoari. Izan ere, Irango armadak Iraken menpeko Kurdistango zenbait alderdiren egoitzak bonbardatu zituen atzo eta herenegun. Teheranek droneak erabili zituen erasoak egiteko, alderdi kurduek salatu dutenez.

Eskualde autonomo hartako gobernuaren arabera, gutxienez pertsona bat hil zen herenegun, eta zenbait zauritu. Arbil hirian izan zen erasoa. Mahsa Amini emakume gazte kurdua hil eta irailaren erdialdean protestak hasi zirenetik, Teheran Iraken menpeko Kurdistan bonbardatzen ari da. Eskualde autonomo hartako administrazioak Irango Gobernuari eskatu dio erasoaldia eten dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.