Auzo bat antzerkiarentzat

Lautan Hiru antzerki laburren jaialdia egingo dute Bilboko Zazpikaleetan. Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbao tabernak, Bira kulturguneak eta Zazpi Katu gaztetxeak antolatu dute. Hilaren 31n hasiko da

Ezker-eskuin, Aiora Sedano, Mikel Martinez, Andres Urrutia, Iñaki Ziarrusta, Lutxo Egia, Ibon Usarralde eta Maialen Etxarri, atzo, aurkezpenean. M. DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Antzerki laburrek eskaintzen duten erraztasunak eta zailtasunak, bi-biak azpimarratu ditu Mikel Martinez aktore eta Cafe Bar Bilbao tabernako jabeak. «Ematen du pieza txikiak sortzea errazagoa dela, konpromiso txikiagoarekin egin daitezkeela, baita aurrekontu murritzagoarekin ere». Kontrapuntua gero. «Programatzerakoan, arinago zabaltzen dira antzezlan handiak, laburrak baino». Azpimarratu duenez, jaialdietan erakusten dira antzezlan laburrak gehienetan; eta Bilboko Zazpikaleetara eramango dituzte orain, Lautan Hiru jaialdia antolatu baitute Euskaltzaindiak, Bira kulturguneak, Ca fe Bar Bilbao tabernak eta Zazpi Katu gaztetxeak, elkarlanean. Hiru antzerki emanaldi egingo dituzte urtarrilaren 31tik otsailaren 21era bitarteko lau ostegunetan. Atzo egin zuten aurkezpena egitasmoa bultzatzen duten lau taldeetako ordezkariek, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu dute jaialdia. Hala azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu Euskaltzaindiaren mendeurrena ez zela soilik ekitaldi akademikoz osatuta egongo. Ekitaldi artistiko eta kulturalak egongo zirela azaldu genuen hasieratik, eta tokian tokiko eragileekin lan egingo genuela horretarako». Hari horri tiraka ondu dute Lautan Hiru jaialdia, Bilboko Zazpikaleetako kultur eragileekin batera.

Izenak berak azaltzen du jaialdiaren muina: lau espaziotan, hiru antzerki emanaldi egingo dituzte, lau ostegunetan. Hiru helburu nagusi ditu jaialdiak: euskarazko antzerkia indartzea, batetik; antzerkilariei beren lanak erakusteko espazioak eskaintzea, bestetik; eta Bizkaiko hiriburuko Zazpikaleetako kultur giroan eragitea, azkenik.

Hamar eta hogei minutu arteko piezak erakutsiko dira, eguneko azken lanak izan ezik. «Ostegun bakoitzeko hirugarren antzezlana luzeagoa da; eguneko azkena izanda, aukera ematen zuen denboran luzatzeko». Maialen Etxarri Zazpi Katu gaztetxeko ordezkariak eman ditu xehetasunak. «Egun bakoitzean programatuta dauden hiru antzerkiak ikusteko aukera ematea da helburua». Emanaldien ordutegiak ere saio guztiak ikus daitezen errazteko antolatu dira; toki batetik bestera lekualdatzeko tarte nahikoarekin. «Ikuslea espazio batetik bestera mugitzea ekarriko du horrek». Antzera hitz egin du Lutxo Egia idazle eta Bira kulturguneko koordinatzaileak ere. «Maiztasunez bisitatzen ez diren tokietara joatea ahalbidetuko du. Sarritan, helduak garenok ez gara gaztetxeetara sartzen; eta, ziurrenik, gazteak ez dira sarri etortzen Euskaltzaindiaren egoitza honetara. Gauzak ondo bidean, haustura batzuk gertatzea nahiko genuke; espazio zehatz batzuetan aritzen garenok beste batzuetan murgilduz».

Egun bakoitzean antolatutako hiru antzezlanak ikusteko bonua jarri dute salgai 5 euroan. Orotara, 50 jarri dituzte salgai, eta Euskaltzaindiaren egoitzan eta Bira kulturgunean eskuratu ahalko dira. Pieza bakarra ikusi nahi duenak, berriz, 2 euroko sarrera oraindu beharko du. Azaldu dutenez, hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean «opariak» banatuko dituzte lau ostegunetan.

Orotariko jendea biltzeko aukera ere emango du jaialdiak, Egiaren iritziz: «Batez ere, adinari dagokionez». Argi utzi du: osagarri izan nahi du ekitaldiak. «Garbi dugu zeintzuk diren eta non dauden antzerkirako plazak Bilbon, baina aukera bat ikusten genuen formatu txikirako, uste baitugu gure espazioak egokitu daitezkeela horretara».

Mendeurrenari eskainiak

2018ko irailean hasi zituzten Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak, eta 2019ko urrira arte iraungo dutela gogorarazi zuen Ibon Usarralde mendeurreneko egitasmoen arduradunak. Sei kultur ekitaldi antolatu dituzte: Tartean, antzerki konpainiak ondutako Ghero antzezlana; Aukeran dantza taldeak Loraldia jaialdian estreinatuko duen Biz Hitza ikuskizuna; Bilboko Koral elkartearen Mende berria kantuz emanaldi ibiltaria; Bernardo Atxaga idazlearen eta Jose Kruz Gurrutxagak aktorearen Martuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatua; eta urrira eta azarora artean egin zituzten kontzertu zikloak. Seigarrena da Lautan Hiru jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.