Albistea entzun

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian.
Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko ekainak 1 - Donostia

«Duela aste batzuk, Innsbruckeko [Austria] kaleetan paseatzen ari nintzela, oihu bat entzun nuen: 'Kaixo!'. Atentzioa eman zidan oihu hark, eta andre bat hurbildu zitzaidan segidan. Esan zidanez, haren aitak orkestrako abonua du, eta gure jarraitzaile sutsua da». Robert Treviño zuzendariarentzat, ezusteko hori Euskadiko Orkestrak egiten duen lan onaren ondorio besterik ez da. «Eta oso harro nago horregatik», gaineratu du. 2023-2024ko denboraldirako abonu programaren nondik norakoak xehatu dituzte Treviño zuzendari titularrak berak, Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, orkestraren egoitza nagusian, Donostian.

Hamabi izango dira orkestrak irailaren 29tik 2024ko ekainaren 7ra bitartean interpretatuko dituen programak. 50 kontzertu emango dituzte denera, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. «Artearen bidez sortzen eta eraldatzen duen gizakia» jarri du erdigunean orkestrak denboraldi berriko egitaraua lantzeko. Horren erakusgarri dira programa bakoitzari alboan jarri dizkioten ilustrazioak. Hain zuzen, eskuak ageri dira horietan guztietan. «Gizakiaren eskuek sortzen duten artea islatu nahi genuen», argitu du Rochek.

Musikaren bidez irudikatuko du hori orkestrak, gaiari lotutako adibide «handien» bidez. «Mahlerren betierekotasuna eta maitasuna, Brucknerren alde espirituala, Prokofieven heroiaren gorazarrea eta Dutilleuxen eta Straussen bizitza mundukoia» aipatu dituzte adibideen artean.

Horiek guztiak jorratzeko, Euskal Herrian eta nazioartean «sona handia» duten zuzendariak —Stanislav Kotxanovski, Riccardo Frizza, Marie Jacquot, Juanjo Mena, Lina Gonzalez Granados, Baldur Bronnimann, Juraj Valcuha eta Pablo Gonzalez— eta bakarlariak —Federico Colli, Markus Schirmer, Sergei Khachatrian, Olesia Petrova, Alban Gerhardt, Justina Gringyte, Alfonso Gomez, Elena Sancho eta Clara Mouriz— gonbidatuko ditu taldeak. «Zorte handia du gure orkestrak. Izan ere, zuzendari eta bakarlari zoragarriak izango ditugu gurekin datorren denboraldian», adierazi du Rochek.

Hain zuzen ere, Gustav Mahlerren 3. sinfoniak irekiko du denboraldia. Rochek «indar handiko» obratzat dauka lan hori. Jakinarazi du konpositorearen obrarik luzeena dela, eta baita garai erromantikoko luzeenetako bat ere. «Sei mugimenduren bidez, Mahlerrek erantzukizun indibiduala eta kolektiboa gure gain hartzera bultzatzen gaitu, bizitza betierekoa izango balitz bezala bizi dezagun». Bilboko Koral Elkarteko kideek Justina Gringyte mezzosopranoarekin batera interpretatuko dute lan hori.

Denboraldi berriak, gainera, zenbait efemeride ekarriko ditu gogora; Eduardo Txillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrena, esaterako. Antonio Lauzirikak idatzitako Chillida-Elogios partituraren erabateko estreinaldiak oroituko du hori, otsailaren 15ean eta 16an, Donostiako Kursaal auditoriumean. Roch: «Herrialde osoaren ospakizun bat izango da, eta Euskadiko Orkestrak modu aktiboan bat egingo du harekin».

Giza Eskubideen Adierazpenaren 75. urteurrena izango da beste efemeride aipagarri bat. Abenduan izango da hori, eta Aaron Coplanden Preamble for a Solemn Occasion piezaren interpretazioarekin omenduko dute. «Nazio Batuen ereserki bihurtutako doinu hori sei minutuko obra bat da, eta euskaraz errezitatuko dira testuak», zehaztu du zuzendari nagusiak.

Enkarguzko obra ugari ere aurkeztuko ditu orkestrak denboraldi berrian. Esaterako, Itziar Biloria konpositore gaztearen Oihartzun gorriak lana estreinatuko du maiatzean. Gainera, Saskia Venegas musikagilearen At the Aegean Shores obra eta Ramon Lazkano konpositorearen Mugarri lana berrikusiko ditu talde sinfonikoak.

Rochek nabarmendu du, bestalde, Gabriel Erkorekaren lanen grabazio bat egingo duela taldeak denboraldi berrian. Juanjo Menaren zuzendaritzapean grabatuko dute bilduma, eta Ondine diskoetxearen bidez emango dute argitara.

Berriro ere atzerrira

2020ko martxotik nazioartera atera gabe egon ostean, taldekideek lau eguneko bira egin zuten martxoan, Polonian. Zuzendari nagusiak «ontzat» jo du han egindako egonaldia, eta orkestrari indarberritzeko balio izan diola adierazi du.

Austriara bidaiatuko dute oraingoan, datorren urteko otsailean. «Mozarten sorlekuan izango gara, munduko festibalik onenetako batean», adierazi du Treviñok. Lau kontzertu emango dituzte han: lehen hirurak Salzburgon, eta azkena, berriz, Linzen.

«Eraiki edo deseraiki egin nahi dugu?». Treviñok maiz egin dio galdera hori bere buruari, adierazi duenez. «Orkestra honek eraiki egin nahi du, etengabe. Uste dut baditugula horretarako beharrezkoak diren tresnak».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zortzi dantza ikuskizun eskainiko ditu Dantzaldia jaialdiak

Olatz Enzunza Mallona

Gaur hasiko du XXIV. aldia, eta, abendura bitarte, Euskal Herriko zein nazioarteko konpainiak ikusteko aukera egongo da.

<b>Joachim Lafosse zuzendaria —ezkerretik bigarrena— eta <em>Un silence</em> filmeko aktoreak, atzo.</b> ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lotsak eraginiko isiltasuna

Mikel Lizarralde Ainhoa Sarasola

Pedofiliaren gaiari heldu dio Joachim Lafossek 'Un silence' filmean. 'La práctica' eta 'MMXX' lanak ere aurkeztu dituzte Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketan
'The Killer' filmeko irudi bat. ©Donostiko Zinemaldia

David Fincherren 'The Killer' izanen da emanaldi sorpresako filma

Berria

Larunbatean emanen dute, Viktoria Eugenia antzokian. Filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidtek aurkeztuko du.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Umiltasun osoz diot, baina uste dut aktore jaio nintzela»

Jone Bastida Alzuru

Sagarzazu 1976an aritu zen aurrenekoz zineman, Juanmi Gutierrezek 'Balantzatxoa' antzezlana egokitu zuenean, eta, ordutik, 40 urteko ibilbide oparoa egin du aktore donostiarrak. Haren lana aitortu eta omenduko dute Zinemira sariarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...