Esnaldiaren eta loaren mugan

'Loti (h)errena' lehen proiektu bateratua ondu dute Zart kolektiboko kideek. «Paperezko disko» gisa definitu dute, eta hainbat diziplina uztartu dituzte. QR kode batek lagunduta osatu dute liburua

Maite Larburu eta Harkaitz Cano, Loti (h)errena proiektuko kideak, Andoaingo Garate estudioan (Gipuzkoa). ZART KOLEKTIBOA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Loti (h)errenak ez du oso ondo bereizten noiz dagoen lo eta noiz esna». Horixe da Loti (h)errena proiektuaren abiapuntua. «Bidaia musikal-literario» gisa definitu du proiektua Rafa Rueda musikariak, eta loaren moduko gai unibertsal batekin jolastea izan da helburua: «Modu kolektiboan amets egiteko gonbidapena da». Hortik dator izenburua ere: «Esna egotearen eta lo egotearen arteko muga lauso hori islatu nahi izan dugu». Zart kolektiboko artisten arteko lehenengo lan bateratua da, eta, Ruedaz gainera, beste hainbat izan dira proiektuan parte hartu dutenak: Alain Urrutia, Elizabeth Macklin, Harkaitz Cano, Iker Lauroba, Lou Topet, Maite Larburu, Mikel Urdangarin eta Naiara Egimendia. Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu dute.

«Paperezko disko bat da», azaldu du Ruedak. Berez, liburu bat da euskarri fisikoa, eta, orrialdez orrialde, askotariko poemak, hausnarketak, testu zatiak, ilustrazioak... aurkituko ditu irakurleak. «Betiere, loarekin, loezinarekin edota esna mantentzearekin lotura dutenak», argitu du. Audioetarako zubia, berriz, QR kode baten bitartez egin dute: «Nahita egindako apustu bat izan da QR kodearena. Irakurleak Google Driveko karpeta batera du sarbidea, eta han aurkituko ditu grabazioak, audioak, kantuak, material grafikoa... Nahi duenean deskargatu eta entzun ahal izango du». Liburua bera «edozein ordenatan» irakur daitekeela aurreratu du Ruedak: «Ez dago haririk, ez hasiera edo amaiera bat. Edozein lekutatik has daiteke irakurtzen, eta audioak ere nahieran entzun daitezke».

Ruedaren iritziz, hainbat diziplinatako jendea elkartu izanak eman dio «izaera berezi hori» proiektuari, eta emaitza ere halakoxea izan da: «Elkartu ginenean, ez genekien zerk irtengo zuen handik. Gutxi gorabehera bagenekien gutako bakoitzak zer eskaini zezakeen, baina oso proiektu esperimentala izan da. Ez geneukan helburu argirik». Uda garaian ondu zuten egitasmoa: kolektiboko kideak bi astez egon ziren Andoaingo Garate estudioan hari bueltaka. «Hasierako ezjakintasun horri forma ematen joan ginen pixkanaka, eta, azkenean, lan berezi eta polita osatu dugula iruditzen zait», gaineratu du musikariak.

Cano arduratu da testuen gidaritzaz; Elizabeth Macklinek itzuli ditu horiek ingelesera; eta hamazazpi abesti eta soinu pieza txertatu dituzte. Larburuk, Ruedak, Lou Topetek, Urdangarinek, Laurobak eta Egimendiak konposatu eta interpretatu dituzte horiek, besteak beste. Urrutia, berriz, diseinuaz arduratu da.

Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua, abendu hasieran, eta publikoaren aldetik «harrera ona» izan dutela nabarmendu du musikariak: «Jendea harritu egiten zen proiektuaren nondik norakoak entzutean, ez delako ohiko formatu bat; baina, oro har, erantzun ona jaso dugu. Pozik gaude».

Zuzenekoak, aurki

Elkarlanean proiektuak plazaratzeko, eta, aldi berean, hausnartzeko eta elkar laguntzeko espazio izateko asmoz sortu zen Zart kolektiboa, 2019an. «Kezka eta ezinak partekatzea zen gure hasierako asmoa; izan ere, taldearen babesean hobeto egiten zaie aurre beldurrei», nabarmendu du musikariak.

Askotariko diziplinatako artistak bateratzeko gune modura definitu zuten kolektiboa, eta, orain arte, «gainditu gabeko irakasgaia» izan da taldekide guztien arteko proiektu bateratu bat egitea: «Lagun talde bat gara, denok sortzaileak, eta, ikuspuntu desberdinak ditugunez, bageneukan amankomunean zerbait sortzeko gogoa. Asko aberasten dugu elkar».

Etorkizun hurbil batean zuzenekoekin hasteko asmoa dute, baina oraindik ez dute zehaztu datarik. «Zortzi mila saltsatan sartuta gaude guztiok, baina saiatuko gara agendak bateratzen eta proiektua taula gainera ahalik eta lasterren eramaten», kontatu du Ruedak. Era berean, aurreratu du ez dela modu bateratuan egingo duten proiektu bakarra izango: «Esperientzia izugarri ona izan da, eta badugu errepikatzeko gogoa».

Kolektiboa sortu zutenetik, haren babesean hainbat bakarkako proiektu argitaratu dituzte bertako kideek; besteak beste, Mikel Urdangarinen Izurdeen lekua, Rafa Ruedaren Rueda, Pettiren Manipulazio estrategiak eta Maite Larbururen Krak diskoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.