Ocalanen eskubideen aldeko gose grebalari kurduek ekinaldia amaitu dute

PKKren buruzagiak egin die eskaria, haren abokatuek azaldu dutenez. Guven diputatua ospitalera eraman dute; ia zazpi hilabete daramatza ezer jan gabe

Erredakzioa
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalan Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) buruzagia bere abokatuekin elkartu da berriz ere, eta, haien bidez, mezu bat helarazi zien atzo gose grebalariei: ekinaldia amai zezatela. Turkiako Parlamentuko diputatu kurdu batzuk eta ehunka preso kurdu gose greban zeuden Ocalanen eskubideen alde, baina protesta hori amaitu zuten atzo, PKKren buruzagiak eskatuta: «Espero dut gose grebarekin konprometitu diren kamaradek amaiera ematea protestari».

Turkiako Justizia ministro Abdulhamit Gulek, hilaren 16an, jakinarazi zuen amaitua zela zortzi urte iraun duen debekua, eta, beraz, Ocalanek «aukera» izango zuela abokatuen bisita jasotzeko. Buruzagi kurdua 1999az geroztik dago preso, Imraliko segurtasun handiko uharte kartzelan (Turkia), eta urteak egin ditu bakartze ia erabatekoan.

Egoera hori ikusirik, hainbat kurduk gose greba abiatu zuten duela zazpi hilabete; Leyla Guven Herriaren Alderdi Demokratikoaren (HDP) diputatuaren kasua izan da ezagunena, ekinaldiaren lehen egunetik egon baita ezer jan gabe: 200 egun. Hark ere atzo amaitu zuen protesta, «helburua bete» dutela argudiatuta, eta ospitalera eraman zuten.

Aurten hasi da buruzagi kurduaren egoera aldatzen pixkanaka. Ocalanen familiari ez diote bisitarik egiten utzi 2016ko irailaz geroztik, eta abokatuak ikusi gabe pasatu ditu ia zortzi urte. Urtarrilean, baina, anaia bati utzi zioten bisitatzen, eta, hilaren 2an, bi abokatu elkartu ziren presoarekin, zortzi urtean lehenengoz.

Hitzordu horretan, Ocalanek gutun bat eman zien, eta, haren bidez, dei egin zuen Turkian eta Sirian elkarrizketaren bideari ekiteko: «Presazkoa da negoziazio demokratikoen metodo bat jartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.