Abokatuen kontrako polizia operazioa

«Zurrunbilotik» atera beharra

Sortu, Lokarri, Etxerat, ELA, LAB eta beste eragile askok giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko manifestaziora deitu dute.Donostian izango da, larunbatean.EAJk ez du aztertu

Hainbat euskal eragile, atzo, LABen Bilboko egoitzan, hedabideen aurrean larunbateko manifestaziora deitzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal gizarteak berriz ere erantzun egingo dio Espainiako Estatuaren operazio bati: euskal presoen abokatuen atxiloketen aurkako eta «bakea, askatasuna eta demokraziaren» aldeko manifestazioa deitu dute 28 eragile politiko, sindikal eta sozialek. Haien artean dira Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Lokarri, Etxerat, ELA eta LAB. Donostian izango da martxa, larunbatean (17:00, Antiguako tunela), Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean. Iazko antzeko manifestaziotik bada hutsune garrantzitsu bat: deitzaileen artean joan den urtean EAJ ere bazegoen; aurten, ez.

EAJko iturriek BERRIAri esan diotenez, atzo behintzat ez zuten martxaren deitzaileen aldetik deirik edo oharrik jaso, eta ez zuten aztertu manifestazioan izan ala ez. Andoni Ortuzar EBBko presidentea Txile eta Peruko lan bidaia batean dabil. Geroa Bai ere ez dago deitzaileen artean —koalizioko kide da EAJ—; iaz, bai.

Eragileek atzo eguerdian iragarri zuten manifestazioa, Bilbon, LABen egoitzan bilera egin ostean. Orrialde bateko adierazpena irakurri zuten Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak. «Espainiako Gobernuak herri hau zurrunbilora» bideratu nahi duela uste dute izenpetzaileek, eta hortik ateratzeko dei egin dute. «Etorkizunari begiratzeko unea da, askatasunean, bakean eta demokrazian oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartzekoa. Ez du denak balio. Ez gaude prest etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko. Euskal herritarrok bakean, demokrazian eta askatasunean bizi nahi dugula erabaki dugu».

Hamabi abokaturen eta beste lau lagunen kontrako «sarekada, sobera» dagoela iritzi diote, atxilotuek jendaurreko bizimodua egiten dutelako eta haietako askok, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalean bertan egiten dutelako lan. «Izaera politikoa du polizia operazioak, eta egiazko demokrazia batean eskubideak beste edozein interesen gainetik egon beharko lirateke». Horrelako operazioekin gobernuak «giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak urratu» egiten dituela gaitzetsi dute, «gatazkari zeinharen ondorioen konponbideari lagundu beharrean».

«Elkartasuna, delitu»

Operazioa une jakin batean heldu dela adierazi dute, halaber. Uste dute eremu politiko, juridiko eta sozialetan gero eta jende gehiago ari dela «zalantzan» jartzen estatuaren espetxe politika, larunbateko «mobilizazio erraldoian» ikusi zen bezala. «PPren gobernuaren salbuespen neurriek gero eta zilegitasun txikiagoa dute. Eta elkartasun keinuak ugaritzen doazen heinean, estatuak kriminalizatu eta delitu bilakatu ditu».

LABen Bilboko egoitzan eman zuten prentsaurrekoa. Aurreko egunean Guardia Zibila hantxe izan zen, hamabi ordu iraun zuen miaketan. Agerraldian izan ziren Hasier Arraiz Sortuko presidentea edota Oskar Matute Alternatibako koordinatzailea.

Hain justu, larunbateko martxaren deitzaileak 04/08 auziko kideak, abokatuak, AHT Elkarlana, Alternatiba, Aralar, Bilgune Feminista, CGT, CNT, EA, Egiari Zor, EHE, EHNE, ELA, Eraiki Aralar, Ernai, ESAIT, ESK, EILAS, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, GITE, Goldatu, Hiru, Ikasle Abertzaleak, LAB, Lokarri eta Sortu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.