Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria
Talde abertzaleak, gehiengoa
EAJk eta EH Bilduk Hegoaldeko 23 diputatuetatik hamabi lortu dituzte: zazpi eta bost, hurrenez hurren, bana irabazita. 2011n soilik izan ziren gailen. PSE-PSNk eta EPk bana galdu dute, eta eskuina ez da hazi

Hego Euskal Herrian atzo Espainiako Kongresurako hauteskundeetan jokoan zeuden 23 aulkietatik hamabi talde abertzaleek lortu dituzte, gehiengoa: EAJk zazpi eta EH Bilduk bost, biek apirileko bozetik bana irabazita —EAJk Bizkaian, EH Bilduk Nafarroan—. PSE-PSNk bost aulki eskuratu ditu —bat galdu du: Nafarroan—, Elkarrekin Podemosek lau lortu ditu —bat galdu du: Bizkaian—, eta Navarra Sumak lehengo biei eutsi die (irakurri erreakzioak).
1979tik aurrera, Kongresurako bozetan behin bakarrik gertatu da talde abertzaleek besteek baino diputatu gehiago izatea Hegoaldean: 2011n, azaroaren 20an. Aro politiko garrantzitsua zen hura, ETAk hilabete lehenago jakinarazi baitzuen betiko bukatu zuela jarduera armatua, eta Amaiurrek zazpi aulki erdietsi zituen lau lurraldeetan; Geroa Baik, Uxue Barkos zela zerrendaburu, eserleku bat eskuratu zuen Nafarroan —42.000 boto; atzo, 12.000—, eta EAJk bost EAEn.
Ikusita estatuko bi bloke nagusiak berdindu samar eta gehiengo osotik (176) urruti geratu direla —158 progresistak, 152 kontserbadoreak—, baliteke euskal eta katalan taldeak erabakigarriak izatea inbestiduran, eta, hori aurrera ateraz gero, legealdian, betiere PSOEk ez badu nagusiki PPrekin nolabaiteko itun konstituzionalista bat egiten, edo C's ez bazaie batzen progresistei, EAJri eta PRCri era batera edo bestera.
EAJk irabazi du berriro boto gehien Hegoaldean, Nafarroan bere markarekin ez aurkeztu arren. Aldea handitu egin du diputatuetan eta botoetan: joan den apirilean, EAJk eta PSE-PSNk seina diputatu eskuratu zituzten, eta oraingoan jeltzaleek bi gehiago; orain dela urte erdi, sozialistei 47.000 botoren diferentzia atera zien, eta orain, 68.000koa. EAEko hiru herrialdeetan izan da aurrena berriro, proportzioz puntu bat eskas igo bada ere. Talde indartsuena izateari eutsi dio EAJk, eta, gainera, jarria zuen erronka bat: Bizkaian laugarrena lortzea. Eta lortu du, horretarako PPrekin bototan lehia izan ostean.
EH Bildu izan da atzoko beste garailea Hego Euskal Herrian. Batetik, aulki bat gehiago lortu du; Nafarroan eskuratu du diputatu hori, eta horrek balio politikoa eta sinbolikoa dauzka. Talde handien artean, EH Bildu izan da botoetan igo den bakarra; Hegoaldean parte hartzea hiru puntu jaitsi bada ere, taldeak 17.000 bozka gehiago bildu ditu. Eta erakutsi du oreka nazional handiko taldea dela, lau herrialdeetan lortu baitu ordezkaritza. Gainera, orain arte ez bezala, talde propioa osatzeko moduan da; izan ere, araudiaren arabera behar diren gutxieneko diputatuak —bost— erdiesteaz gain, aurkeztu den barruti bakoitzean %15 gainditu du oraingoz. Bizkaian dago alde horretatik estuen, %15,05, eta estatutik kanpokoen botoen zenbaketaren zain egon beharko du orain.
Arnaldo Otegik ere bota du erronka bat kanpainan: baietz Llotja de Marreko adierazpeneko taldeen artean 30 diputatu eskuratu. Hortxe-hortxe ibili da, 29an geratu baitira: EH Bilduren bostez gain, ERCk hamahiru lortu ditu, JxCk zortzi, CUPek bi eta BNGk bat. Apirilean 26 eskuratu zituzten: ERCk hamabost, JxCATek zazpi eta EH Bilduk lau —CUP orduan ez zen aurkeztu—. Duela bi aste aurkeztu zuten adierazpenean, bost puntuko agiri bat adostu zuten —besteak beste, autodeterminazioa, eta presoak eta iheslariak—; ikusteko dago Madrilen ekintza batasunik duten.
Estatuko alderdiak
Hegoaldean, egon da estatuko alderdien aldeko joera, baina ez berdin-berdina: PSE-PSN eta EP zerbait beherago (39.000 eta 56.000 boto); PP EAEn hazi, baina gutxi, eta ez du aulkirik lortu; Na+, 100.000 boto azpitik; Vox apenas igo den; eta C's, gain behera EAEn (%1,1).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.