Hauteskundeak

Ezkerreko ardatza, aukera baten zain

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAJren eta PSE-EEren arteko ituna osatzea da aukera posibleena maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen osteko aliantzei dagokienez. Politologoek, ordea, uste dute posible dela ezkerreko ardatza aktibatzea, eta EH Bilduk eta PSE-EEk akordioak erdiestea.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzailea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. FOKU / BERRIAK MOLDATUA.
xabier martin
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ez dira asko maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ostean gobernuak osatzeko egin ahal izango diren alderdien arteko aliantza orokorrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, emaitzek sor ditzaketen aukeren artean, EAJk eta PSE-EEk osatuko luketen ituna da gaur-gaurkoz aukera posibleena. Aukera bakarra da; izan ere, analista askoren ustez, betiere itun orokorrei begira, tokiko udal paktuetarako gehiago abartzen baitira bideak. Nolanahi ere, politologoek egintzat jotzen dute egun indarrean dagoen paktu hori lurraldeen eta hiriburuen gobernuak eratzeko, eta, haietaz gain, politikari arretaz erreparatzen dieten herritar gehienek ere bai.

Ezkerreko ardatza aktibatzearekin du lotura beste aukera batek, betiere emaitzek gehiengoak osatzen badituzte horretarako plaza gehienetan. EH Bilduk eta PSE-EEk josiko lukete orain arte soilik teoriak jaso duen balizko aliantza orokor hori, eta Elkarrekin Podemosek osatuko luke Euskal Herrian sekula egin ez den hiruko formula hori.

Benetako aukerak ote daude, ordea, horrelako aliantza baterako? Fikziozko politikaren batuketa bat baizik ez ote da? Antoni Batista (Bartzelona, 1952) kazetari, idazle eta euskal politikaren analistak uste du «inoiz baino gertuago» daudela ezker abertzalea eta PSOE, eta teorian egingarria litzatekeen itun hori egitekotan orain dela horretarako momentua. Onartzen du, ordea, EAJ-PSE-EE ardatza gailenduko dela segur aski. «EAJk eta PSE-EEk tradizio luzea dute gobernukide gisa, eta gehiengo egonkorrak eskaintzen dituen eredua da paktu hori, Alemanian Koalizio Handia esaten dioten horren modukoa. Eskuinaren eta ezkerraren arteko ituna da, finean, moderatua». Ezagun «eraginkor bat» da nolabait jeltzaleen eta sozialisten arteko formula, Batistaren arabera: «Ongi funtzionatu du, jendeak atsegin baitu gobernu ezagunak edukitzea. Euskadin emaitza onak eman zituen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan suspertze ekonomikoari begira».

Bakearen ondarea

Zer aldatu da orduan betikoa betikotzeari uzteko aukerak zabal daitezkeela pentsatzeko? Lehenik eta behin, atzean geratzen hasi dela indarkeria politikoak dena baldintzatzen zuen aroa. Eta, hain zuzen, aro berri bat abiarazteko erantzukizuna ezkerreko ardatza osa dezaketen alderdiei egotzi die Batistak: «Berriak beti ematen du erreparoa, baina ezin da ahaztu PSOEk eta ezker abertzaleak badutela ondare bat komunean: bakea. Oinarrian, bien artean egin zuten bakea». Rubalcabarekin —Espainiako Barne ministro ohia— izandako solasalditxo bat ere gogora ekarri du Kataluniako kazetariak: «Behin esan nion Rubalcabari horri buruz ez zutela sekula ere hitz egiten, baina ondare hori hor zegoela, eta onartu zidan hala zela».

Ferrazeko egoitza nagusian zuhurrak dira, baina ETAren amaiera hizpide denean. PSOE tentuz ibiltzen da amaiera horretan izan zuen edo izan ez zuen ardura helaraztean. «Ez da aritzen horri buruz ez zaiolako komeni, PPrekin lehian duen boto kopuru jakin bat dela eta. Boto horiek bati edo besteari eman diezaiokete garaipena Espainian, boto aldakorra delako. Hau da, ezker abertzalearekin izan dezakeen harremana ez du erakutsi nahi, botoak gal ez ditzan penintsulako goi lautadetan».

Zaila da zinez aliantza berriak jostea, inertziaren indarraz gain, alderdiek paktuen orokortasuna exijitzeko joera dutelako; hau da, adostu ahal diren udal gobernuak foru gobernuekin lotzen dituzte, eta baita Espainiako Legebiltzarrarekin eta erkidegoetako gobernuekin ere. Sare horretan PSOEk zer duen irabazteko EAJrekin osatzen duen ardatzetik atera eta EH Bildurekin gehiengo berri bat eraikitzeko eta zer duen galtzeko; alderdien kalkulu politikoek itxiko edo irekiko diote atea aro berri bat abiarazteari.

Eva Silvan (Madril, 1975) politologoa, EHUko irakaslea eta Silvan&Miracle aholkularitzako fundatzaileak «ezusteentzako tarte txikia» aurreikusi du. «EAJk EAEko lurralde eta hiriburu guztietan ez irabaztea litzateke ezusteetako bat». Gipuzkoako Aldundia eta Gasteizko Udala aipatu ditu «benetako lehia» baten gudu zelai gisa, baina bozen osteko itunei begira ez du EAJ-PSEren arteko akordioa baizik ikusten aliantza orokorrak aztertzean. «Demagun Gasteizen EH Bilduk irabazten duela eta PSE geratzen dela bigarren. Ariketa teoriko honetan hirugarren litzatekeen EAJrekin egingo luke gobernua PSEk? Baliteke». Baina argi dago, haren ustez, ezkerretik presio bat jasango lukeela. «Gipuzkoan ere EH Bilduk irabaziko balu, agian, egun ez dauden itunak proposatuko lituzke, baina arazoa da aliantza orokorrak eginez gero gobernuak ez direla banan bana erabakiko».

Horregatik, Silvanek «nahiko urrun» ikusten du «iruditeria kolektiboan» dagoen ezkerreko ardatz hori. Maiatzeko bozen ondoren, Espainiako Kongresurako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak datoz, ez alferrik; «hirurak kateatu dira, eta PSOEri kalte izugarria egin diezaioke EH Bildurekin gobernu aliantzak egiteak. Ez da agertokirik onena bide horretatik abiatzeko».

Bi aldiz ez da ordaintzen

Antoni Batistak, berriz, uste du PSOE ari dela ordaintzen jada independentistekin elkarlanean aritzearen prezioa, ez dela zertan bi aldiz ordaindu bekatu bera. «Zer gobernu dago Espainian?», galdetu du. Erantzuna ere harena da: «Ezkerreko gobernua da, Kataluniako eta Euskal Herriko independentisten sostenguarekin, eta, beraz, horrek erakusten du orain arte gertatu ez denak ez duela zertan gertatu gabe jarraitu, Marcusek esaten zuen moduan. Alegia, ezin da baztertu EH Bilduren eta PSEren arteko akordio bat, horretarako zenbakiak baleude behintzat».

Kataluniako analistak dio Espainian eragiten dion boto galeraren beldurra «gero eta txikiagoa» dela PSOErentzat. Ezker Abertzalearen «moderazio instituzionala» agerikoa dela erantsi du. «Urrats horien sinesgarritasuna ezerezean utziko lukeen indarkeria ez dago jadanik. Esploratzeko eremu bat badago behintzat, PSOEk inoiz baino errazago daukalako orain EH Bildurekin paktu bat egitea Euskadin».

Silvan bat dator Batistak marraztu duen joera orokorrarekin: «Gutxika bada ere, bagoaz EH Bilduren eta PSEren artean gobernu itunak egin ahal izango diren momentura, sozialistentzat ere kalteak eragingo baititu ezkerreko ardatz horri bidea ixteak». Erantsi du hori gerta dadin ezkerreko alderdiek boto emaile gehiago erakarri beharko dituztela, «zenbakiak oso argiak izateraino».

Nafarroa da Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan eragin dezakeen beste aldagai garrantzitsu bat. Nafarroako Gobernua dago jokoan han, udal gobernuekin batera, eta PSNk Maria Txibitek lehendakari gisa jarrai dezan EH Bildu beharko duen edo ez ikusteko dago, eta baita koalizio abertzaleak zer eska dezakeen ere balizko babes baten truke; ezin baita ahaztu aurreko bozetan PSNk ez zuela Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkategaia alkate egin nahi izan. Nafarroako balizko aliantzak beste azterketa baterako eduki dira, ekosistema politiko propioa baita, UPNren muturreko eskuinaren indarra barne. Horiek horrela, ezin da baztertu Nafarroan EH Bilduren eta PSNren arteko hurbilketa bat egotea, batez ere bozetako emaitzek horretara behartzen badute Txibiteren alderdia.

PSOEren lehentasunak

EH Bildu eta PSOE gehiago hurbiltzera eramango lituzketen aldagaiak ez dira falta, nahiz eta aurreikus daitekeen PSErentzat indartsuagoak izango direla segur aski EAJtik ez aldentzeko dituen arrazoiak. Euskal Herritik kanpo, berriz, Kataluniako egoera politikoak berak ere joka dezake bere rola agertoki horretan, Batistak uste duenez; izan ere, Espainiako boto aldakorra dela-eta ordainduko duen prezioa amortizatzen ari da jada PSOE azken urteotan: «Sanchezen erabakien ordaina hor dago, presoen indultuak eta sedizioaren aldaketa direla eta. PSOEk mikroskopioarekin neurtu beharko du inoiz baino gehiago espero dituen botoak han eta hemen, eta horrek zer paktuetara eramango duen. Betiko kalkuluak agian ez dira balekoak izango, azken legegintzaldia apartekoa izan baita».

Adituak gogoratu du, bestalde, gehienek sumatzen duten egia bat: PSOEk Euskal Herrirako egiten dituen paktuak erabakitzean «Espainian gobernatu ahal izateak» izango duela pisu handien, «hori baita haren azken helburua». Horrek esan nahi du, Batistaren arabera, «bihotzak eskatuko balio ere» ezkerreko gobernuak eratzea Hego Euskal Herrian, PSOEk «Espainiako interesen mende» utziko lukeela erabaki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.