Presoei ongietorririk ez egiteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Erdibideko zuzenketa bat onartu dute Legebiltzarreko alderdi guztiek, EH Bilduk izan ezik. Jesus Lozak jakinarazi du 'Langraiz bidea' berriz abian jar daitekeela, Madrilen PSOEk segituz gero

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea, atzoko osoko bilkuran. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak «baztertu» egin du «espetxetik irtendako ETAko presoei handikeriaz aitortza ekitaldiak egitea», eta horiek «antolatu eta sustatzen dituztenei» eskatu die bertan behera utz ditzatela, «biktimekiko eta haien senideen minarekiko sentsibilitateagatik, iraganaren memoria kritikoarekiko errespetuagatik, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko zailtasun bat gehiago eta zatiketa-elementu bilatzea ekiditeagatik». Gaiari buruzko legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen PPk, eta, atzoko osoko bilkuran, erdibideko zuzenketa bat adostu zuten EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. Kontrako botoa eman zuen EH Bilduk.

Hiru puntu ditu onartutako testuak. Besteak beste, legebiltzarrak «eskumena duten botere publikoei» berretsi die beharrezkoa dela «terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei zor zaien aitortza, egia, justizia eta erreparazio politikak bermatzea». Horretarako, galdegin du «ezabatu ditzatela pairatutako bidegabekeriak zein eragin lekizkiekenak, eta era berean, eurekiko irainak, umiliazioa eta birbiktimizazioa ekidingo duten neurriak har ditzatela».

Azkenik, Eusko Legebiltzarrak dei egin die erakunde publikoei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei «ahaleginak areagotu» ditzaten, euskal herritarren artean «aktiboki sustatzeko indarkeriaren erabileraren deslegitimazioa proiektu politikoen inposaketa totalitariorako baliabide gisa, bai iraganean, bai orain, bai etorkizunean».

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak 2018ko otsailean adierazi zuela arbuioa harrera horien aurrean, eta, hala ere, harrezkero ongietorri gehiago egin direla, «krimenak goraipatuta». Bestalde, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak ohartarazi du horrelako ekitaldiek «adierazpen argia, esplizitua eta irmoa eskatzen dutela» antolatzaileen aldetik: «Bidea ez da zaila. Kontua da biktimei min handiagoa ez eragitea, ekitaldi horiek leku itxietan egitea eta mina errespetatzea. Hori izango da bizikidetza eraikitzeko oinarria». Iturratek gogora ekarri ditu Foro Sozial Iraunkorrak presoen ongietorrien harira egindako gogoetak, eta, bereziki, horiek espazio itxietan egiteko aukera: «Hori da bidea, ez da hain zaila. Ausardia eta zintzotasuna behar dira, gehiago itxaron gabe».

«Ez da ezer omentzen»

EH Bilduk kontrako botoa eman du, eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak azaldu du ekitaldi horiek ez direla indarkeriari gorazarre egiteko edo biktimak umiliatzeko, zigorrak beteta herrira itzultzen direnekiko «harrera adierazpenak» baizik: «Ez da ezer omentzen». Ildo horretan, Arzuagak beharrezko jo du espetxe politika aldatzea: «Euskal presoei salbuespenezko legeria ezarriko ez balitzaie, beren ingurunean egongo balira eta, gainerako presoek bezala, baimenak eta gradu aldaketak balituzkete, ez legoke ongietorririk».

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak aitortu du presoen senideek eskubidea dutela espetxetik irtetean harrera egiteko, baina erantsi du ez dela «etikoa» preso ohiei eta beren ekintzei «gorazarre» egiteko ekitaldiak antolatzea: «Are gutxiago leku publikoetan». Bestalde, Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak «Sortuko eta Bilduko» kargu publikoei egotzi die aktiboki parte hartzea harrera horietan, «terrorea zuritzeko», eta erantsi du ekitaldi horietan «gorrotoa eta fanatismoa» nagusitzen direla.

Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkariak atzo esan zuen «beste Langraiz bide bat» abian jar daitekeela datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetako bozak PSOEk irabaziz gero. Lozaren arabera, «zantzua» dute zenbait euskal presok halako programa batean «interesa» dutela. Bide horrekin bat egin nahiko luketen euskal presoek «autokritika eta damua» adierazi beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.