Negoziazio mahaiak. Korsika. Jean-Felix Acquaviva. Korsika Garaiko 2. hautesbarrutiko, diputatua Frantziako Asanblean

«Frantziako Estatua oraindik ez dago prest autonomiarako»

Parisekin abiaturiko elkarrizketez, Acquavivak «erdi hutsik» ikusten du edalontzia, «eta ez erdi beteta», uste baitu, besteak beste, mintzaideak aurrera egiteko modu «oso uzkurra» duela.

BERRIA.
ander perez zala
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Jean-Felix Acquaviva (Bastia, Korsika, 1973) Frantziako Asanbleako diputatu autonomista eta Yvan Colonnaren heriotzaren ikerketa batzorde parlamentarioko presidentearen ustetan, Korsikaren autonomiaz abiatu dituzten elkarrizketetan «defentsiboa» izaten ari da Frantziako Estatuaren jarrera: «Oraingoz, ahalik eta gutxiena ematen du».

Ikusi gehiago:GATAZKA KONPONDU ALA PILOTA ITZULI

Korsikaz hitz egiten da Parisen?

Korsikaz hitz egiten da Gerald Darmanin [Frantziako] Barne ministro delako, eta Korsikako aferarakoa ere bai, eta iaz Yvan Colonna kartzelan hil zutelako. Korsikaz hitz egiten da [Frantziako Asanblean] talde [parlamentario] bat sortu genuelako, aurreko legealdikoari jarraipena emanez, Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindia eta Lurraldeak deitzen dena. Talde hori oso zuzendua da lurraldeen defentsari buruz, eta Korsikarentzako autonomia legegileari buruz. Iragan agintaldian baino pisu politiko handiagoa dugu: horrek balio digu Korsikarentzako irtenbide politiko bat defendatzeko.

Oztopo guztiak gaindituta daude elkarrizketak irauteko?

Elkarrizketak berriz hasi ahal dira, Erignac komandoa delakoaren preso politikoen afera bere tokian dagoelako. Baldintzak hor daude; gero, kontziente gara, eta ohartarazi digute kulturalki eta politikoki [Frantziako] estatua oso zentralista dela. Estatua oraindik ez dago prest autonomiarako, nahiz eta hori zen elkarrizketarako abiapuntua, joan den martxoan.

Darmanin Korsikan izan zen hilaren 6an, Claude Erignac prefetaren hilketaren 25. urteurrenean. Espero zenuten hitzaldi hori?

Espero genituen hitz batzuk. Bakearen artisauei egindako erreferentzia, esatea orri bat pasatu dela eta orain eraiki behar dela datorrenaren hasiera... Esan zituen hitzetako batzuk dira. Noski, beste batzuk ez dira esan, eta, agian, ez zen horretarako garaia, beti baita zaila diskurtso politiko bat egitea heriotza baten testuinguruan. Baina bistan da ez zela ez autonomiarekiko, ez korsikerarekiko, ez Korsikako herriarekiko erreferentziarik izan.

Hori bai, keinu formalak egitea, eta gau horretan bertan France Infori esatea guk ez dugula gaitasunik proposamenik egiteko, eta autonomia menturazko bide bat dela... Ikusten dugu beti ari direla aldi berean zuri eta beltz esaten.

Bada Darmaninekiko konfiantzarik?

Konfiantza hitz oso indartsua da. Konfiantza ez da dekretuz erdiesten, eraiki egiten da. Otsailaren 6ko diskurtsoa adreilu bat da; halere, konfiantza beste adreilu batzuen gainean ere eraiki behar da, irtenbide politikoaren etxea eraikitzeko. Oraindik ez gaude hor; are, urrun gaude Darmaninek Gilles Simeonirekin [Korsikako gobernuburuarekin] iazko martxoaren 16an sinaturiko engaiamenduetatik. Orain, gu gauden bidea menturazkoa bilakatu da.

Edalontzia erdi hutsik ikusten dugu, eta ez erdi beteta. Aurrera egiteko modu hori oso uzkurra da. Halere, gu prest gaude konfiantza eraikitzeko, eta arazoaren muinean sartzeko.

Gainera, badituzue barne desadostasunak autonomiaz.

Guk erantzukizunerako deia egiten dugu. Indar nazionalistak eta Korsikako herriaren aldekoak ez dira jostatu behar ministroaren hitzak hartuz eta gehiengoan dauden beste indar nazionalisten aurka erabiliz.

«Eskubide eta ahalbide osoko autonomia» nahi duzue. Independentistek ere bai?

Iragan agintaldian legealdirako ituna sinatu genuen, eta baiezkoa eman zioten autonomia legegileari. Taktika politikoez harago, beti esan dute, haientzat, autonomia legegilea beharrezko etapa bat dela; bitarteko beharrezko etapa bat.

Zuen interesen ikuspuntutik, barne desadostasunek ez dute lagundu. Bada beldurrik hala jarraituz gero arazo handi bat bilakatuko ote den?

Agian izango da arazo bat elkarrizketarentzat. Halere, errealitate demokratikoa dago: Korsikako herriak lurraldeko gehiengo osoa eman dio Gilles Simeoniri. Pentsatzen badute prozesu bat huts eginarazi behar dutela, bada, agian, haiek jasango dituzte erabaki horren ondorio politikoak.

Erantzukizuna bi norabidekoa da: gurea, konbergentzia ahalik eta zabalenerako baldintzak sortzea, eta horretarako pausoak ematea; eta, haiena, eskaintzarik gorenenak egitea eragoztea.

Simeonik urte amaierarako amaitu nahi du «dena», 2024an konstituzioaren erreforma posible bat egiteko. Kontuan harturik hilabeteotan gertaturikoa, ez al da egutegi estuegia? Garrantzitsua da epemuga bat jartzea?

Bada garrantzitsua. Kontuan harturik une batean konstituzioaren erreforma bat beharrezkoa izango dela... Horrelakoren bat egiten bada, 2024an besterik ezin du izan, [Parisko uztaileko] Olinpiar Jokoen eta [maiatzeko edo ekaineko] Europako Parlamenturako bozen ondoren. Hau da, 2024ko irailetik edo urritik 2025eko martxora izango litzateke. Gero ezingo litzateke egin, 2027ko presidentetzarako bozen aurreko garaian sartuko baikara. Egutegi bat zehaztuta, estatua bere erantzukizunaren aurrean jartzen dugu, argitzeko proiektu hau gauzatuko den.

Baikor zarete egutegi hori betetzeaz?

2023 amaieraz ari garenean, autonomia estatutu bat proposatzeko gaitasunaz ari gara; gero, estatuak nahi duena esango du.

Talde klandestino berri bat sortu dute Korsikan: GCC Korsikako Gazteria Klandestinoa. Nazionalismoko sektore batzuek mesfidati begiratzen diete elkarrizketei? Gazteek, kasurako?

Bortxaz, bada mesfidantzarik, bada presarik; estatuak probokatuta da, 2015etik eta 2017tik ez baita arazoaren konponketan erabat murgildu. Guk zera uste dugu: jarrera horiek estatuaren interesei besterik ez dietela mesede egiten. Estatuari aitzakiak ematen zaizkio. Nahiago ditugu desmartxa popular demokratikoak. Espero dugu [GCC] ez dela aitzakia bat izango estatuarentzat logika errepresibo bat berriz abiarazteko, edo elkarrizketetan aurrera egiteko.

Hortaz, komeni zaizue negoziazioak ongi amaitzea.

Noski, Korsikako herriaren interesen artean dago, eta hala izan beharko luke ere Frantziako Errepublikarentzat, zentzu politiko handiagoa izango balute han. Badakigu estatuko aparatuetan badirela batzuk aurrera egin nahi dutenak, eta beste batzuk, ez.

Lehen entzunaldiak egin dituzue Colonnaren heriotza ikertzen duen batzordean. Zein da orain artekoaren bilana?

Batzordeak frogatu du zenbait kontraesan egon direla. Adibidez: argibide zerbitzuek zioten Franck Elong Abe [Colonnaren hiltzailea] terrorista islamisten artean arriskutsuenetako bat zela, eta ezinezkoa zela presondegiko administrazioak hori ez jakitea. Aldiz, administrazioak esan digu ezetz, ez zekiela ezer horretaz.

Esana duzu oraindik ere badirela «alde ilun asko». Zeintzuk?

Sinpleki, esan nahi dut badela planeten lerrokatze bat. Franck Elong Aberen ibilbidean kudeaketa oso bihozbera bat izan da, bai ikuspuntu judizialetik, bai espetxekotik. Eta, Arlesko kartzelan gertaturikoa ikusirik, badirudi Jainkoaren esku bat etorri dela inoiz gertatu behar ez ziren gertakari arriskutsu batzuk lerrokatzera. Ezin da tesirik baztertu.

Ikusi gehiago:Jaume Asens: «Kataluniako herritarrek bozkatuko duten itun bat behar da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.