Negoziazio mahaiak. Katalunia. Jaume Asens. Unidas Podemosen Kongresuko presidentea

«Kataluniako herritarrek bozkatuko duten itun bat behar da»

Asensen ustez, Kataluniako gatazka «desjudizializatzeko» urratsak egin ditu elkarrizketa mahaiak, eta hizketan segitzeko baldintzak sortu ditu. Katalanek beren estatus juridikoaz eztabaidatu behar lukete orain.

FERNANDO ALVARADO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Mikel P. Ansa
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren defendatzaile sendoa da Jaume Asens (Bartzelona, 1972). Unidas Podemosen Kongresuko presidenteak haren balioa nabarmendu du, nahiz eta onartu duen hiru urte hauetan espero baino urrats gutxiago egin dituela.

Ikusi gehiago:GATAZKA KONPONDU ALA PILOTA ITZULI

Hiru urte dira Quim Torra eta Pedro Sanchez lehen aldiz bildu zirela. Zer balantze egiten duzu?

Aurrera egin du mahaiak, baina ez espero genuen bezainbeste, eta horrek zerikusia du, besteak beste, pandemia bat igaro izanarekin, eta gerraren ondoriozko krisiarekin: behar baino hiru urte geroago hasi da legegintzaldia. Oso zaila izan da elkarrizketaren agendari heltzea. Eta eskuinarentzat oposizio gai nagusia izan da. Ondorioz, aurrerapenak ez dira izan espero genituenak. Kongresuko indar politikoen korrelazioa, gobernuak koalizioan duen ahultasuna, jorratu behar izan dituen krisiak, iritzi publikoa Kataluniako gaiarekin tenkatua egotea, Voxen zentsura mozioa... Testuingurua kontuan hartuta, uste dut aurrerapen egokia dela, baina argi dago aspalditik datorren gatazka dela, luzerako dena, eta ez dela konpontzen ez bat, ez bi, ez hiru legegintzalditan. Baina lehen urratsa egin da, eta orain sendotu egin behar da.

Zenbateraino aurreratu du elkarrizketa mahaiak?

Elkarrizketa mahaia sortu izana bera garaipen politiko oso garrantzitsua da. Koalizio gobernu honen aurretik, Pedro Sanchez [Espainiako Gobernuko] presidenteak ez zion telefonoa hartzen Quim Torrari [Generalitateko orduko presidentea], ez zuen Generalitatea aitortzen, 155. artikuluarekin mehatxu egiten zuen, eta ez zuen aitortzen gatazka bat zegoenik ere. Gu sartu ginen, eta, noski, asko aldatu da: lehen aldiz dugu gobernu bat, mehatxatu beharrean prest dagoena Katalunia entzuteko, elkarrizketa mahaian esertzeko eta Kataluniako Gobernua maila berean aitortzeko. Uste dut hori arrakasta handia dela. Estatuko gobernu bat elkarrizketa mahaian esertzea ez da erraza. Hortik aurrera, labur geratu gara. Desjudizializatzearen agenda izan da lehentasuna.

Auzitegi Gorenak interpretazio bat egin du Zigor Kodean. Gatazkaren judizializazioa gainditzeko helburua bete da?

Ez, ez da bete. Espainiako buruzagitza judizialak geldiarazi egin ditu elkarrizketa mahaian emandako aurrerapen politikoak. Eskuinak bahituta dauka kupula judiziala, eta haren misioa da estatuaren eta Espainiaren ikuspegi oso erreakzionario bat defendatzea. Espainiako justizia aktore politiko bat da. Onartu zen erreforma penalari izkin egin dio buruzagitza judizialak, eta indar osoz jarri da desjudizializaziorako erabakien aurka. Espainian, epaile batzuek Espainiako politikaren gidoilari nagusiak izaten jarraitu nahi dute, eta askotan PPko politikari frustratuak dira.

Deskribatu duzun testuinguru horretan, zer neurri har daitezke negoziazio mahaitik desjudizializazioan aurrera egiteko?

Ez da erraza. Auzitegi Konstituzionala berritzearen aurka eman zen kolpea desblokeatzean, demokrazian lehen aldiz gertatu zen Auzitegi Konstituzionalak Diputatuen Kongresuko bozketetan esku hartu zuela, botere legegilea azpiratu zela, eta hori demokraziarentzat kolpe oso larria izan zen. Ebazteke dagoen bestea epaileen gobernuarena da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarena, lau urte baitaramatza agintaldia iraungita. Arazo nagusia da Espainiako eskuinak demokraziaren aurreko genetikarekin ikusten duela demokrazia. Eskuinak uste du legez kontrakoa dela boterean bera ez egotea.

Orain arte, desjudizializazioaren agendari lotutako gaiak jorratu dira mahaian, beraz. Oraindik ez da aurrerapausorik eman gatazka konpontzeko proposamen politiko zehatzen inguruan. Uste duzu orain hasi behar duela horri buruz hizketan?

Bai. Kataluniarekin izandako gatazkaren ondoren, oraindik ere bizirik dirauen krisi konstituzionalari heldu behar zaio orain. Hemen arazo demokratiko sakon bat dago: Kataluniaren onarpen eta legitimitatearena, eta hori 2017a baino lehenagotik dator. Ez da ahaztu behar guztiaren jatorria Auzitegi Konstituzionalaren epai bat izan zela [autonomia estatutu berriaren aurkakoa]. Hor hasi zen dena, eta orain horra itzuli behar dugu; gure proposamena da hautetsontzietan hasi zen gatazka hautetsontzien bidez konpontzea. Kataluniako herritarrek bozkatuko duten akordio bat behar da, eta katalanek Kataluniaren estatus juridiko politikoa eztabaidatu behar dute.

Zer jarrera ikusten duzu PSOEn eztabaida horri heltzeko?

Oraintxe bertan ez dut ikusten. Errealistak izan behar dugu: legealdi hau amaitu da, eta orain uste dut eskuinak hori duela borroka gai nagusia. [Espainian] Koalizio gobernua berregiten ez bada, neurri handi batean horregatik ez da berregiten: Kataluniako gatazkaren kudeaketagatik. Eskuinaren ustez, ETAren oinordekoek eta Kataluniako independentistek bahitu dute gobernua. Orduan, testuinguru horretan, oso zaila da PSOEk aurrera egitea hauteskundeen atarian. Eta uste dut hori izango dela hurrengo legegintzaldian konpondu beharko den gai nagusia. Eta hauteskunde horietan lortuko den indarraren araberakoa izango da, oraintxe bertan inkestek garaipena ematen baitiote eskuineko gobernu blokeari.

Ikusten duzu baldintzarik hitz egiten jarraitzeko?

Zaila izango da, baina uste dut garrantzitsuena arazoa aitortzea dela. Euskal Herrian, Katalunian, gatazka politiko bat dagoenean, ez da adostasunik eskatu behar arazoaren sustraiei buruz, ezta eragileen erantzukizunei buruz ere. Hortik hasteak kale itsu batera garamatza. Baina aitortu behar da gatazka politiko bat dagoela, eta alderdi guztiek gatazka konpontzeko ardura dute. Hori gabe ezin da aurrera egin. Gero, akordio bat behar da desadostasunean, eta inork ez die uko egin behar bere printzipioei edo bere asmoei. Uste dut garrantzitsuena bestearen arrazoiak aitortzea dela. Eta uste dut hori independentismoaren zati batek egin duela, eta PSOEk ere bai. Eta uste dut elkarrizketaren gutxieneko baldintza horiek legealdi honetan gertatu direla. Metodo bat ere onartu da: bilerak modu diskretuan egitea eta une jakin batzuetan soilik horren berri ematea. Antolatzeko erraza izan ez den lan metodologia bat dago. Uste dut egutegi erregular bat ere ezarri dela. Kontakizun bateratu bat, metodo bat, egutegi bat eta hitz egiteko eta aurrera egiteko konpromiso bat ezarri dira.

Nazioartean interesik sumatzen duzu mahai honen inguruan?

Uste dut nazioartea oso uzkur ibili dela elkarrizketara deitzeko orduan, baina uste dut pausoak positiboak izan direla. Baina, hortik harago, uste dut inozoa izango litzatekeela Europatik keinu edo mugimendu handiak itxarotea. Nire ustez, independentismoaren akats politikoetako bat izan da pentsatzea Europak, adibidez, independentzia aldarrikapena aitortuko lukeela. Ikuspegi hori guztiz irreala zen. Uste dut Europa ez dela sartuko gatazka konpontzeko agenda politikoan. Nik ez dut askorik espero Europatik.

Ikusi gehiago:Jean-Felix Acquaviva: «Frantziako Estatua oraindik ez dago prest autonomiarako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.