Negoziazio mahaiak. Katalunia eta Korsika

GATAZKA KONPONDU ALA PILOTA ITZULI

Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazio mahaiak hiru urte bete ditu gaur; Korsikako hautetsiek eta Parisek osaturikoak herenegun abiatu zuen berriz bidea, urte erdiko blokeoaren ondoren. Bi kasuek agerian utzi dituzte elkarrizketa politikoaren erronkak eta estaturik gabeko nazioen eskariei erantzuteko zailtasunak.

Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua eta Pere Aragones Kataluniakoa, iragan abuztuan, Parisen, hitzaldi baten ondoren. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Ander Perez Zala
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Mediterraneoaren bi aldetan, bi elkarrizketa mahai eratu dituzte bi gatazka politikori irtenbidea ematen saiatzeko. Kataluniaren kasua dago, batetik: besteak beste, hango independentistek erreferendum bat eskatu diote estatuari, zeinak ez baitu lortu egungo deszentralizazio ereduarekin lurraldetasunaren auzia ixtea. Korsikaren egoera dago, bestetik: uharte horretako mugimendu nazionalistak autonomia legegile bat negoziatu nahi du estatu jakobinoarekin, beste hainbat aferarekin batera. Generalitatea eta Espainiako Gobernua gaur hiru urte elkartu ziren lehenengoz; Korsikako hautetsi taldeak eta Parisek, berriz, herenegun ekin zioten berriz elkarrizketari, urte erdi inguru iraun duen blokeoaren ondoren.

Bi kasuetan, lehen bilana agerikoa da: aurrerapausoak aurrerapauso, ping-pong moduko norgehiagoka bat izan da orain arteko esperientzia. Agerian geratu baitira elkarrizketa politikoaren erronkak, eta estaturik gabeko nazioen eskariei erantzuteko zailtasunak.

KATALUNIA: MUINARI HELDU GABE

Zigorrak arindu bai, baina eztabaida politikorik abiatu ez. Modu horretara laburbil daiteke Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak «gatazka politikoari konponbidea emateko» sortu zuten negoziazio mahaiaren orain arteko emaitza. Guztira, hiru bilera egin dituzte bi gobernuek, eta zenbait akordio lortu. Garrantzitsuenak, «gatazkaren judizializazioa gainditzeko» neurriak. Azken multzo horri dagozkie kondenatutako buruzagi independentista kataluniarrei Madrilek onartu dizkien indultu partzialak eta sedizio delitua ezabatu duen Zigor Kodearen erreforma.

Mahaia egungo egoera politikoaren isla dela uste du Ivan Serrano politologo kataluniarrak. Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasle eta ikerlariaren iritziz, «2017ko galdeketaren bueltako gertaeren eta ondorengo bilakaera politikoaren ostean ez da konponbiderik lortu. Egoera oreka ezegonkor batean dago. Ez da irtenbiderik topatu, baina egoera ez da lehengora itzuli ere. Auzia izoztuta bezala gelditu da». Mahaia egoera horren «errepresentazio politiko bat» da. «Espazio politiko bat sortu da, jakinik gaur ez dela ezer ere konponduko, ezta bihar ere, baina mahaian engaiatuta daudenentzat epe ertaineko irtenbide bat izan liteke».

Ikusi gehiago:Jaume Asens: «Kataluniako herritarrek bozkatuko duten itun bat behar da»

Irtenbide baterako aukera argirik gabe, zer funtzio betetzen du mahaiak? Serranoren ustez, mahaiaren erabilgarritasuna desberdina da estatuaren ala mugimendu independentistaren ikuspuntutik. «Gutxiengoa diren nazioen ikuspuntutik, erronka eta helburu handienetako bat da mintzakide gisa aitortua izatea. Bada Katalunia izena duen nazio bat, eta haren ordezkari politikoen bidez esertzen da mahai batean, Espainiako Gobernuaren aurrean, haren pareko eragile gisa». Mahaiak funtzio sinboliko hori betetzen duela nabarmendu du Serranok, lortzen diren itunak edozein direla ere.

Estatuaren ikuspuntutik, berdin. Elkarrizketak irudikatze funtzio bat du. «Bereziki, kanpora begira». Ikerlariak azaldu duenez, Madrilek atzerritik jaso zuen kritika nagusia izan da ez zuela elkarrizketarako biderik zabaldu Kataluniako galdeketaren ostean, eta soilik sistema judizialean oinarrituta erantzun zuela, errepresioaren bidez. «Mahaiak aukera ematen dio kanpora bestelako mezu bat zabaltzeko: Hemen demokratikoki erantzuten dugu». Hori bai, «interesatzen ez zaizkion sakoneko gaiei heldu gabe». «Ez dira aztertu ez sezesio erreferendum bat, ez konstituzio klausula berri bat, ezta deszentralizazio sistemaren berregituratze bat ere».

Negoziazioen emaitzak arlo judizialari baino ez dio eragin orain arte. Lehen neurria 2021eko ekainean hartu zuen Madrilek. Indultu partziala onartu zien erreferenduma antolatzeagatik kondenatutako buruzagi independentistei. Kartzela zigorra eten zien; ez, ordea, inhabilitazioa. Hiru egun lehenago, Europako Kontseiluak Espainiari gomendatu zion preso independentistak askatzeko.

Indultuen ostean egin zen bigarren bilkura, 2021eko irailean. Pere Aragonesek eta Pedro Sanchezek negoziaziorako zenbait oinarri zehaztu zituzten. Elkarrizketei hasiera emateko bilera izan zen, baina bidea egiten hasterako urratu zen konfiantza. Martxoan, jakin zen Espainiako Estatuak Kataluniako hainbat buruzagi eta ekintzaile independentista zelatatu zituela Pegasus espioitza programarekin. Bi agintariek lortu zuten elkarrizketari berriz heltzea, baina Catalangate delako auziak mesfidantza are handiagoa eragin zuen mahaiaren erabilgarritasunari buruz zalantza ugari zituzten sektore independentisten artean. Bereziki, Juntsen. Hirugarren bilera egin baino egun batzuk lehenago, indar horrek amaitutzat jo zuen mahaia, independentismoaren kalterako zela iritzita.

Uztailaren 15ean bildu zen mahaia azken aldiz. Bilkura horretan, Aragonesek eta Sanchezek Espainiako Zigor Kodearen erreformarako lanketa hasi zuten. Espainiako Gorteek urte amaieran onartu zuten erreforma, eta sedizio delitua ezabatu da haren bidez. ERCk hori txalotu du, uste baitu lege aldaketarekin hobetu egin dela erbestean diren eta kondena jaso duten buruzagi independentisten egoera. Katalunian agintean den alderdiak gaineratu du negoziazio mahaiari esker lortu dela urrats hori egitea.

Serranoren ustez, Zigor Kodearen erreforma lorpen gisa aurkezteak ez du oinarri handirik. «Espainiako justizia sistemari dagokionez, eta sedizioaren kasuan, alderdien artean bazen adostasun nahiko zabal bat delitu hori erreformatzeko beharraz. Historikoki denboraz kanpo zegoelako». Bestalde, lege aldaketaren eragina «mugatua» izango dela adierazi du. «Estatua ez da zigortzeko baliabiderik gabe gelditu. Beste baliabide batzuk erabiltzen ditu».

Etenaldian dago mahaia orain. Ez dago beste bilerarik aurreikusita, harik eta Espainian aurten izango diren bozak igaro arte —udaletakoak, maiatzaren 28an, eta Gorteetarakoak, abenduaren 10a baino lehen—. Auzia konponbiderik gabe luzatzen uzten bada, independentismoaren kalterako eta estatuaren onerako izango dela uste du Serranok. «Jendeak independentziari dion atxikimendua higatu du mahaiak, eta arazoak sortu dizkie indar independentistei». Alderdi horien arteko zatiketa hain sakona iruditzen zaio politologoari, ezen ez baitu uste elkarrizketaren porrotak estatuari arazo handirik ekarriko liokeenik ere. «Ez luke mugimendu independentistaren erantzun bateratu bat eragingo».

KORSIKA: BESTE ABIAPUNTU BAT

Hamarkadotako borrokaren eta presioaren ondoren, Yvan Colonnaren heriotzak ireki zuen, martxoan, Korsikako nazionalistek hainbatetan blokeatuta ikusi duten atea: Frantziako Gobernuak esan zuen prest zegoela autonomiaz hitz egiteko, eta «autonomiaraino joateko». Irlako hautetsi taldea Parisen izan zen iragan uztailaren 22an, estreinakoz: zailtasunak zailtasun, bazirudien, Gilles Simeoni irlako gobernuburuak esan bezala, «bokazio historikoa» duen prozesuak bide bat abiatu zuela orduan. Abian jarri zen, baina, harrezkero, ez da aurrerapausorik izan, bi aldeek erakutsi baitute zein erraza den prozesu politiko bat desbideratzea.

Urte erdi inguru pasatu behar izan da Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak deskribaturiko «eztabaida bare baterako» baldintzak betetzeko. Korsikako nazionalistentzat, besteak beste, horrek zera esan nahi zuen: Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoak uharteko presondegi batera lekualdatzea, eta haien erdiaskatasun eskariei baiezkoa ematea; Darmaninentzat, uharteko kaleetan indarkeriarik eta manifestaziorik ez izatea. Hilabeteotako esperientzia hori gaindituta dagoen arren, ez da erabat argitu elkarrizketaren oinarria nahikoa sendoa den, oraindik ere oinarri hori eraiki beharra dagoen eta prozesuak egiazki ibilbide bat egingo duen.

Ikusi gehiago:Jean-Felix Acquaviva: «Frantziako Estatua oraindik ez dago prest autonomiarako»

«Azken hilabeteek erakutsi dute Korsikan eta Parisen badirela beto boterea duten eragile batzuk. Ez da ziurra negoziazio hau zerbait zehaztuta amaituko denik», azaldu du Andre Fazi politologo eta Korsikako Unibertsitateko konferentzia irakasleak. Testuingurua ez da erraza itsasoaren bi aldeetan: Parisen, Frantziako Gobernuak ez du gehiengo osorik parlamentuko bi ganberetan; Korsikan, mugimendu nazionalistan lehia eta tentsio handia dago, eta «larriagotu» egin da Colonna hil zenetik. Finean, «hipoteka handiak daude».

Korsikan iltzatuta dago oraindik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 2018ko otsailaren 7an Bastian emandako hitzaldia. Askok umiliaziotzat jo zuten, uharteko nazionalistei, gehiengo osoa lortu berritan, ezekoa eman baitzien beren aldarrikapen historiko guztien harira —Korsika konstituzioan aipatzeari izan ezik—. Ezetz esan zion autonomia estatutuari, korsikeraren koofizialtasunari, «preso politikoen» amnistiari eta egoiliar estatusari.

Orain, Colonnaren heriotzak egoera aldatu du, baina noraino joateko prest dago Frantziako Gobernua? Macronek herenegun esan zuen ez dagoela «taburik», eta Mediterraneoko autonomia estatutuak inspirazio iturri izan ahalko direla. «Argi dagoena da [Korsikako nazionalistentzat] helburua dela Espainiako erkidegoen autonomia legegilea lortzea. Frantzian existitzen da; metropolitik urrun, baina existitzen da [Polinesia Frantsesean eta Kaledonia Berrian]. Koofizialtasunaren afera, aldiz... Bada gobernuaren eta presidentearen beto bat. Halere, noiz hartzen dira kontuan eskari guztiak? Nik, behintzat, ez dut ezagutzen halakorik. Negoziazio politikoek ez dute horrela funtzionatzen. Denak ez dira pozik egongo», uste du Fazik.

Dena den, politologoak argudiatu du autonomia legegilearen kasuan atea irekita dagoela, izan baitira esperientziak, eta horren ondorioak ez baitira «hondamenezkoak» izan. Halere, oraindik ere ikusteko dago zertaz ari den Frantziako Gobernua Korsikaren autonomiaz ari denean. Polinesia Frantsesaren adibidea argigarria da, politologoak oroitarazi modura, 2003tik Frantziako Konstituzioan aipatzen delako, eta autonomiaren definizio legegile bat ematen duelako. Hortaz, Paris autonomia horretaz ari bada, uharteko nazionalistei «komeni» zaien irtenbide bat da.

Korsikaren kasuan, negoziazioetarako garaia da orain, eta estrategiak zehaztekoa eta horiek garatzekoa. Azken horren inguruan, garrantzitsuena zerak izan behar du, Faziren arabera: uharteko nazionalistek Paris konbentzitu behar dute, eta frogatu behar diote autonomia legegilea egonkortasun nahikoa duen sistema bat dela, eta ez doala estatuaren interesen kontra. «Ez da erraza izango, baina, nire ustez, hortik jo beharko lukete».

Horren aurretik, ordea, ezinbestekoa izango da uharteko nazionalisten arteko desadostasunak bideratzea. Beste modu batera esanda: negoziazioetan zerbait zehatza lortzeko, Korsikan adostasun zabal bat behar da. «Eta hori oso zaila da».

ALDERAKETA ETA ELKARLANA

Faziren ustetan, badira zenbait antzekotasun Frantziako eta Espainiako gobernuek Korsikako eta Kataluniako aferak kudeatzeko moduan: «Funtsean, estatuak ez du salbuespenik sortu nahi. Frantziako Estatua Espainiakoa bezala da: salbuespenak sor ditzake, baina ahalik eta urrutien egiten du. Adibidez, Kataluniak kontzertu ekonomikoa eskatzen badu, [Espainiak] ez dio emango; berez, ez du horretarako gogorik, eta gero agian emango dio... Baina, lehenik eta behin, [bi estatuek] ukatu egiten dituzte salbuespenak. Hala jokatzen dute».

Serranok ere ikusten du bi kasuen arteko antzekotasunik. Kataluniarentzat bezala, mahaiaren funtzio sinbolikoa funtsezkoa iruditzen zaio Korsikarentzat ere. 1990eko hamarkadatik Nicolas Sarkozyren garaiko (2007-2012) erreforma administratiboetara bitarte, hainbat faktorek bat egin zuten Korsikan, uharteak mintzakide estatusa lortzeko. «Frantziako Estatuaren gerra zikinari buruzko eztabaida politikoa piztu zen, Korsikako mugimendu nazionalistak ildo posibilistagoa hartu zuen, eta Korsikako Asanbleak espazio politiko propio bat irudikatu zuen. Horrek bide eman die alderdi nazionalista korsikarrei hauteskundeetan gehiengo politiko bat lortzeko».

Korsikak bere burua solaskide gisa aurkeztu ahal izateak behartu du «auziari erantzun bat ematera nola edo hala», baina «betiere Frantziak ezarritako mugen barruan, estatuak onartzen dituen baldintzen pean».

Simeonik esana du «irakaspenak» atera dituela Kataluniaren kasutik. Fazi bat dator horrekin, lezio «asko» daudela argudiatuta, eta horietako bi ekarri ditu hizpidera: batetik, barrura begira, «alderdi nazionalisten artean lehia» moduko bat dagoenean «ezin» dela «gauza askorik espero»; eta, bestetik, kanpora begira, Korsikako diputatuak ohartu direla «influentzia handia» izan dezaketela Frantziako Asanblean. «Korsikako parlamentari nazionalisten rola garrantzitsua da, [Frantziako] gobernuak gehiengo osorik ez duen honetan. Hori da katalanek eta euskal herritarrek egiten dutena [Espainiako Kongresuan] 1980ko hamarkadatik».

Korsikak autonomia legegilea nahi du; Kataluniak, berriz, erreferendum bat. Kasuak desberdinak diren arren, Fazik azaldu du Mediterraneoko uharte horretan ere adostasun bat dagoela akordio politiko bat izanez gero galdeketa bat egiteko beharraren inguruan. Eta, hor ere, aurkitu du antzekotasun bat Frantziaren eta Espainiaren artean: «Herritarrei galdetzearena... Ahal bada, saihesten dute, influentzia galtzen dutelako erabakietan».

Beste irakaspen bat, Korsikarentzat, Kataluniaren autonomia bera litzateke. 2018an, Asanblea berriarekin batera, lurralde kolektibitate bakarra sartu zen indarrean Korsikan: bi departamenduak, Korsika Garaia eta Hego Korsika, eta kolektibitatea bera elkartu ziren administrazio berean. Eta, oraindik ere, erakunde bateratu hori «oso gutxi garatuta» dago Kataluniaren autonomiarekin konparatuta.

Horregatik, Fazik uste du Korsikak «asko» duela ikasteko, adibidez, Kataluniaren kasutik: «Eskumen eta gaitasun handiagoa duten eskualdeen esperientziak ezagutzea garrantzitsua da. Beti da positiboa askoz ere indartsuagoa den eskualde bat inspirazio gisa hartzea. Baita aliatu politikoak izatea ere. Demokrazia eta erakundeak irakaspenak baitira».

Aragonesek Korsikara bidaiatu zuen iazko irailean, bisita ofizialean, eta Simeoni Katalunian izan zen aste batzuk geroago. Agintariek borondatea agertu zuten bi nazioak elkarlanean aritu zitezen. Serranoren iritziz, Europako Batasuneko erakundeek aukera interesgarriak eskaintzen dituzte estaturik gabeko nazioen arteko elkarlanerako. «Europako Parlamentuan bertan, alderdi nazionalisten arteko aliantzek harreman hori estutu dute; esaterako, Coppieters fundazioaren bitartez. Esparru asko daude».

Ikerlariaren ustez, ikuspuntu posibilista batetik, eremu horiek aukera bat dira mugimendu nazionalistentzat eta independentistentzat. «Laguntzen dute bistaratzen badirela bestelako eragileak estatuen Europaren azpian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.