Zazpi mahai inbestidura negoziatzeko

Sektorekako bilerak hasi dituzte PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Hitz egin beharko dutela ohartarazi dio EH Bilduk PSNri

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak joan den asteazkenean Nafarroako Parlamentuan eginiko bilera. J. DIGES / EFE.
jon olano
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroan gobernuburua aukeratzeko eta gobernua osatzeko negoziazioak beste fase batean sartu dira uztailean sartzearekin batera. Atzo, sektorekako bilerak egiteari ekin zioten PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; zazpi mahairen bueltan batzartuko dira aste osoan, eta bilera orokor bat egingo dute etzi, negoziazioen lehen egunek emandakoari buruzko balorazio bat egiteko. Asmoa da 2019-2023 legealdirako gobernuak jorratu beharreko edukien inguruan akordio bat lortzea eta, horrela, Maria Txibite PSNko presidentegaiaren inbestidura gauzatzea.

Hain justu, negoziazio fasearen garrantzia azpimarratu zuen atzo Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak, «23ko blokea» osatzen dutenek elkarrizketak abiatu dituztelako «gobernu programa bat eta Maria Txibiteren inbestidura ahalbidetzeko»: «Borondate osoa daukagu, eta gainerako taldeetan ere borondate bera antzeman dugu gobernu plurala, aurrerakoia, feminista eta ezkertiarra osatzeko». Hori horrela, «erkidegoaren etorkizunerako giltzarri» izan daiteke astea, Alzorrizen hitzetan.

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak, berriz, azaldu zuen «gogotsu» eta «ilusioz» ari dela gobernuaren jarduera adosteko zeregin horretan; izan ere, uste du «akordio sakon, serio eta errealista» batek lagunduko lukeela gobernu «egonkor» bat osatzen, eta duela lau urteko hitzarmena jarri zuen adibide gisa.

23 parlamentariko bloke horrek, ordea, hiru ordezkari beharko lituzke gehiengo absolutua izateko Nafarroako Parlamentuan. Hortaz, EH Bilduko zazpi kideen babesa edo abstentzioa beharko luke Txibitek inbestidurarako, eta haren gobernuak agintaldian arauak onartzeko. Hori horrela, koalizio subiranistaren garrantzia balioetsi zuen Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak, eta ohar bat egin zion PSNri: gaur-gaurkoz, «ez dago inbestidura baterako baldintzarik».

Beraz, Ruizek Txibiteri eskatu zion «zintzo» jokatzeko eta esateko prest dagoen Navarra Sumaren babesarekin gobernatzeko: «Ez da serioa, ezta arduratsua ere, pentsatzea eskuinaren aurrean alternatiba bat osa daitekeela EH Bildu kontuan hartu gabe». PSNk oraingoz uko egin dio koalizioarekin mahaian esertzeari ere, baina, «gehiengo bat» osatu nahi badu, indar subiranistarekin hitz egin beharko du, Ruizek nabarmendu zuenez: «Bestela, herritarrei azaldu beharko die prest dagoen Navarra Sumaren babesarekin gobernatzeko».

Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako lehendakarigaia ere zalantzati agertu zen 23 legebiltzarkidek egonkortasuna eman ote diezaioketen gobernuari: «23 parlamentarik babestutako gobernu bat gauza asko izan daiteke, baina ez egonkorra». «Ezkerrekoa ere ez da izango, hamalau parlamentari izango direlako ezkerrekoak», erantsi zuenez. Era berean, «nafarren %40 baztertzen duen gobernu bat» osatu nahi izatea egotzi zion PSNri.

Hitz egin, bai; hitzartu, ez

EH Bildurekiko hartu beharreko jarreraz, ordea, PSNren bestelako iritzia eman zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohi eta PSOEko idazkari nagusi ohiak, Onda Cero irrati katean eginiko elkarrizketa batean. Haren iritziz, indar subiranistarekin «ez da akordiorik egin behar», baina harekin «hitz egitearen aldekoa» da: «Euskadin boto dezente daukan alderdi bat da EH Bildu, eta eskubidea dute erakundeetan egoteko eta beren karta politikoak jokatzeko. Hitz egitearen aldekoa naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.