AEB. Beste bozketa batzuk

Lau estatutan abortatzeko eskubidearen alde bozkatu dute

Kalifornian, Michiganen, Vermonten eta Kentuckyn baiezkoa nagusitu da. Presoen esklabotzaren aurka azaldu dira bost estatutan

Emakume bat bere bozka hautetsontzian sartzen, herenegun, San Frantziskon, Kalifornian. JOHN G. MABANGLO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak aurtengo ekainaren 24an 1973ko Roe vs Wade abortatzeko eskubide konstituzionala baliogabetu ondorengo lehen hauteskundeak egin zituzten herenegun. Ordezkarien Ganbera osorik eta Senatuaren herena berritzeaz gain, gobernadoreak hautatu dituzte 50 estatuetatik 36tan, eta galdeketak egin zituzten zenbait estatutan; horietako bostetan abortatzeko eskubideari buruz galdetu zuten. Michiganen, Vermonten, Kalifornian eta Kentuckyn haurdunaldia eten ahal izatea babestu zuten.

Michiganen —gobernadore demokrata nagusitu da—, AEBetako mendebalde erdian, abortatzeko eskubidea estatuko konstituzioan sartzea lortu zuten, eta, beraz, blindatuta geratu da etorkizunean abortua ezabatzeko ahalegin kontserbadoreen aurrean. Haurdunaldia etetea legezkoa da han, eta kontsulta egin dute 1931ko lege bat indarrean sartzea eragozteko; horren arabera, amaren bizia «arriskuan» ez badago, abortatzea erabat debekatuta dago.

Mendebaldeko kostaldean, Kaliforniako —gobernadore demokratak irabazi du— herritarrek pertsonen ugalketa askatasuna «beren erabaki intimoetan» babestearen aldeko proposamenaren alde bozkatu zuten, abortatzeko eskubidea eta antisorgailuak barne. Era berean,Vermonten —gobernadore errepublikanoa gailendu da—, ipar-ekialdean, Ugalketa Askatasunaren Zuzenketa deiturikoa onartu zuten, estatuko konstituzioan aldaketa bat egiteko, eta estatuko herritar guztiek ugalketa eskubideak dituztela ziurtatzeko, aborturako sarbidea barne.

Montana estatuan legezkoa da abortua, baina areago murriztu nahi dute. Hala, hango boto emaileak errefusatzekotan dira haurdunaldiaren edozein unetan «bizirik jaiotako» edozein haur legezkotzat joko zukeen lege bat promulgatzea. Botoen %86 kontatuta, %52,4 zeuden lege horren kontra, eta %47,6 alde.

Kentuckyn, herrialdearen erdialdean, debekatuta dago abortatzea, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik: hala nola amaren bizia «arriskuan» dagoenean. Bada, hautesle gehienek ezezko botoa eman zioten estatuko konstituzioaren bigarren zuzenketari. Errepublikanoek proposatutako egitasmo horrek esplizituki jaso nahi zuen konstituzioan ez zegoela abortatzeko eskubiderik.

Planned Parenthood erakundeak AEBetako sexu eta ugalketa osasuneko kliniken sare handiena du, eta, haren datuen arabera, abortua guztiz debekatuta dago herrialdeko hamabi estatutan. Alexis McGill Johnson erakundeko presidenteak ohar batean atzo azaldu zuenez, «Kentuckyk, Michiganek, Vermontek eta Kaliforniak erakutsi dute ugaltze askatasuna galdeketen bidez erabakitzen denean boto emaileek beti aukeratzen dutela beren gorputzen, bizitzen eta etorkizunen gaineko kontrola». Jarraian, hau erantsi zuen: «Abortatzeko eskubidea garaile».

Seitik hiru, kalamuaren alde

AEBetako sei estatutan kalamua aisialdian kontsumitzeari buruzko galdeketak egin zituzten, eta horietako hirutan legeztatzea babestu zuten: Marylanden, Missourin eta Coloradon. Aldiz, ezezkoa nagusitu zen Arkansasen—gobernadore errepublikanoa—, Ipar Dakotan eta Hego Dakotan—gobernadore errepublikanoa—.

Bost estatutan jada baimenduta zegoen kalamua sendabelar gisa erabiltzea, eta Marylandeko eta Missouriko —gobernadore demokrata— herritarrek beste urrats bat emateko eta aisialdirako babesteko apustua egin dute. Coloradon —gobernadore demokrata—, berriz, 21 urtetik gorakoentzat landare eta onddo psikodeliko jakin batzuen jabetza eta erabilera despenalizatzearen alde bozkatu dute. Hiru lurralde horiekin, dagoeneko 21 estatuk dute legeztatuta kalamua aisialdian kontsumitzea.

Esklabotzaz ere galdetu zuten zenbait estatutan. 1863an utzi zuten bertan behera esklabotza AEBetan. Oraindik badirau, ordea, espetxeetan. Estatu gehienetan, epaituak eta zigortuak izan diren presoak lan egitera behartuta daude. Alabaman —gobernadore errepublikanoa—, Louisianan, Oregonen, Tennesseen —gobernadore errepublikanoa— eta Vermonten lan horiei buruz galdetu zieten herritarrei, eta bost estatuetako konstituzioak zuzentzearen alde bozkatu zuten.

Alabaman, herrialdearen hego-ekialdean, estatuko konstituzioko «hizkera arrazista oro» aldatzearen alde bozkatu zuten, baita zenbait senideren morrontza babesten duen salbuespen klausula kentzearen alde ere, Tennesseeren gisan.

Bestalde, Vermontek, esklabotza debekatu zuen lehen estatuak (1777an), aldaketa konstituzionalaren aldeko apustua egin zuen. Aldaketa horrek esplizituki baieztatuko du estatu horretan «esklabotza eta nahi gabeko morrontza betiko debekatuta egongo direla».

Oregonek —ipar-mendebaldea— proposatutako aldaketak beste aukera batzuk emango dizkie «errudunen esklabotza» edo bortxazko lana gainditzen ez duten auzitegiei. Louisianan onartutako oinarrizko gutunak jasotzen duenez, berriz, «esklabotza eta nahi gabeko morrontza debekatuta daude, baina hori ez zaio aplikatzen justizia penalaren administrazioari, gainerakoan legezkoa baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.