Albistea entzun

Hezkuntza

Lege proiektuaren «zehaztasun falta» kritikatu dute sindikatuek

Steilas, ELA, LAB eta Ikastolen Elkarteak proposamenak egin dituzte Eusko Legebiltzarrean
Irati Tobar eta Amaia Urrutia LABeko kideak, Eusko Legebiltzarrean.
Irati Tobar eta Amaia Urrutia LABeko kideak, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2023ko ekainak 8

Hezkuntza Lege proiektuaren ekarpenak jasotzen ari dira egunotan. Atzo, Steilas, ELA eta LAB sindikatuen eta Ikastolen Elkartearen txanda izan zen, bertzeak bertze. Talde bakoitzak proposamen propioak egin baditu ere, eta legearen inguruko jarrera desberdinak dituzten arren, oro har, guztiek azpimarratu zuten proiektuaren «zehaztasun falta». Euskararen gaia ere hizpide izan zuten guztiek, eta «kezkatuta» daude. Zalantzan jarri zuten, esate baterako, ikasgeletan hizkuntzak izanen duen presentzia erreala.

LABek eta Ikastolen Elkarteak proposamen zehatzak egin zituzten. Sindikatuaren bozeramaile izan ziren Irati Tobar eta Amaia Urrutia. Adierazi zuten lege proposamenak «euskal curriculuma hobetzeko eta osatzeko prozesua» jaso beharko lukeela, eta hori hezkuntza arloko aditu eta eragileekin egin beharko litzatekeela. Titulartasun berri baten beharra ere aldarrikatu zuen LABek: titulartasun partekatuko ikastetxea. «Sare publikoan sartzen ez diren itunpeko ikastetxeetan udala ikastetxeen jabetzaren parte izateko modua litzateke. Horrela, finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxeetan esku hartze publikoa legoke, udala jabetzaren parte eta kontrol publikoaren bermatzaile izanik».

Horrekin lotuta, adierazi zuten lege proposamenaren 25. artikuluan funts publikoak jasotzeko betekizunak daudela. Horiek betebehar bihurtu daitezela eskatu zuten. Laikotasuna ere aldarrikatu zuten; izan ere, badago atal bat legean non aipatzen baita ikastetxeek ez diotela uko egin behar beraien izaera propioari. «Legeak hori kendu beharko luke, kasu batzuetan ikastetxe batzuek erabili dezaketelako haien izaera kristauari eusteko». Euskararen alorrean, erran zuten bat egiten dutela legeak egiten duen eskakizunarekin: B2 maila eskatzea DBH bukaeran. Hala ere, hizkuntza eredua betetzen dela ziurtatzeko «planifikazio» bat egon dadila eskatzen dute lehen-lehenik. «Progresiboki ezarri beharko litzateke ikaseredua», zehaztu zuten.

Hizkuntza eskakizun horri buruzko bertze proposamen bat egin zuen Ikastolen Elkarteak ere: «B2 maila kanpo ebaluazioaren bidez frogatu behar da». Koldo Tellitu, Nekane Artola eta Jose Luis Sukia izan dira legebiltzarrean, eta bertze hainbat ideia gehitu zituzten; bertzeak bertze, hauek: doakotasun printzipioa nola beteko den azaltzea, gobernantza eredu berri bat planteatzea, Euskal Herria kontzeptua legean txertatzea, euskararen eta euskal kulturaren normalizazioari bidea egiteko itun bat txertatzea, eta titulartasun partekatuko ereduak bideratzea.

Proiektua, «balekoa»

Proposamen horiek guztiak egin bazituzten ere, azpimarratu zuten lege proiektua «balekoa» dela berentzat, aukera anitz biltzen baititu. «Lehen aldiz, publikotasun eredu berri bat definitzen du; euskal hezkuntza sistema berria izendatzen du; euskararen alorrean badago aurrerapausoa, eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko pausoak badaude», adierazi zuten.

Steilas eta ELAk erran zuten lege proiektuaren kontrako iritzia dutela. Steilasen ordezkari izan ziren Ainhoa Astigarraga eta Javi Kerexazu. Adierazi zuten orain arte ekarpenak egin dituztela, eta «zinez» pentsatzen dutela ez dituztela kontuan hartu. Kontratuen programez mintzatu ziren, eta erran zuten «hobekuntza berrikuntzen menpe jartzen» dutela. Izan ere, haien erranetan, ikastetxe batzuek «zuloak tapatzeko» erabiliko dituzte laguntzak, eta baliabide gehiago dituzten horiek, berriz, berrikuntzarako. Programa horrek, gainera, ez du betetzen legearen helburuetako bat, ez baitu ikaslea erdigunean jartzen: «Baliabideak lortzeko presioa eta betebeharra jarriko da erdigunean».

Legea «pribatizazioari atea irekitzera» datorrela diote, eta ez duela segregazioa amaituko. «Lehendabizikoz, eskola segregazioa badagoela aitortzen du, baina, hura sortzen duten hizkuntza politikak aldatu beharrean, neurri lausoak proposatzen ditu». Hala, Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean, manifestazioak eginen dituzte ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Doakoa eta laikoa

Azpimarratu zuten, gainera, lege proiektuak ez dituela bermatzen doakotasun erreala eta laikotasuna. «Kuota gehigarriak kobratzen jarraitu ahalko da, orain arte bezala. Horrek eragina du familien aukera ezberdintasunean». Ane Bilbao eta Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileek ere izan zuten hizpide laikotasunaren gaia. Zehazki, «hezkuntza sistema laikoa eta konfesionaltasunerako espaziorik izango ez duena» aldarrikatu zuten.

Funtsean, ELAk alderdiei eskatu zien Hezkuntza Lege proposamena ez babesteko. Egungo sistemaren diagnostiko bat egin zuten, eta, horretatik abiatuta, eraiki nahiko luketen hezkuntza sistemaren ezaugarriak azaldu zituzten, betiere lege proposamena oinarri hartuta. Sistema «burujabe» bat nahi dutela erran zuten, Euskal Herria erreferentziatzat duena, publikoa, plurala eta «tokian tokiko beharrei» erantzunen diena.

Era berean, erran zuten segregazioaren eta euskararen gaiak «kezka berezia» eragiten diela; batetik, «zehaztasun» falta dagoelako proiektuak eduki horri buruz jasotzen duen atalean, eta, bertzetik, «euskara egoera kritikoan» dagoelako. Argi helarazi zuten D eredua indartu behar dela ikasleen euskalduntzea bermatzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...