Kanpainaurre jiteko bilera

Ortuzar eta Sanchez gaur batzartuko dira. 370 neurri aurkeztean, PSOEko buruak esan du ez duela «merezi» gobernua osatzen saiatzea

Sanchez, programaren aurkezpenean, atzo. CHEMA MOYA / EFE.
jon olano
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zangoa Espainiako Gobernuaren presidentetza eskuratzeko negoziazioetan duen arren, Pedro Sanchez jarduneko gobernuburu eta PSOEko hautagaiak azaroaren 10ean izan lezake gogoa. Irailaren 23rako presidenterik aukeratu ezean, berriro egin beharko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta aukera hori zabalik utzi zuen atzo Sanchezek, Podemosekiko mesfidantza agertuta: «Egungo zumeekin, emaitza bakarra aurreikus daiteke: batasunik ezan oinarritutako gobernu bat; bi gobernu, bakarrean. Hori ez da espainiarrek apirilaren 28an bozkatu zutena, ezta merezi dutena ere». Eta erantsi zuen egoera horretan ez duela «merezi» Podemosekin gobernua osatzen saiatzea.

Sanchezek «programa komun progresista» baten aurkezpenean egin zituen adierazpen horiek. Dokumentuan 370 neurri jaso dituzte; horien artean, berariaz uko egitea Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egiteari, «Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo duelako eta, politikoki, gizartea hautsiko lukeelako». PSOEk bestelako errezeta bat proposatu du Kataluniako «elkarbizitza gatazka» konpontzeko: «Katalanen arteko eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa sustatzea, konstituzioaren barruan betiere». Gobernu kargurik ez, baina PSOEk «goi mailako ardurak» eskainiko dizkio Podemosi Espainiako erakundeetan, gobernu programa betetzeko «bermearekin» batera.

Edozein gisara, balizko inbestidura saio baterako babesa biltzen ahaleginduko da Sanchez gaurtik aurrera, eta lehen bilerak EAJrekin eta Kantabriako PRCrekin egingo ditu. Sanchez eta Andoni Ortuzar 18:00etan batzartuko dira gaur, PSOEk Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzan, «inbestiduraren nondik norakoak jorratzeko». Joan den ostiralean urte politikoa hasteko Zarautzen (Gipuzkoa) eginiko ekitaldian, Ortuzar haserre mintzatu zen Sanchezen jarrerarekin: «Negoziazio serioa eta diskretua eskatzen dugu, aurrean dagoenarekiko errespetuzkoa».

Moduekin kexu azaldu zen atzo Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatua ere. Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, esan zuen «norbaitek babesa nahi badu lehen egunetik landu eta akordioak bilatu» behar dituela. PSOEren edukiaz, ordea, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak aitortu zuen «itxura ona» duela, baina beharrezkotzat jo zuen hura betearazteko bermeak adostea.

Presidentetzan jarraitu nahi badu, Sanchezek iazko ekainean zentsura mozioan babestu zuten bazkideei begiratu beharko die, PPk atzo berretsi baitzuen ez duela abstenitzeko asmorik. Teodoro Garcia Egea idazkari nagusiak Nafarroako inbestidura ekarri zuen gogora: «Nahiago izan dute Bildu». Amaia Fernandez PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiaren ustez, berriz, Sanchez «kontakizuna behartzen» ari da bozak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.