Esparzarekin ika-mika izan du Txibitek trafiko eskumenei buruz

Navarra Sumak «EAJren txotxongilo» izatea egotzi dio, eta Txibitek erantzun dio akordioa eurek lortu ez dutelako daudela hain haserre

Maria Txibite, atzo, Navarra Sumako Javier Esparzari erantzuten. Alboan, Javier Remirez presidenteordea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Urte berriko asmo onek gutxi iraun diote Maria Txibiteri. Nafarroako Gobernuko lehendakariak zarata politikoa alboratzeko eskatu zien atzo parlamentariei osoko bilkuran, baina ika-mika bizia izan zuen segidan Navarra Sumarekin. Pedro Sanchezen inbestidurari begira, PSOEk eta EAJk Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa sinatu zuten, eta, azken egunetan bezala, Javier Esparzak «EAJren txotxongilo izatea» egotzi zien sozialistei eta Txibiteri. «Argi dago nork agintzen duen. Zu umiliatu egin zaituzte, PSOEk gutxietsi egin zaitu». Txibitek eskatu zionalboratzeko kritika gordin horiek eta tonua apaltzeko, baina agerikoa zuen haserrea. «Akordioa ez du UPNk lortu, eta horregatik zaudete haserre. Utz iezaiozue haurren modura jokatzeari».

Berez, Uxue Barkosek Pedro Sanchezekin hitzartu zuen trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa, eta EAJk konpromiso horri bide eman zion abenduaren 30eko akordioan. Haatik, atzo, Esparzak gaitzetsi zuen jeltzaleak irabazten atera izana: «EAJk Nafarroatik kanpo nahi ditu Guardia Zibila, Espainiako Armada eta Espainiako Polizia, eta sozialistek onartu duzue trafikoko guardia zibilak alde egitea». Esparzaren arabera, EAJk «Kongresuan ez duenez ordezkari nafarrik», Txibitek asmo horren aurka egin behar luke: «Bi telefono dei egin behar zenituzke: lehena, zure alderdiari, argi uzteko Nafarroako erabakiak hemen hartzen direla, ez Madrilen, ezta Bilbon ere; bigarrena, EAJri, argi uzteko berriro esku hartuz gero gobernutik botako dituzula». Azken eskaera hori algaraka hartu zuten hainbat parlamentarik.

Txibitek eskatu zion «Guardia Zibila politikoki erabiltzeari uzteko». Era berean, oroitarazi zuen duela hogei urte, 2000. urtean, Nafarroari trafiko eskumenak erabat itzultzeko akordioa hitzartu zuela UPNk Jose Maria Aznarrekin: «Akordioa ez zen gauzatu, eta orain presaz mintzo zara».

Kontrol saio berean, Geroa Baiko Uxue Barkosek hemendik aurrerako pausoez galdetu zion gobernuari, baina Navarra Suma kritikatzeko ere baliatu zuen abagunea: «Iradokitzen dut transferentzien akordioan errepide arloko hezkuntza sartzea. Izan ere, Esparza jaunak ez du ikasi non dagoen Zapateria kalea, han baitu egoitza EAJk Nafarroan, UPN sortu aurretik; Navarra Sumako hiru alderdiek batera baino urte gehiago daramatza, gainera».

Txibitek azaldu du Nafarroako Gobernuak lanak aurreratuta dituela eta bilerak egin dituela Guardia Zibilaren zuzendariarekin eta Fernando Grande Marlaska jarduneko Barne ministroarekin. Eta Espainiako Gobernua osatuta, Txibitek lehen bilera egin nahi du Sanchezekin, gai horri buruz, eta hurrengo bost urteetarako ekarpena kalkulatzeko negoziazioari ekiteko. Asmoa da trafiko eskumena itzultzeko akordioa «sei hilabeteren buruan» izenpetzea.

Barkosek garrantzi berezia eman dio PSOEren eta EAJren arteko akordioan oharkabean pasatu den beste atal bati. Finantza publikoen inguruko xede eta irizpideak akordio bidez zehaztea «oso interesgarria» da, Barkosen ustez, egungo legearen zorroztasuna malgutasunez aplikatzea ahalbidetuko dielako erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.