Espainiako trantsizioko «espiritua» berreskuratu nahi du Urkulluk

Lehendakariarentzat «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza»

Iñigo Urkullu, atzo, Miramar jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Estatuko trantsizioaren «espiritua» berreskuratzea da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionalaren oinarrietako bat. Izan ere, atzo azaldu zuen «espiritu» horrek bereizten dituela autonomia erkidegoak eta erkidego historikoak: «Bereizketa horrek 1978ko [Espainiako] Konstituzioaren aurreko autogobernu errealitate propioa dugun erkidego historikoak identifikatzen ditu; hau da, Euskadi, Katalunia eta Galizia».

Donostiako Miramar jauregian egin zituen adierazpen horiek, atzo, Federalismoaren eta Sistema Autonomiko Espainiarraren Erronkak udako ikastaroaren itxiera saioan. Lehendakariaz gain, Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua ere solasaldian egon zen. Lehendakariaren erranetan, uztailaren 23ko bozek «berriz ere erdigunean jarri dituzte federalismoaren erronkak eta sistema autonomikoa». Hori «aukera» bat dela azpimarratu zuen.

Urkullurentzat, federalismo plurinazionalari buruz solastatzean «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza». Hortaz, erranzuen jarraituko duela Espainiako estatu ereduari buruzko «hausnarketa proposamenak» egiten; betiere «erreforma erreal» baterantz bideratuak eta trantsizioaren «espiritua» berreskuratuko dutenak.

Estatu eredua

Adierazi zuen zenbait alderdik urrundu egiten dutela Espainiako estatu eredua federazio liberaletatik: «Botere legegileen banaketa zalantzagarria, eredu autonomikotik kanpoko estatu unitario baten parametroei jarraitzen dien botere judiziala, lurralde ordezkaritzako ganbera gisa hartu ezin daitekeen Senatua, eta autonomia erkidegoak Europako Batasuneko erakundeei dagokienez eragile politikotzat ez hartzea». Gai horien inguruan hausnarketa egitea proposatu zuen Urkulluk.

Bere asmoa zein den garbi adierazi zuen, baita aipatutako helburuak lortzeko «borondatea» beharrezkoa dela ere. Dena den, bere ustez «identitate aniztasuna» onartzeko «zailtasunak» daude, baina ez da «ezer gertatzen onartzeagatik iritzi eta sentimendu desberdinak» daudela:«Kontua ez da ulertzea, errespetatzea baizik, eta adostutako garapen bide bat aurkitzea».

Bide horretan, Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak ere garbi du zein diren Espainiako Gobernuarekin eginen dituzten negoziazioetan egonen diren bi gai nagusiak: lurraldetasun eredua eta «Euskadi eta Kataluniako errealitate nazionalek [Espainiako] Estatuan izango duten lekua». Atzo egin zituen adierazpen horiek, Onda Vasca irratian, eta erran zuen Pedro Sanchezek eta PSOEk «aukera historikoa» dutela «funtsezko aurrerapen bat» gauzatu dadin.

Erantzunak

Guztiek, baina, ez dute begi onez ikusi Urkulluren proposamena. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, adibidez, uste du konbentzio konstituzionala egin baino lehenago mahai gainean jarri behar dela «euskal herritarrek defendatzen dutena». Otegirentzat, «proposamen amankomun» bat prestatzea da egokiena, eta bertan adieraz dadila «Euskal Herria nazio bat dela, zazpi probintziaz osatuta dagoela, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela». Euskadi Irratian egin zituen adierazpenak, atzo.

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ere gaitzetsi du Urkulluren proposamena. Haren iritziz, Espainiako Konstituzioa Auzitegi Konstituzionalak interpretatu behar du, eta ez «politikarien behatoki» batek. «Gehiegizkoa iruditzen zait Espainia osoa konstituzioarekin zer egin behar den pentsatzen jartzea autonomia erkidego bateko presidente batek egunkari batean argitaratutako artikulu batean oinarrituta», adierazi zuen atzo, COPE irratian egindako elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.