EH Bilduk «beste era batera» jokatzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Iriartek Azpiazuri jakinarazi dio «akordiorako borondatea» dutela, baina ezin dizkiotela aurrekontu berberak aurkeztu PPri eta EH Bilduri

Jaurlaritzako eta EH Bilduko ordezkariak, atzoko bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ordubeteko bilera bat egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk EH Bilduko ordezkaritzarekin —Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno parlamentariek osatu zuten—. Horrenbestez, Azpiazuk amaitutzat eman du Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuen inguruan egindako lehen bilera sorta —PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bildu zen joan den asteazkenean—. EH Bildurekin egindako bilera horretaz, Maddalen Iriartek aurreratu zuen ez zirela aparteko «xehetasunen» inguruan aritu, «normala» den bezala, baina haiek Azpiazuri jakinarazi ziotela badutela «akordiorako borondatea», betiere haien «egiturazko» proposamenak aintzat hartzen badituzte: «Ez dugu argazki bat nahi; bide hori topatu nahi dugu».

Iriartek garbi utzi zuen Jaurlaritzak ezin dizkiola aurrekontu berberak aurkeztu PPri eta EH Bilduri, eta «kezkagarria» litzatekeela gobernuak kontuak egitea pentsatuz PPk babestuko dituela. «Ez da gauza bera kontuak egitea PPrekin akordio bat egingo duzula pentsatuz edo EH Bildurekin adostuko dituzula pentsatuz». Hori dela eta, «ateraldiak» albo batera utzi —Joseba Egibarrek asteburuan esan baitzuen aurrekontuen negoziaziorako tartea 30-50 milioi euro artekoa dela— eta «beste era batera» jokatzeko eskatu zion Iriartek Azpiazuri. «Gure jarrera duela urtebete izan genuen berbera da», adierazi zuen EH Bildukoak, eta argi utzi zuen kontuak ateratzeko ardura Jaurlaritzarena dela.

Azpiazuren balantzea

Pedro Azpiazuk ere mezu ezin argiagoa eman zuen orain arteko hiru bileren inguruan aritzean: alderdiei eskatu zien «mugatzeko» aurrekontuen markora, eta ez egiteko marko hori «kuantitatiboki, kualitatiboki eta eskumenen arloan» gainditzen duten proposamenak eta eskariak.

EH Bildurekin egindako bileraz, Ekonomia sailburuak esan zuen «itxaropentsu» dagoela, eta espero duela oraingo honetan «negoziazio erreal eta eraginkor» batera sartuko direla. Elkarrekin Podemosekin egindakoaz, aldiz, «beste jarrera batekin» ikusi dituela: «Oraingoz, borondate irmoa ikusi dut hiru alderdien aldetik». Dena den, aurrerantzean «gardentasunez» jokatzeko eskatu zien hiru alderdi horiei, eta ez ibiltzeko inor «nahasten». Azaldu zuen horregatik ari direla luzatutako kontuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.