David Campion hautatu dute mankomunitateko lehendakari, ezustean

EH Bilduk lehenik eta PSNk ondoren, euren hautagaitzak atzera bota dituzte, eta Ollarango alkatearen izendapena babestu dute. Navarra Sumak, haserre, dena antzezpen bat izan dela salatu du

joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ustekabeak inoiz ezin dira baztertu Nafarroako politikan. Hori baieztatu zen atzo Iruñerriko Mankomunitateko batzarrean, ustekabean David Campion Ollarango alkatea hautatu baitzuten erakundeko lehendakari. Goizean, EH Bilduk iragarri zuen Aritz Aiesaren hautagaitza atzera botako zuela, Navarra Sumaren garaipena galarazteko asmoz. Proposamen horri erantzunez, David Campion Ollarango alkate eta mankomunitateko batzarreko ordezkari independeetako batek hautagaitza aurkeztu zuen. Lehen ustekabe hura ez zen aski izan, ordea. Gehiengo osoa lortzeko bozketaren lehen itzulian, ikusi zen Campionek ez zuela Navarra Sumako Juan Jose Etxeberriari gailentzeko nahikoa botorik. Hala, bigarren itzuliaren aurretik, Maite Esporrin PSNko ordezkariak hautagaitza erretiratu zuen, eta alderdi sozialistak azken orduan egindako proposamenak bere eginez, Campion eta Etxeberria aurkeztu ziren azken bozketara. EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta bost ordezkari independenteri esker, 29 boto lortu zituen Campionek, eta 23 Etxeberriak. Ironikoki, PSNren azken uneko botoei esker, gehiengo osoa lortu zuen.

Batzarra hasi aurretik nekez aurreikusi zitekeen zer gertatzera zihoan. EH Bilduren goizeko bat-bateko mugimenduak, dena den, eman zuen ezohiko batzarra izango zenaren lehen zantzua. Alta, batzarra abian zenerako aurkeztu zuen Campionek hautagaitza. Aurretik, Enrique Maia Iruñeko alkateak hartu zuen hitza, eta ozen protesta egin zuen batzarreko ordezkarietako bat Amaia Izko zelako. Aurreko astean egin bezala, «lege irizpideetatik harago», salatu zuen 11/13 auzian «terroristatzat» jo dutela, eta haren presentziak biktimak iraintzen dituela. Bere eskaera aktan jaso zen.

Maiaren ondotik, hautagaiek hartu zuten hitza. Lehenik, Campionek iragarri zuen Aritz Aiesak aurreko lau urteetan bultzatu duen proiektuarekin jarraitzeko asmoa duela, bai hondakinen arloan, bai hiri garraioan. Haren ondotik, Juan Jose Etxeberriak bere proiektua defenditu baino, salatu zuen EH Bilduk «amore eman» zuela hautagaitza erretiratuta, eta ziurrenik PSNrekin akordioa hitzartuta zutela. Esporrinek kritika horri iskin egin eta bere proiektua defenditu zuen.

Lehen bozketan agerian geratu zen Etxeberriak 23 boto zituela eta Campionek 22. Azken batean, Legarda eta Ezkabarteko ordezkariek iragarri zuten ez ziotela inori botoa emango. Gauzak horrela, Etxeberriaren agintaritza eragozteko giltza PSNk zuen. Ekainaren 15ean hainbat udaletan sozialistek egindakoa errepikatu zitekeen, baina gaueko ustekabe handienean, hautagaitza atzera bota zuten. Campionek justifikatu zuen Esporrinek bozketa aurretik nola hondakinen planaz hala hiri garraioaz helarazi zizkion proposamenak onartzen zituela.

Garaipena ziurtatuta, Campionek, pozik, «historikotzat» jo zuen 500 biztanleko udal batek 350.000 herritarri gertuko zerbitzua eskaintzen dien erakunde baten gidaritza hartzea. Navarra Sumakoek barrez hartu zituzten bere hitzak.

Dena amaituta, Maiak salatu zuen Campion «EH Bilduren B plana» izan dela, eta hari babesa eman diola PSNk. Bere aldetik, Joseba Asironek EH Bilduren eskuzabaltasuna nabarmendu zuen, eta kritikatu zuen Maiak trikimailu bidez eskuratu nahi izan duela mankomunitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.