PPk Blanco jarri du zerrendaburu, Araban diputatua berreskuratzeko

Bea Fanjul eta Iñigo Arkauz izango dira berriz zerrendaburu, Bizkaian bata, Gipuzkoan bestea. Txema Urkijo eta Fabian Laespada, Mas Paisen

Maroto, Blanco eta Oiartzabal, uztailearen 20an, Gasteizen. J. RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
jon olano
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Apirilaren 28ko hauteskundeetan, PPk ez zuen diputaturik eskuratu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Javier Maroto Arabako zerrendaburua gertu egon zen, baina Espainiako Kongresuan lekurik gabe geratu zen PPko Antolakuntza idazkariordea, eta senatari izendatu zuten gero, Gaztela-Leongo Parlamentuak aukeratuta. Orain, Mari Mar Blancok beteko du Marotoren lekua Arabako zerrendako lehen postuan. Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea da, Miguel Angel Blanco ETAk 1997an hildako PPko zinegotziaren arreba, eta diputatu izan zen azken legealdian, PPren Madrilgo zerrendan aurkeztuta.

Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, ez da aldaketarik izango apirileko zerrendekin alderatuta; Bizkaian, Beatriz Fanjul izango da zerrendaburua, eta Gipuzkoan, Iñigo Arkauz. Arkauzen izendapenak harrabotsa sortu zuen aurreko bozetan PPren barruan, Pablo Casado alderdiko presidenteak zuzenean aukeratu zuelako Arkauz, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gipuzkoako zuzendaritzen iritzia kontuan hartu gabe.

Madrilek Fanjul eta Arkauz berriro jarri arren, Alfonso Alonso PPko EAEko presidenteak urak baretu nahi izan ditu alderdian, esanda hiru zerrendaburuak «euskal PPren hautagaiak» direla. Blancoren izendapenarekin, berriz, «oso pozik» agertu da, «erreferentetzat» baitauka: «Diskurtsorako, ordezkatzeko eta gure onenaren ikur izateko gaitasuna du». Alonsoren arabera, PPk «beharra» zuen bere «ikurrak berritzeko eta horiek presente izateko».

Senaturako, Jorge Ibarrondo izango da PPren zerrendaburua Araban, Iñaki Oiartzabal apirileko zerrendaburua ordezkatuta. Bizkaian, Raquel Gonzalez aurkeztuko da berriro zerrendaburu, eta Gipuzkoan, Alejandro Saenz. Bi lurralde horietan «jarraitutasuna» dagoela azpimarratu du Alonsok, eta «nahikoa baikor» azaldu da azaroaren 10eko bozei begira: «ilusioa» dute, apirilaren 28an «kolpe gogorra» hartu eta gero: «Ziur nago ordezkariak berreskuratuko ditugula».

Mas Pais, Bizkaian

Bestalde, Mas Paiseko kideek oniritzia eman diete zuzendaritzak azaroaren 10erako proposatutako zerrendei. Hego Euskal Herrian, Mas Paisek Bizkaian aurkeztuko du hautagaitza, eta Txema Urkijo izango da zerrendaburua. BAK Bakearen Aldeko Koordinakundean aritutakoa da, eta Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko aholkularia izan zen Urkijo. Elkarrizketa batean, adierazi du «ardura ekintza» gisa erabaki duela aurkeztea.

Hautagaitza berean aurkeztuko dira BAKen ibilitako beste pertsona batzuk ere: Garbiñe Santacoloma izango da bigarrena, eta Fabian Laespada hirugarrena. Iñigo Errejon buru duen alderdiak ez du Senaturako hautagaitzarik aurkeztuko Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.