jon olano
Estatus politikoa. ANALISIA

Urrea esan, urria eman

2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urrea esan eta urria eman, dio esaerak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria testu artikulatu batean jaso duen aditu taldeak hamahiru hilabete eman ditu eztabaidan, zirriborro juridiko bat prestatzeko, eta, dokumentuen alderaketa azkar batek erakusten duenez —eta adituetako batzuek ere aitortu dutenez—, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioetatik urrun dago batzorde teknikotik irten den txostena. Nolabait esatearren, urrea jaso zuten oinarri eta printzipioetan, baina isla urria izan dute horiek asteartean aurkeztutako paperetan. Epea luzatu eta gero, adituek lanak izan dituzte azken asteetan enkargua betetzeko, orain, autogobernua eguneratzeko pilota alderdien teilatuan utzita. Azaroa bero, negua gero ere badio esaera zaharrak.

Prozedurari dagokionez, bi analisi merezi ditu. Ezkorraren arabera, denbora galtze bat izan da prozesua; Eusko Legebiltzarrak onartutako printzipio batzuk atzeko atetik itxuraldatzeko gune bat: 2012an EAJk Jaurlaritza berreskuratu eta ezker abertzale ofiziala parlamentura itzuli zenetik, Eusko Legebiltzarrean martxan da Autogobernu Lantalde bat, zazpi urtean begien bistako emaitzarik izan ez duena; taldeek proposatutako hizlarien txanda izan zen aurrena, geldialdia gero, oinarri eta printzipioak jarraian eta aditu taldearen enkargua hurrena. Zazpi urte, eta hauteskundeen atarian egoteak ziurtatzen du eztabaida parlamentarioa eten egingo dela aurki, autogobernua gaurkotzeko prozesua beste hilabete batzuez atzeratuta. Testuinguru horretan, ezinezko bat eskatu zitzaien Mikel Legardari, Iñigo Urrutiari, Arantxa Elizondori, Alberto Lopez Basagureni eta Jaime Ignacio del Burgori: filosofia bateraezinak testu batean ezkontzea.

Denbora galtze hori denbora irabazte bat da beste batzuentzat, Madrilgo panorama noiz eta nola argituko. Autogobernu Lantaldean bertan, 2015ean, Ramon Jauregik azaldu zuen Espainiako Konstituzioaren erreforma urte horretan egitea zela Espainiako estamentu askotan zegoen asmoa. Prozesua urte hasieran abiatu, eta hurrengo urterako konstituzio berria martxan egotea. Urte aproposa zela. «Gauzak pilatu» egin ziren, eta PPri ez zitzaion iruditu «garai egokia». Ia bost urte igaro dira; Espainian, oraingoz, ez da aukera leihorik zabaldu, eta gauza asko gertatu dira: autodeterminazio erreferendum bat Katalunian, Espainian alderdi biko sistemaren desegitea eta eskuin muturrak 52 diputatu lortzea. Lurrak desegonkor jarraitzen du.

Alabaina, ez da komeni aditu taldearen lana gutxiestea: bost familia politikoetako ordezkariak urtebetez aritu dira, mahaitik jaiki gabe, hiru lurraldeek hartu beharreko forma juridiko-politikoari buruz eztabaidatzen eta, neurri batean, ados jartzen. Bere akats guztiekin, lana beste eredu batzuk baino inklusiboagoa izan da, talde politiko guztien parte hartzea presente egon denez gero. Esperientzia berritzailea izan da, arrasto bat utziko duena: lan tresna bat(zuk) jarri d(it)u mahai gainean, birtualtasun nagusi bat dutenak: adostasun zabalak nabari daitezke —eskubideen atalean, proposamen antzekoak dira EAJ-Elkarrekin Podemos-PSE hirukoarena eta EH Bildurena—; aldi berean, alderdiei tarte nahikoa utzita gai korapilatsuak negoziatzen jarraitzeko —erabakitzeko eskubidea formulatzeko eta hura ezartzeko mekanismoak adosteko—.

Izan ere, adituenak proposamenak dira, ez bere horretan hartu beharrekoak, Andoni Ortuzar EAJko buruaren hitzetatik uler daitekeenez: «Adituen txostenak sakon aztertu eta estatus berriaren proposamen formal bat egite aldera, EAJ hausnarketa aldi bat irekitzearen aldekoa da». Denborak esango du hausnarketa aldi hori hauteskunde ataritik atera eta hurrengo legealdirako uzteko asmoz eginiko beste trikimailu bat den edo, kontrara, denbora tarte hori baliatuko duen oinarrietara hobeto egokitutako testu bat prestatzeko

Profezia autobetea

EAJk eta EH Bilduk 2018ko maiatzetik uztailera bitartean adostu zituzten estatus berriak izan beharreko oinarri eta printzipioak. Harrezkero, ziurtasun bat nagusitu da bi indar politikoen zenbait sektoretan: EH Bildun, EAJ akordiotik eroriko zela, oinarrietako edukiei ezin eutsita; EAJn, EH Bildu ez zela gai izango «pragmatismoz» jokatzeko eta testua PSE eta Podemosera zabaltzeko adinako gerri politikoa izateko: «maximalismoz» arituko zela. Hamazazpi hilabete geroago, oinarrien isla eskasak apenas harritu duen inor alde batean, eta aitzakia perfektua topatu du beste aldeak EH Bildu «betiko» posizioetan zokoratzeko —beste atal propio bat merezi luke hilabeteotan, EH Bilduk aditu taldean eginiko edozein mugimendurekiko, zenbait alderdik eta hedabidek erakutsitako hiperbentilazioa, kontraste handikoa beste filtrazio eta jarrera batzuekiko otzantasunarekin alderatuz gero—. Profezia autobetea, neurri batean, akordio hura ulertzeko indar bakoitzak zuten moduen arteko aldea erakusten duena: «Olentzerori gutuna» (sic) Ortuzarrentzat, akordio «historikoa» Otegirentzat.

Edozein kasutan, fase bat amaitu da, eta, esan bezala, alderdien garaia da. Hauteskunde aurreko giroa aukera ezin hobea izango da indar politiko bakoitzak bere posizioa indartu eta bestearena higatzen saiatzeko, baina epe ertainerako galderek mahai gainean jarraituko dute: egungo harreman ereduak ahalbidetzen al du euskal erakundeek eta herritarrek beren burua gobernatzeko ahalmena izatea eta bermatzea? Ez bada hala, zein ereduk balio du herritarren ongizate ekonomiko, sozial eta kulturala ahalbidetzeko? Aditu taldetik irtendako testu nagusiak euskal erakundeei ematen al die lan harremanak arautzeko, pentsioak kudeatzeko, euskal unibertsitatearen irizpideak erabakitzeko edo gutxieneko soldata ezartzeko gaitasuna? 40 urteko esperientzia ikusita, ezartzen al du bere artikulatu osoan jasotako edukiak beteko direla ziurtatzeko sistema bat? Fase honetan, zenbateraino erreparatu behar zaio Madrilen balizko oniritziari, autozentratutako prozesu konstituziogile bat garatu beharrean? Zein izan behar da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren, horien eta gainerako euskal herritarren nahiz horien eta espainiarren arteko harremanaren funtsa: borondatea eta atxikimendu askea —hots, erabaki eskubidea— edo inposizioa eta botere harremanen nahiz proiektu politikoen arteko desoreka? Momentu eratzaile bat egin nahi bada, herri honen mendebaldeko hiru indar politiko nagusiak gai izango al dira norabide bat ezarri eta zoru komun bat zedarritzeko? Eta horren garrantzitsua delarik gaia, zein izan behar du gizartearen egitekoa? Ikusle hutsarena edo kalitatezko eta berdintasunean oinarritutako eztabaida egon dadin herritar aktiboa eta exijentea? Galdera horien erantzunen araberakoa beharko luke etorkizuneko estatusak. Badago denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.