Gasteizko ikastetxe batzuetan ikasleen %84k jatorri atzerritarra dute

Steilasek eta Ikusbidek egindako ikerlan batek dio Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «estatuko eskola segregazio tasarik handiena» dutela. Steilasek eskatu du itunpekoen «pribilegioak» amaitzeko

Steilas sindikatuko ordezkarien prentsaurrekoa, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Hezkuntza sisteman jatorri migratzailea duten gazteen egoera aztertzeko asmoz, ikerketa bat egin dute Steilas sindikatuak eta Ikusbide elkarteak. Eta ondorio argi bat atera dute: sare publikoko ikastetxe batzuetan pilatzen dira jatorri migratzailea duten ikasle ia denak. Gasteizko sare publikoko hainbat ikastetxetan egin dute azterlana, baina emaitzak baliagarriak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoaren argazkia ateratzeko, Jose Masa Espina eta Jone Gibelaldi-Iribas Steilas sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez. Ikerketaren arabera, DBHko laugarren maila ikasten ari diren Gasteizko hamar gaztetatik zortzik jatorri atzerritarra dute (%84). Are, mota horretako ikastetxeetan biltzen dira pobrezia egoeran dauden ikasle gehienak, txostenak jasotzen duenez.

Azterlanean ondorioztatu dutenez, hiru lurraldeek oro har eta Gasteizek bereziki «Espainiako estatuko eskola segregazioko indizerik handiena» dute, eta eskola pribatu eta itunpekoen batez besteko kopururik handiena Europan. «Bi fenomeno horiek, segregazioa eta eskola pribatu-itundua, oso lotuta daude», ohartarazi dute Steilaseko ordezkariek. Hezkuntza sistemaren dualtasuna da arazoaren jatorria, sindikatuko kideen ustez, ikasleen ia erdiak itunpeko ikastetxeetan matrikulatuta baitaude. Horregatik, uste dute oso zaila dela eskola segregazioa amaitzea baldin eta itunpeko ikastetxeen «pribilegioak» amaitzen ez badira. Eta zenbait datu eman dituzte hori erakusteko. Gasteizko Lehen Hezkuntzako 31 ikastetxe publikoetatik hamazazpi jatorriagatik eta arrazoi sozioekonomikoengatik segregatuta daude; itunpeko ikastetxe pribatu bakarra dago egoera horretan. Bestalde, hamabi institutu publikoetatik lautan izaten dira segregazio egoerak; sare pribatu-itunduan, berriz, bakar batean.

Ikasleen segregazioa neurtzeko, hainbat aldagai aintzat hartu dituzte ikerlanean. Horietako bat da hizkuntza eredua. Ikerketak agerian utzi duenez, D eta B ereduak nagusi dira jatorri atzerritarreko ikasleen kopuru apalak dituzten eskola publikoetan; «segregatutako ikastetxetan», bik A eredua dute, eta beste batek B eta D eredua. Euskarari dagokionez, berriz, segregazioa nagusi den ikastetxeetako gazteen %10ek daukate euskara berezko hizkuntzatzat.

Ikasleen identitateari buruzko datuak ere eman dituzte txostenean: segregaziorik ez den ikastetxeetan, jatorri migratzailea duten hamar ikasletik seik euskal edo espainiar herritartzat jotzen dute euren burua; identitate sentimendu hori hamasei puntu txikiagoa da jatorri migrantea duten ikasleak pilatzen diren ikastetxeetan. Antzeko emaitzak daude ikastetxe horietako gazteen gasteiztar sentimendua aztertzeko garaian: galdekatutako hamar ikasletik seik ez dute beren burua gasteiztartzat jotzen.

Ikastetxe batzuen eta besteen emaitza akademikoak ere aztertu dituzte ikerketan, eta ondorioztatu dute segregatuta ez dauden ikastetxeetako ikasle migranteen %16k baino ez dutela ikasturteren bat errepikatu,eta unibertsitatera joateko helburua dute ikastetxe horietako hamar ikasletik seik. Ikasle migratzaileak pilatutako ikastetxeetan, berriz, askoz apalagoak dira bi datu horiek: herenek ikasgairen bat errepikatu dute, eta %46k egin nahi dituzte unibertsitate ikasketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.