Adineko andreen kontrako indarkeria erdigunera

Jaurlaritzak A-25erako kanpaina abiatu zuen atzo. Gizarteari eskatu dio «adi» egon dadila eguneroko indarkeria antzemateko

Kanpainaren aurkezpena, atzo. EMAKUNDE.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Eta zuk... ikusten duzu? Adi dagoen gizarte batek soilik detektatzen du indarkeria ezkutuena leloa oinarritzat hartuta, indarkeriarik «ezkutuena» jarri nahi izan du erdigunean Emakundek azaroaren 25a dela-eta egingo duen kanpainan. Azaldu duenez, 55 eta 79 urte bitarteko emakumeen testigantzetan zentratzen da, eta, besteak beste, telebistan, irratietan, egunkarietan, hedabide digitaletan eta sare sozialetan zabalduko dute. Egitasmoaren helburu nagusia da gizartea «sentsibilizatzea». Atzo aurkeztu zuten Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko kanpaina, eta azaroaren 30era bitartean egongo da martxan.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuenez, indarkeria egoera «asko» normalizatuta egon da, eta, «askotan, biktimek berek ere ezin izan dute indarkeria gisa izendatu». Kanpainaren bitartez, gizarteari eskatu nahi diote eguneroko indarkeriari «adi» egon dadila, eta, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu zuenez, kanpaina «baliagarria» izan daiteke, testigantzak entzun ondoren «errazagoa» delako indarkeria identifikatzea.

Landaidaren arabera, adineko emakumeen aurkako indarkeriak duen «ikusezintasunagatik» jarri dute kanpainaren erdigunean; izan ere, emakume horiek «askotan» ez dute autonomia ekonomikorik, eta «haien garaiko gizarteak ez du onartzen genero indarkeria». Emakundeko zuzendariak adierazi zuenez, «emakume adinduak askotarikoak izan arren», haiek «zaurgarriagoak izan daitezke adina dela eta».

Talde espezializatuen bilera

Atzo, gainera, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko talde espezializatuen lehen bilera egin zuten, eta Artolazabal izan zen horren buru. Zerbitzu horien arteko koordinazioa «hobetzeko» balio izan zuen bilerak: «Ideia da lan batasuna definitzea, emakumeak ez birbiktimizatzeko».

Topaketan zenbait eragilek parte hartu zuten: Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak, Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroak, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak, Zurekin laguntza programa eta Familia Elkarguneak, Emakundek eta Ertzaintzaren Indarkeria Matxistaren aurkako Polizia Unitateak.

Artolazabal sailburuak adierazi zuen «porrota» dela emakume batek tratu txarrak jasatea: «Emakume horietako bakoitzagatik, gehiago ahalegindu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.