Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020aren aldean

EAEko Arartekoak salatu du hainbat erakundek ez dietela erantzuten bere informazio eskaerei

Manuel Lezertua EAEko arartekoa bere lantaldearekin batera, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Manuel Lezertua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du 2022. urtean jaso zituen kexu eta eskakizunei buruzko txostena. COVID-19aren pandemiaren ondotik, «normaltasunera» itzultzeko urtea izan zen 2022a, nahiz eta izurriak ondorio «iraunkorrak» utzi dituen osasunean eta osasun zerbitzuen kalitatean, Lezertuak nabarmendu duenez.Horrez gain, Ukrainako gerrak sortutako energia krisiak baldintzatuta egon zen joan den urtea, eta gatazka horren ondorioek «egoera ekonomiko ahulenean» daudenen ongizatea okertu zuen.

Datuei erreparatuta, iaz 12.704 ekinbide tramitatu zituen Arartekoaren bulegoak; horien artean, herritarrek aurkeztutako 7.504 kexa eta kontsulta izan ziren, eta ofizioz 21 jardunbide abiatu zituen instituzioak berak. Halaber, ia 2.328 espediente ebatzi zituen, eta 1.355 ebazpen eman. Kexak tramitatzeko batez besteko epea 66 egun izan zen.

OSAKIDETZA

Joan den urtean, idatzizko 307 kexa aurkeztu ziren osasun arloan, arartekoak tramitatutako ekinbide guztien %12,11. Kexak gehien ugaritu diren arloa izan zen osasunarena. Hain justu ere, 2020. urtearekin alderatuta %220 egin zuten gora Osakidetzarekin lotutako kexek. Joan den urtearen hasieran COVID-19aren pandemiagatik indarrean ziren hainbat murrizketarekin zerikusia du kexen ugaritzeak, baina Lezertuak azaldu du izurriaren eraginez osasun sistemak nozitutako «tentsio egoera» ere islatu dela herritarren kezketan, bereziki lehen mailako arretari dagokionez. Hala ere, arazoaren erroa ez dago pandemian bakarrik, erakundearen txostenak agerian utzi duenez: pandemia aurretik ere osasun arretaren egoera «kaskarra» zela dio txostenak, familia medikuen eta pediatriako espezialitateen premiak «ez zirelako aski planifikatu», besteak beste.

Arartekoak Osakidetzarekin lotutako kexen inguruko kezka helarazi zion duela aste pare bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, bilera batean, eta hark esan zion arazoei «irtenbideak» bilatzen ari zaizkiela. Lezertuaren esanetan, lehen arretan kontsulta presentzialak berreskuratzeko pausoak eman dira, baina profesionalen eskasia konpontzeko «denbora gehiago» beharko da.

Osakidetzako kexen ugaritzeaz galdetu zioten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, eta adierazi zuen «ulergarria» dela herritarren ezinegona, osasun sistema «gaindituta» egon delako. Hala ere, Osakidetzaren ohiko funtzionamendua berreskuratzeko ahalegina egiten ari direla nabarmendu zuen.

GIZARTE BAZTERKETA

Gizarte bazterkeriaren aurkako bitartekoekin lotutako kexek apur bat behera egin zuten iaz: 458 ekinbide tramitatu zituzten, 2021ean baino 50 gutxiago. Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia izan zuten hamar espedientetik bederatzik. Gainerako kexak diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzeko jarduerekin lotuta egon ziren.

HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

Iaz zazpi kexa jaso zituen arartekoak administrazioekiko harremanetan herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu ez zirelako. Zehazki, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunetik eratorritako eskubideei buruzko kexak izan ziren.

Hizkuntza eskubideekin lotutako bi bazterketa egoera aipatzen ditu txostenak: Udaltzaingoko agenteei euskarazko arreta eskatzeak eragindako «gatazka egoerak» eta administrazio publikoetako sarbide probetara aurkezteko gaitegia prestatzeko materialak soilik gaztelaniaz egon izana. Azken salaketa horri dagokionez, arartekoak «kezka» agertu du hautagai euskaldunek ez dutelako «aukera berdintasunik» funtzio publikoko probak egiteko orduan, eta administrazioei horren berri eman die, testuak bi hizkuntza ofizialetan egon daitezen.

LANKIDETZARIK EZA

Lezertuak nabarmendu du pandemiak eragindako etenaldiaz geroztik zenbait administraziok ez dutela elkarlana «zaindu», eta ez dietela erantzun arartekoaren informazio eskaerei. Hain zuzen ere, arrazoi hori dela medio, iaz 46 errekerimendu bidali zizkien arartekoak instituzio ezberdinei. Ordutik elkarlana hobetu bada ere, administrazioen herenek oraindik ez dute erantzunik eman edo berandu erantzun dute. Zehazki, arartekoak hemeretzi administraziori leporatu die «etengabeko lankidetza falta» izatea; gehienak udalak dira, eta urtebete eta bi urte artean behar izan dituzte informazio eskaerei erantzuteko. Oharra egin du Lezertuak: «Delitua da administrazioak arartekoarekin elkarlanean ez aritzea». Egoera horiek konpontze aldera, ez du baztertu EAEko Fiskaltzara jotzea salaketa aurkezteko.

Arartekoak berarekin kolaboratzen ez duten administrazio publikoei isunak jartzeko gaitasuna eduki dezan, legea aldatzearen alde agertu da Lezertua, Nafarroak 2021ean egin zuen modura. Jakinarazi duenez, uda baino lehen EAEko Arartekoaren legea erreformatzeko proposamena mahai gainean jarriko die alderdiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.