Ahal Dugu-k ukatu egin du EH Bilduri «betorik» jarri izana

Santosek nabarmendu du Parlamentuko Mahaia zabaltzearen alde egin zutela, eta «azken unean» negoziazioa desblokeatu zela. Zortzi legealditan mahaiak gutxienez kide abertzale bat izan du

joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Asteazkenean gertatutakoaren oihartzunak indarrez jarraitzen zuen atzo. Orain arte EH Bilduren bazkide izan den Ahal Dugu abstenitu egin zen Maiorga Ramirezen hautaketan. Bozketaren ondoren, Ahal Dugu-k arrazoitu zuen ez zutela ez EH Bilduko ez PSNko hautagaia babestu nahi izan. Erabaki horrek arreta piztu du, eta sare sozialetan EH Bilduk aitzakia merkeak eman nahi izatea leporatu dio. Atzo Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak ukatu egin zuen koalizio abertzaleari «inolako betorik» jarri izana: «Indar demokratiko bat gehiago da. Hainbat puntutan bat egiten dugu, eta beste batzuetan diferentzia handiak ditugu».

Atzo, mahaiaren osaeraren inguruko negoziazioaren zailtasuna azpimarratu zuen Santosek. Lehenik, larunbatean udal gobernuetan jazotakoaren ondotik, elkarrizketei«giro zail» batean ekin zitzaien. Geroa Baik exijitu zuen mahaiak Nafarroaren aniztasuna islatu beharko lukeela eta EH Bilduren presentzia ziurtatu; aldiz, PSNk defenditu zuen osatu nahi den 23 parlamentariko gehiengoa mahaian islatu beharko litzatekeela eta EH Bildu mahaitik at utzi.

Santosen arabera, «ustezko bi kontraesan horiek bideratu behar izan ziren negoziazio mahaian». Ahal Dugu-ren ikuspegitik garrantzitsua zen bi alor horiek uztartzea: «Ezin genuen onartu Nafarroako laugarren indarrak inongo ordezkaritzarik ez izatea». Hala, «hirugarren bidea» proposatu zuten, eta mahaia zabaltzeko aukera babestu zuten, araudiaren aldaketa bat bultzatuz. Aurreko legealdian talde barruan izandako arazoak gogoan, araudian beste hainbat gai moldatu daitezkeela deritzo —hala nola «transfugismoaren aurkako neurriak edo gardentasunaren eta aniztasunaren inguruko kontuak»—.

Azkenenean, proposamen horrek bidea egin zuen, eta «azken unean egoera desblokeatu zen». PSNk Unai Hualderen presidentetza babestu zuen, eta, horri esker, Geroa Baik mahaian sozialistek ordezkari bat izatea erraztu zuen. Halaber, EH Bilduk idazkaritza lortu eta Geroa Baik onartu zuen mahaia zabaltzea, bertan tokia egiteko PSNko beste ordezkari bati eta Ahal Dugu-ko bati. Modu horretan, osatu nahi den 23 parlamentariko gehiengoa luke mahaiak.

Santosen arabera, «konfiantza sendotu» eta urrats bat aurrera egin da gobernua osatzeko bidean. «Ez dago dena eginda, orain akordio programatikoa hitzartu behar da», aipatu zuen, baina baikor azaldu zen. Haatik, bide horretan PSNk negoziazioetatik kanpo utzi nahi du, eta amaieran EH Bilduri abstenitzeko eskatuko dio. Horri buruz galdetuta, Mikel Builek erantzun zuen negoziazioen lidergoa PSNri dagokiola, nahiz eta sozialistek jakin EH Bilduren abstentzioa behar dutela.

Esparza, eta PSNren marra

Navarra Sumako Javier Esparzak, berriz, Espainiako hainbat komunikabidetara jo zuen atzo, PSOE baldintzatzeko asmoz. 1979koa barne, Nafarroak izandako 11 legealdietatik zortzitanordezkari abertzale bat izan du gutxienez Parlamentuko Mahaiak, eta Bildu sortu zenetik beti izan du kide bat. Hala ere, Esparzaren arabera, «PSOEk EH Bildurekin hitzarmena egin du». Haren hitzetan, «orain arte zeharkatu ezin zen marra» zeharkatu dute sozialistek: «Militante sozialistak hiltzen zituztenean, hilketak txalokatzen eta xanpainarekin ospatzen zituztenengandik oso gertu geratu dira, eta erabaki horrekin bat egiten ez duten militanteengandik oso urrun». Presidentea jeltzalea izatea ere kritikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.