Navarra Suma bakarrik geratu da

Eskuineko koalizioaren osoko zuzenketa atzera bota dute gainerako taldeek. EH Bilduk espero du gobernuak akordioa beteko duela

EH Bilduko Bakartxo Ruiz, hizketan; hari begira, entzuten, Navarra Sumako Javier Esparza. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bide luzea egin dute orain arte, eta oraindik ere hiru aste geratzen zaizkie Nafarroako aurtengo aurrekontuei parlamentuan onartuak izateko —otsailaren 27an bozkatuko da—. Duela bi aste gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu ostean, atzo Navarra Suma bakarrik geratu zen berriro. Gainerako taldeek atzera bota zuten eskuineko koalizioak lege proiektuaren aurka aurkeztutako osoko zuzenketa. Tramitetzat jo daitekeen hesi hori gaindituta, orain batzordeetan eztabaidatuko dira taldeek aurkeztutako 803 zuzenketak.

Herenegun, Javier Txibite, Maria Txibiteren aita, hil egin zen, bat-batean, eta Nafarroako Gobernuko lehendakaria ez zen izan atzoko saioan. Talde guztietako ordezkariek dolumina azaldu zioten euren txandako lehen hitzetan. Elma Saiz Ogasun eta Ekonomia kontseilariak nabarmendu zuen aurten 4.256 milioi euroko aurrekontua izango duela Nafarroak. EH Bildurekin lortutako akordioaren ondotik eta diru sarreren aurreikuspenak hobetu direnez, astelehenean gastu sabaia handitu zuen gobernuak, eta iaz baino 230 milioi euro gehiago izango ditu guztira.

Negoziazio horri begira, ika-mika izan zuten agintari eta eledun sozialistek Maria Jesus Valdemoros Navarra Sumako eledunarekin. Valdemorosen arabera, «amnesiak erasan dio» alderdi sozialistari, iragan legealdiko aurrekontuei «anbizio eta proiektu falta» egozten zielako eta orain aurrekoaren %99 bere egin duelako. «Esaten zenuten aurreko aurrekontuak baloia hartu eta aurrera jotako ostikada zirela. Bada, zuek hori egin duzue: norabide berean ostikoa jo». Valdemorosen arabera, azaroan eta abenduan gobernuak bi aldiz ukatu zion bazela tarterik gastu muga handitzeko. «Malgutasun hori EH Bildurentzat gorde zenuten. Gastu muga igotzeko aukeraz galdetu nizuenean, ezuste aurpegia jarri zenuten. Gezurra esatea oso itsusia da».

Berriro ere «bazterrean»

PSNko Ainhoa Unzuk gainerako taldeak etikoki epaitzea baina bere alderdiaren jarrera kontuan ez izatea aurpegiratu zion Valdemorosi. «Berriro ere bazterrean utzi duzue zeuen burua. Txibitek denei luzatu zien eskua, baina zuek berriro ere erakutsi duzue nahiago duzuela gatazka, ez dakigu estrategiagatik den edo oraindik ere ez duzuelako gainditu boterea galdu izanaren dolua». Gogora ekarri zion azaroaren amaieran Valdemoros bera eta Javier Esparza «eskuak poltsikoan, proposamenik gabe» bertaratu zirela Txibitek Nafarroako jauregian Navarra Sumarekin egin zuen bilerara. Unzuren arabera, Navarra Sumak oraindik ez du ulertu nafar gizarteak elkarrizketaren mandatua eman diela parlamentariei, eta jarrera aldatzeko eskatu zion.

Bide beretik jo zuen Geroa Baiko Uxue Barkosek, batik bat Navarra Sumaren kontraesanak azpimarratuz. «Lau urte galdu zenituzten ulertu gabe elkarrizketarako jokalekua aldatu egin dela. Jarrera aldatzera animatzen zaituztet. Hogei eserleku dituzuela diozue, baina, elkarrizketari begira, hutsaren hurrena duzue. Eta, autogobernuaren defentsari dagokionez, ez dituzue hogei, hamabost baizik», esan zuen, erreferentzia eginez iragan asteko trafikoko eskumenen bozketari, ordu hartan Ciudadanoseko hiru kideek aurka bozkatu baitzuten eta PPko bi parlamentariak osoko bilkuratik aldendu baitziren euren posizioa saihestu nahirik. Barkosek adierazi zuen aurreko gobernuaren bide beretik doazela aurrekontuak, nahiz eta hainbat aldaketa izan.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen ustez, legealdi honetan agerian geratzen ari dira eskuina eta eskuin muturra «Navarra Sumaren aterkipean» daudela, eta koalizioa UPN baino «suharragoa eta gogorragoa» dela. Hala ere, haren esanetan, agerian dago orobat haren eragin politikoa «hutsaren hurrena» dela. Bakartxo Ruizen arabera, EH Bilduk ahal duena egingo duela eskuina gobernura itzul ez dadin. «Guk aukera bat ematea hobetsi dugu, eta, orain, gobernuaren eskuetan dago hitzartutakoa betetzea». Dena den, salatu du berdintasun arloan eta udalen finantzaketan murrizketak daudela edo ikastetxe pribatuei emandako laguntzak handitu egin direla.

Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, Navarra Sumak ez du argitu nondik atera nahi zituen 500 milioi euro. Izan ere, abendu amaierako eztabaidan, eskuineko koalizioak 250 milioi euro inguruko zerga jaitsiera proposatu zuen, eta, orain, bere zuzenketa partzialetan, 280 milioi euroko gastu igoera proposatu du.

Ezkerrako Marisa de Simon kritiko agertu da aurrekontuen edukiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.