Libre, baina etxera ezin itzulita

Epaileak berriro aske utzi du David Pla, baina Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri dio

David Pla, atzo iluntzean, Soto del Realgo espetxetik (Madril) atera ondoren. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Epaileek (h)Alboka auzian David Pla bigarrenez utzi dute libre. 2010eko apirilean atxilotu zuten lehendabizi, Hendaian (Lapurdi), Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, baina Frantziako epaileak aske utzi zuen handik egun gutxira, kargurik gabe. Atzo gelditu zen aske bigarrenez, Maria Tardon Auzitegi Nazionaleko epaileak hala erabakita, deklarazioa hartu ondotik. Soto del Real espetxetik (Madril) atera zen aske, atzo iluntzean. Oraingoan, behin-behinean eta baldintzapean utzi dute kalean; Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri diote, Hendaian bizi den arren, familiarekin. Iruñera joango da bizitzera oraingoz, gurasoen etxera.

Iazko urte bukaeran Frantziako auzitegiak euroagindua onartu ostean, Pla gaur zortzi atxilotu zuen Poliziak, Hendaian, polizia etxera sinatzera joan zenean. Baionako espetxean eduki zuten preso, behin-behinean, eta herenegun Espainiaratu zuten. Atzo pasatu zen Tardonen aurretik, eta epaileak ia arratsaldeko laurak zirela plazaratu zuen askatasun autoa. Han dio Pla orain arte agertu dela auziko hitzorduetara Frantziako Estatuan —iazko apirilean beste auzi batean libre geratu zenetik, astean bitan sinatzera joan da polizia etxera, eta Parisko auzitegietara hiru aldiz joan da—, eta, beraz, orain espetxera sartzea ez zela «neurrikoa» izango. Fiskalak ez zuen eskatu kartzelatzea; aldiz, herri akusazio AVT elkarteak, bai.

«Auzi honetan justizia ez saihesteko» xedez epaileak ezarri dizkion neurrien artean daude pasaportea kentzea, bizitzen jartzen den tokitik gertueneko epaitegian astero sinatzea, eta lokalizatua izateko telefono zenbakia eta etxearen berri ematea. Neurriak kentzeko eskatu du Sortuk, eta «herri honetan garai berri bat irekitzeko» hark egindako lana nabarmendu du. Pla familiarekin bizi da Hendaian, eta, kontsultatutako iturri juridikoen arabera, hara itzuli arren —hori eskatu zuen Amaia Izko abokatuak atzo, auzitegian—, baluke aukerarik Irungo (Gipuzkoa) epaitegian sinatzeko, baina Tardonek ez dio horrelako aukerarik eman.

Frantziako Auzitegi Korrekzionalak iazko otsailean kartzela zigorra jakinarazi zionean, Parisek urtebetez Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko debekua ezarri zion Plari —hala ere, euroagindua ebatzi artean ez zuen aplikatu—, eta joan den asteburuan bukatu zen epea, Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak BERRIAri adierazi dionez. Beraz, Plak baluke berriro Hendaiara bueltatzerik.

Etakidea izatea leporatzen diote, baina Frantziak 2019ko otsailean akusazio beragatik epaitu—eta zigortu— zuen, eta Madrilek berez ezingo du horregatik berriz ere juzgatu. ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten diete (h)Alboka auziko kideei. Pla 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) ETAko kide batekin batzartu zela dio Auzitegi Nazionalak —auzibidea Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroak abiatu zuen—, baina Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristak egiaztatua du Pla egun hartan Fresnesko espetxean zela, euskal preso baten bisitan.

Azkeneko aldiz 2015eko irailean atzeman zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko zuzendaritzako kidetzak jota. Plak berehala esan zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzakoa zela.

Sorzabalena, atzeratua

Frantziako Dei Auzitegiak datorren martxoaren 25era atzeratu du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka atzo aztertzekoa zen laugarren euroagindu eskaera. Fiskalak galdegin zuen martxora pasatzea saioa. Aurreko euroagindu eskaeretako saioetan beste fiskal bat aritu izan da. Atzo prokuradoreak esan zuen aski mardula dela dokumentazioa eta ez duela behar beste denbora izan aztertzeko. Oraingo kasuan, 1996an Donostiako epaitegi batean ETAren izenean lehergailu bat jartzea leporatzen diote Sorzabali.

Cachenaut abokatuaren arabera, bere bezero eta euskal presoak 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiak orain arte onartu egin ditu hiru euroagindu eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.