Albistea entzun

«Ezkerra zabaldu» nahian baina EAJri «erabat leial» aurkeztu da Andueza

PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitza berretsi du. Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohiak ere aurkezteko asmoa agertu du
Andueza, atzo, pozik, bere hautagaitza aurkezteko agerraldian.
Andueza, atzo, pozik, bere hautagaitza aurkezteko agerraldian. M. DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2021eko irailak 25 - Bilbo

«Apaltasunez eta erabakitasunez» hasi du Eneko Anduezak PSE-EEren lidergorako bidea: «Nire onena emateko ilusioz, PSE-EE herri honetako etorkizunean giltzarri izan dadin». Idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen ofizialki atzo, Bilbon. Azken zazpi urteetan Idoia Mendiak urratutako bideari jarraitzeko prest agertu zen: sozialistek EAJrekin dituzten gobernu akordioei «erabateko leialtasuna» adierazi zien, baina «ezkerra zabaltzeko» borondatez ere mintzatu zen. Azaroaren 20an eta 21ean egingo duen IX. kongresuari begira dago alderdia: idazkari nagusia aukeratzeko primarioak urriaren 30etik azaroaren 6ra egingo dituzte, hautagai bat baino gehiago baldin badago. Eta hala izan daiteke: Basauriko (Bizkaia) zinegotzi ohi Soraya Morlak aurkezteko asmoa agertu du.

Asteartean Idoia Mendiak karguan segitzea baztertu zuenean, Eneko Anduezaren izena agertu zen kinieletan haren ordezko gisa, eta hautagaitza ofizial bihurtu aurretik ere babesa adierazi zioten hainbat kidek, zeharka bada ere. Jarraitutasunaren taldea izango baita Anduezarena. Mendiaren «eskuzabaltasuna eta zintzotasuna» ez ezik, haren lana ere goratu du hautagaiak: «Euskal politikaren ardatza da PSE».

Halere, garaiotako erronkei eta premiei erantzuteko, «sozialismoa indartu» behar dela uste du Anduezak. Bide horretan, «euskal ezkerraren espazioa zabaltzearen» alde mintzatu da: «Benetako Euskadiko Ezkerra gara». Ahal Dugu-rekin eta EH Bildurekin akordio sendoak egiteko aukeraz galdetuta, ez du aterik itxi: «Sozialistek ez dugu begiratzen akordioak norekin egin, baizik zertarako. Bide orria argi eduki behar da: zerbitzu publikoak indartzea eta herritarren bizi baldintzak hobetzea ezinbestekoa da. Horrekin bat datozenek akordiorako prest izango gaituzte».

Halere, EAJrekin dauzkaten gobernu akordioei «erabateko leialtasuna» agertu die Anduezak. Hain justu, hori izango da PSEko kanpainaren eztabaidetako bat; izan ere, Morlak auzitan jarri ditu jeltzaleekiko itunak, «alderdiaren esentzia galarazi» dutelakoan. Aldiz, Anduezak aitortu du gobernu akordioekin «eroso» dagoela: «Instituzioei egonkortasuna ematen badiete eta bion arteko lana onuragarria bada gizartearentzat, horretan segituko dugu. EAJrekiko akordioen bide orriak zigilu sozialista eta progresista dauka».

Gipuzkoako PSEko buru

Jeltzaleekiko desadostasunak ere ahotan izan ditu, edonola ere. Autogobernuaren alorrean, pandemia garaiko «kogobernantza» aldarrikatu du: «Ez dugu nahi tentsionamendu artifizial identitariorik. Bere egitura politiko eta juridikoa errespetatuko duen Euskadi bat nahi dugu, aniztasun politikoa eta bizikidetza babestuko duena, Espainiarekin erlazio federala izango duena».

Ibilbide luzea egina du Eneko Anduezak PSEn: Gipuzkoako idazkari nagusia da 2017tik, eta alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea legegintzaldi honetan. Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1979an, eta 18 urterekin afiliatu zen PSEn; ordutik hainbat kargu politiko izan ditu: besteak beste, Iñaki Arriolaren alboan.

Soraya Morla, ordea, ez da hain ezaguna. Berri agentziei adierazi dienez, hautagaitza berresteko berme nahikoak lortuko dituelakoan dago; 2017an PSOEko primarioetan Pedro Sanchezen alde agertutako kideek osatuko dute haren taldea. PSE ez du indartsu ikusten: EAJrekiko akordioen ondorioz, «gero eta gehiago urtzen ari da, nortasuna galtzen», eta horregatik ez ditu berreskuratu azken urteetan galdutako botoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Markel Olano eta Jean-Jacques Lasserre akordioaren berri eman dute gaur goizean, Donostian. ©Gipuzkoako Foru Aldundia

«Mugaz gaindiko» lehen aurrekontuak onartu dituzte Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariek

Unai Etxenausia

300.000 euroko aurrekontu bat zehaztu dute bi aldeek; 150.000 euro erakunde bakoitzak.

Martin Villa, Madrilen egindako agerraldi batean. ©FERNANDO ALVARADo / EFE

Bartzelonako Urrezko Dominari eutsi dio Martin Villak

Iosu Alberdi

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du hiriko udalak hartutako erabakia. 

 ©JON URBE / FOKU

«Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu»

Joxerra Senar

Garrantzi berezia eman dio Iruñean eta Bilbon egingo den manifestazioari; larunbatean egingo dute, gazteen pobretzeari eta pandemiari eman zaien erantzun autoritarioa salatzeko. «Beharrezkoa da bide propio bat egitea».
Zaballako espetxearen atarian 2020ko abenduan euskal presoen seme-alaben eskubideen alde egindako ekitaldi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Zaballan dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

3 urte bete berri dituen Izadi umearen gurasoak dira. Espainiako Espetxe Erakundeek abendu akaberan iragarri zuten Euskal Herriratuko zituztela, eta gaur gauzatu da lekualdatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.