Abian jarri dute euskal hedabideak babesteko laguntzen sistema berria

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek modu koordinatuan emango dituzte 2021 arteko laguntzak

Erakundeetako eta hedabideen sektoreko ordezkariak, martxoan, laguntzen eredu berria aurkeztu zutenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideak babesteko laguntzak areagotu eta bateratu egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek. Martxoan aurkeztu zuten sistema berria, Hekimen hedabide elkartearekin adostua, eta martxan da prozedura: diru laguntzak eskatzeko deialdiak abian jarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, atzoko aldizkari ofizialean argitaratu zuen deialdia. Haren diru laguntza jasoko dute hedabide nazionalek, baita telebistek, irratiek eta Interneteko atariek ere; tokiko aldizkariek, berriz, diputazioen laguntza jasoko dute. Hiru urterako laguntzak ebatziko dituzte deialdien bidez: 2019, 2020 eta 2021. Urtean 10,5 milioi jarriko dituzte erakundeek hedabideak laguntzeko, iaz baino hiru gehiago. Laguntzak banatzeko irizpideak ere bateratu dituzte erakundeek.

Hilabeteetako gogoetaren ondorio da orain martxan jarritako laguntza eredua. 2017an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan arduradunak aldatu zituztenean, gogoeta hasi zuten Jaurlaritzak berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen elkarteak. Gogoan izatekoa da justu aurretik hedabideen laguntza deialdia ebatzia zuela Jaurlaritzak, aurreko arduradunen eskutik, eta irizpideetan aldaketa handiak egin zituela, sektorearekin adostu gabe —aldaketa horren ondorioz, inoizko babesik txikiena jaso du BERRIAk aurreko hiru urteetan—. Arduradun berriek zalantza agertua zuten irizpideekin, eta prozesu bat hasi zuten adostasuna lortzeko helburuz.

Lehia sistematik kanpo

2017 amaieran hasitako prozesua joan den martxoan amaitu zuten, sistema berria adostuta; Bizkaiko eta Arabako diputazioek ere bat egin zuten eredu horrekin. Bi helburu nagusi jarri zituzten: batetik, laguntza sistema «ordenatzea», hedabide arlo bakoitza zer erakundek lagundu behar duen zehaztuta; bestetik, komunikabideen «egonkortasuna» bermatzea, hiru urterako laguntzarekin, urtez urteko aldaketak saihesteko.

Laguntzak zenbatekoak izan, aldaketa handia dago irizpideetan: orain arteko puntu eta lehia sistemaren aldean, hedabideen kostuaren zati bat estaliko dute laguntzek, %30-35. Horretarako, kostu estandar batzuk zehaztu dituzte. Hortaz, papereko argitalpenen kasuan, esate baterako, zehaztu dute zenbateko laguntza izango den sortutako eta inprimatutako orrialde bakoitzeko eta banatutako ale bakoitzeko, bakoitzaren ezaugarrien arabera.

Urtean 10,5 milioi euro jarriko dituzte laguntzetan. Jaurlaritzak ipiniko du diru zatirik handiena: 7,9 milioi. Haren ardurapean geratutako hedabide arloei ez ezik, foru aldundiei bideratuko die diru kopuru bat, tokiko aldizkarien laguntzetan erabil dezaten.

Hedabide nazionala izanik, Jaurlaritzaren laguntza jasoko du BERRIAk datozen hiru urteetan. Hala ere, egunkari nazionalaren «berezitasunak» kontuan hartuta, laguntza deialditik atera egin du gobernuak, eta itun bat egingo dute BERRIAk eta Jaurlaritzak. Bihar aurkeztuko dute. Deialdiko irizpideak ezarriko dizkiote BERRIAri: gastuen %30 estaltzea. 2,3 milioi jasoko ditu urtean. Beste bide batzuetatik lortu beharko du, beraz, finantzaketa handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.