EAEko hezkuntza legea

Ituna egokitzat jo arren, zehaztasun handiagoa galdegin dute ikastolek

Argi-ilunak atzeman dituzte euskararen alorrean, eta 'Euskal Herria' kontzeptua ez aipatzea txarretsi

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko burua, ikasturte hasierako ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ados, baina ñabardura batzuekin. Ikastolen elkarteak «egokitzat» jo du Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza ituna, «ikastolen behar eta nahi guztiak asetzen ez dituen arren». Hitzarmenean jasotako neurri asko «norabide onean» doazela uste dute ikastolek, baina zehaztasun falta eta, are, kontraesanak atzeman dituzte beste zenbait puntutan.

Euskararen alorrean, adibidez, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasuna zehaztu izana txalotu du Ikastolen Elkarteak, ohar baten bidez adierazi duenez: «Lehen Hezkuntza amaitzean ikasleek B1 maila izango dute gutxieneko helmuga bi hizkuntza ofizialetan, eta B2 maila DBH amaitzerakoan. Guretzat, neurri garrantzitsua da, eta ikastolen aldarri historikoa ere bada». Horretaz gain, hitzarmenean «eredu inklusibo orokortua» jaso izana ere begi onez hartu du erakundeak, «ikastetxeek euskara lehenetsi beharko dutelako».

Hala ere, itunean «hizkuntzen tratamendu integratuari» eginiko aipamenak kezkaz hartu dituzte ikastolek, aurreko puntuari kontra egiten diotela iritzita: «Euskara ardatz duen sistema horretan, zehaztu beharko dira ardatz izatearen ezaugarriak [...]; alegia, euskarak izan behar du ikas-irakaskuntza prozesuetako hizkuntza, eta horrek legean bere isla izan behar du». Are: ikasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko «zehaztapenak definitu» behar direla gaineratu dute.

Hezkuntza itunduaren finantzaketari dagokionez, Ikastolen Elkarteak uste du «aurrerapena» dela Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera eta, bertan sartu ahal izateko, «ikastetxeek bete behar dituzten konpromisoak eta baldintzak hitzarmenean jasota egotea». Zerbitzu publikoan izanen diren ikastetxe guztiek «eskubide eta betebehar berak izateko» eta «doakotasun erreala ziurtatzeko» ideiekin ere bat egin dute ikastolek. Egutegi eta kronograma bat galdegin dute, zehazteko noiz eta nola ezarriko den finantzaketa modu berri hori.

Eskola segregazioa da Ikastolen Elkarteak nabarmendutako beste alorretako bat. Zehazki, hezkuntza itunean jasotako proposamenak txalotu dituzte oharrean, «aitzindariak eta anbizio handikoak» direla iritzita, eta prest azaldu dira «hezkuntza komunitatean elkarrizketa aktiboko prozesu bat bultzatzeko, 2023an eskola segregazioaren aurkako itun bat lortzeko helburuarekin».

Hutsunea, herri ikuspegian

Hezkuntza itunean jasotako neurrien artean, baina, «hutsune handi bat» atzeman du erakundeak: «Euskal Herriaren aipamena falta zaio». Ikastolen aburuz, Euskal Herria kontzeptua «euskararen herria baino askoz gehiago» ere bada: «Izaera, kultura, hizkuntza, balio eta nortasunarekin lotzen da, eta, nahiz eta agerikoa izan EAErako lantzen den lege baten inguruan ari garela, oihartzun bat izan beharko luke legean». Horregatik, Euskal Herria lantzeko deia egin du Ikastolen Elkarteak, «lurraldetasunaren ikuspegitik bezala, baita ikuspegi soziolinguistiko, kultural eta ekonomikotik ere». Proposatu dute, besteak beste, «susta daitezela harremanak, sareak eta proiektuak Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien artean», elkarlanaren bitartez, «hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko» xedearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.