Epaitegira deitu dituzte Skolae programa landu zuten bost aditu

Guztira hamar lagunek deklaratu beharko dute hezkidetza programaren aurkako salaketagatik. Solana kontseilariak «Sorgin ehiza» salatu du
ENDIKA PORTILLO / @FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko ekainak 7
Eskoletan bidea egiten ari da Skolae Nafarroako hezkidetza programa, baina haren aurkako salaketak ere bidea egiten hasi dira epaitegietan. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu ditu programan lanean ari diren hamar profesional: egitasmoa taxutu zuten bost aditu eta irakasleak trebatzen ari diren beste bost. Lekuko gisara deklaratuko dute, hilaren 14an. Gobernuak jakinarazi du epaitegira joango dela egun horretan, profesional horiei babesa agertzera. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak salatu du «sorgin ehiza» egiten ari direla.

Gobernuak hezkuntzaren arloan egindako apustu nagusietako bat da Skolae programa; «kultura berdinzalea» bultzatzea du helburu, eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziazio lana egitea. Eskuineko sektoreek, ordea, oso irmo jo dute egitasmoaren aurka: umeak «doktrinatu» nahi izatea leporatu diote gobernuari, eta kalean protestak antolatu dituzte. Gogoan izatekoa da Poliziaren babesean jarri zutela Solana kontseilaria; besteak beste, bulegora sartu, eta pintaketak egin zizkioten.

Epaitegietan abiatu zuten beste bide bat. Bi salaketa ipini dituzte Skolaeren aurka. Bat, Plataforma Nacional 18M izeneko taldeak —Juan Jose Cortes PPko diputatua da hango presidentea—; bestea, familia batzuek. Epaileak tramiterako onartu zituen bi salaketak, eta auzibidea martxan da. Testigantzak biltzen hasiko da epailea.

Arduradun politikorik ez

Lekukotasun eskarietan izan dira berritasunak. Salaketa jarri zuen plataformak ez du testigantzarik eskatu azkenean, eta familiek hamar lagun epaitegira joatea galdegin dute. Horietako bost Skolae proiektua taxutzen aritu ziren, eta beste bost tutore lanetan ari dira, programa ematen ari diren eskoletako irakasleak trebatzen.

Kontua da tutore lanetan ez direla bost horiek soilik ari: 33 trebatzaile daude Skolaen. Nolatan deitu ote dituzten bost, kontuan izatekoa da UPNk eta PPk zerrenda bat eskatu ziotela gobernuari parlamentuan: Skolaen lanean ari direnen datuak. Uste izatekoa da salatzaileek hautaketa zehatz bat egin dutela zerrenda hori oinarri hartuta. Tartean ez dago gobernuko arduradun politikorik.

Hilaren 14an, epaitegi aurrean izango dira ordezkari politikoak. Proiektuan lanean ari diren profesionalak jomugan jarri izana salatu du Hezkuntza Departamentuak. Salaketa jarri duten familiak saiatu ziren Skolae proiektua eteten, auzibidea argitu arte geldiarazten, baina epaitegiek atzera bota zuten eskaria, argudiatuz «interes orokorra» lehenetsi behar dela era horretako kasuetan.

Eta zabaltzen ari da proiektua. Gaur-gaurkoz 116 eskolatan dute martxan jarria, eta 2.200 irakaslek jaso dute prestakuntza —jardunaldi bat egin zuten atzo Skolaeri buruz, eta han eman zituzten datuak—. Gobernu aldaketak programa kolokan jarriko ote duen, Solanak nabarmendu du Skolaeren aldekoa dela parlamentuko gehiengoa. «Oso zaila da gehiengo horren aurka jotzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna