Klima larrialdira egokitzeko 40 proiektu iragarri ditu Jaurlaritzak

Berotegi efektua dakarten gas isuriak %40 murriztea da helburua. 19,8 milioi euro inbertituko dituzte, eta %51 Europako Batasunak jarriko du

Programaren aurkezpena, atzo goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urban Klima 2050 Life proiektu integratuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa klima larrialdira egokitu nahi ditu, eta haren ondorioak arindu. Horretarako, 40 ekintza eta proiektu jarriko dituzte martxan, berotegi efektua eragiten duten gasak 2030erako %40 murrizteko helburuarekin. Atzo Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak aurkeztu zuen proiektua Bilbon. Horren bidez, hiri inguruek duten eragina ikertuko dute, baita ekintzek nolakoak izan behar duten eta non eta noiz egin behar diren ere. 19,8 milioi euro inbertituko dira, eta %51 Europako Batasunak finantzatuko du. «Klimaren aldeko proiekturik handiena», horrela definitu du Eusko Jaurlaritzak, eta klima larrialdiaren inguruan «esperientzia handia» daukaten hogei enpresaren esku egongo dela aurreratu dute.

Ekintza zehatzak egingo dituzte, eta hiru eremutan egongo dira zentratuta: kostaldean, ibaien arroetan eta hiri inguruetan. Bertan, kaltetuta dauden eremuak berreskuratuko dituzte. Horretarako, bizikleta elektrikoen sare publikoak martxan jarriko dituzte Araban eta Urdaibain; mahastien inausketaren hondakinak erabiliko dituzte Arabako Errioxan biomasa modura; «naturan oinarritutako irtenbideak» bilatuko dituzte Bilboko, Gasteizko eta Donostiako hiriguneetarako; eraztun berde bat egingo dute Debabarrenean: sistema hidrotermal bat jarriko dute Urdaibain (Bizkaia); autokontsumoa sustatuko dute Donostian; uholdeak eragozteko neurriak ezarriko dituzte Bakion (Bizkaia), Donostian eta Araban; eta Lagako (Ibarrangelu, Bizkaia) hondartzaren leheneratze integrala bilatuko dute. Gainera, zentro bat eraikiko dute, klima larrialdiarekin zerikusia duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu guztiak eta informazioa koordinatzeko. Proiektu horietarako 19,8 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta egitasmoan parte hartzen duten hogei erakundeek beste 625 milioi euroko ekarpena egingo dute.

Arriolak azpimarratu du Europako Batasunak horrelako proiektu bakarra onartzen duela deialdi, arlo eta herrialde bakoitzeko, baina salbuespen bat egin duela: «Espainia mailan Life integratu bat badagoen arren, klima aldaketa mugatzeko eta horretara egokitzeko, hain zuzen Nafarroan, salbuespen moduan Euskadik egindako proposamena ere onartu egin du».

Ihobe enpresa publikoak gidatuko du proiektua, eta hogei erakundek parte hartuko dute: hiru lurraldeetako foru aldundiek; Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernikako (Bizkaia) eta Zarauzko (Gipuzkoa) udalek; Eusko Jaurlaritzako eta udaletako hainbat sozietate publikok Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila; Osasun Saila; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila; Ingurugiro Gaietarako Ikastegia; Uraren Euskal Agentzia; Energiaren Euskal Erakundea; eta Euskalmet; ikerketako eta teknologiako zentro batzuek Azti, Bc3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun; eta NaturKlima fundazioak.

Sei erronka

Proiektuak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari klima larrialdiaren ondorioak arintzen lagunduko dieten neurriak proposatzen ditu. Horiek lortzeko, hainbat erronka ezarri dituzte: zeharkako ekintzak eraikitzea, erresilientzia tresnak hirietan eta herrietan sartzeko; administrazioa eredugarri izatea lortzea klima larrialdiaren aurkako borrokan; ekintza berritzaileak egitea, interesatzen den eremuetan ezartzeko; ezagutza sortzea, erabakiak hartzeko orduan erabiltzeko; parte hartze prozesuak egitea, funtsezkoak diren eragileekin eta herritarrekin konponbideak diseinatzeko; eta herritarrak ahalduntzea lortzea, ingurumenarekin konpromiso iraunkorra izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.