Koronabirusa munduan

Latinoamerika transmisioaren «eremu gorria» dela dio OMEk

Munduan, positibo berriek goranzko joerari eusten diote. Brasilgo egoerak kezka eragin du

Denda bat irekita, Brasilen. JOEDSON ALVES / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Herrialde ugari pandemia dela-eta ezarritako neurriak arintzen hasiak badira ere, koronabirusak ez du etenik, eta kasu berriek goraka jarraitzen dute. Herenegun COVID-19ak munduan sei milioi kutsaturen langa gainditu zuen, baina, horrez gain, izan zen beste datu kezkagarririk ere. Izan ere, orain arte egun bakar batean atzemandako kasu gehien erregistratu zuten: 119.000 baino gehiago. Egoera horretan, azken asteetan Latinoamerikan jarrita dago arreta; bertako herrialdeak astintzearekin batera, kutsatuen kurbak goraka jarraitzen duelako. Hala, aste honetan OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen Latinoamerika bilakatu dela birusaren transmisioaren «eremu gorria».

Mike Ryan OMEko Osasun Larrialdietarako zuzendari nagusiaren arabera, eguneko kasu gehien atzematen duten munduko hamar herrialdetatik lau Latinoamerikan daude: horiek Brasil, Peru, Txile eta Mexiko dira. Gainera, Ryanek pandemiaren hedapen azkarra azpimarratu zuen Argentinan, Kolonbian eta Bolivian, nahiz eta horietako «zenbakiak ez izan esponentzialak», eta, bereziki kezkatuta agertu zen osasun sistema ahulak dituzten inguruko estatuekin. Haitirekin, esaterako: han, dagoeneko 2.200 kutsatu baino gehiago atzeman dituzte, eta ia 50 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz.

«Latinoamerikan egoera ez da batere egonkorra, eta kasuen gorakada azkarra izan da», ohartarazi zuen. Bada, badagokezka eragiten duen beste elementurik ere. Jakinarazi dutenez, pandemiak Amerikan oraindik ez du gailurra jo, eta,beraz, ziurrenik okerrera egingo du egoerak. Birusa hainazkar transmititzea bultzatzen ari diren faktoreetako batzuk dira hiriguneetan pertsona ugari bizitzea eta bertako pobrezia handia izatea.

Elkarlanean aritzeko beharra ere azpimarratu zuten: «Inor ez dago salbu denak salbu egon arte».

Estatistikei erreparatuta, Latinoamerikan milioi bat kutsatutik gora hauteman dituzte, eta 50.000 lagun baino gehiago hil dira. Hala ere, alde handiz oraindik AEB Ameriketako Estatu Batuek dute positibo gehien: 1,82 milioi inguru. Han daude hildako gehien ere: 105.000.

Neurriak arintzen

Hainbat erakunde arduratuta agertu dira Latinoamerikako egoerarekin, baina nagusiki Brasilek piztu du kezka. Munduan kasu gehien atzeman dutenen artean bigarren herrialdea da, eta goranzko joeran jarraitzen dute positiboek. Jadanik 526.000 kasu detektatu dituzte.

Hala ere, presio ekonomikoak bultzatuta, estatu batzuetan hasiak dira konfinamendu neurriak arindu eta jarduerak berraktibatzen. Sao Paulo da horietako bat, herrialdeko motor ekonomikoa. Hain justu, koronabirusak gehien erasan dion estatua da, Brasilgo populatuena. Estatu horrek ez ezik, osasun krisiak gogorren jo dituen beste estatu batzuek ere bide bera hartu dute: Cearak, Amazoniak, Parak eta Rio de Janeirok, kasurako.

Brasil hegoaldeko estatuek, aldiz, gutxien kaltetuak izan direnak, joan den astean hasi zituzten martxan jartzeko prozesuak.

Leuntze fasea, baina, garai kritikoan hasi dute, eta hainbat instituziok arinki jokatzea egotzi diote Brasili. Espero dute Brasil uztailean iritsiko dela kutsatuen gailurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.