Kattalin Miner.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Dirua nora, gorrotoa hara

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Madrilgo metrotik omen dator notizia: «Migrante adingabe bat zure amonatxoaren pentsioa baino askoz ere garestiago ateratzen zaizu». Baina Madrilen gertatzen dena, tamalez, ez da inoiz Madrilen bakarrik geratzen, eta nago beste askoren garunera ere sartu direla zifra faltsutu horiek.

Nik ez daukat ideiarik zenbateko «kostua» duen migrante adingabe bati oinarrizko beharrak eta oinarrizko eskubideak bermatzeak, baina kostua dena delakoa dela ere, argi daukat beharrezkoa dela eta ez dela nahikoa. Zaila da, ordea, alderaketa maltzur eta bideratuei ihes egitea, gurean ere entzun izan baititugu sarri halako kanpainak, ultraeskuina ez den alderdi eta komunikabide batzuen eskutik.

Gurean ere, askotan entzun baitugu laguntza sozialera bideratutako partiden kopuruak neurriz kanpokoak direla, pentsioak igotzea gure ekonomiarentzat jasanezina dela, edota oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak zulatzen dituela aurrekontuak. Baina behin alderatzen jarrita, garrantzitsua da «asko» eta «gutxi» terminoak erlatibizatzen ikastea. Izan ere, batzuentzat asko dena lau peztatan geratzen da, adibidez, Eurokopa bat hirian hartu nahi izateak duen alferrikako kostuarekin alderatzen badugu. Edota Ertzaintzaren uniformeak berritzearekin, enpresak ixten dituzten artean enpresarientzako laguntzak ematearekin, inork behar ez duen metro baten zuloa egitearekin. AHTa izaten ari den obszenitatea ahaztu gabe.

Baina demagogiak alde batera eta bestera egiteko beharrik gabe, Donostiara ekarri nahi zaituztet, hain zuzen, hain garesti ateratzen zaizkigun migrante horiei buruz une batez hitz egiteko. Izan ere, badira sei hilabete baino gehiago Parte Zaharrean eta Egian bizilagun talde batek, gauero-gauero, hamarnaka pertsonari jaten ematen diela. Ez, hain zuzen, egiteko besterik ez dutelako, baizik eta «kale-egoera» eufemismoan bizi diren horientzako, COVID19a dela eta, negu gorrian aterpetxeak itxi zituztelako bat-batean.

Pandemia egoera honek lehendik zaurgarrienak zirela kolpatu dituela diogunean halakoez ari gara. Izan ere, ez dakit norainoko kutsatze-arriskua duen aterpetxeak irekita edukitzeak, batez ere, fabrika, anbulatorio, enpresa, eskola, jatetxe, hotelekin alderatuta. Ez dakit zein gainkostu izango lukeen segurtasunez zerbitzua mantendu ez ezik, indartzeak. Baina ziur baino ziurrago dakidana zera da: aterpetxeak itxita mantenduz aurreztutako dirua ez dela inondik inora joan—Madrilgo metroko kartelak iradoki dezakeen gisan— inoren amonatxoaren pentsioak loditzera. Beraz, dirua nora doan horrek gorrotoa sortzen badizu, gutxienez, ez zaitez norabidez erratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.